Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzeko 4 milioitik gora inbertituko dira

Gipuzkoako enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzeko 4 milioitik gora inbertituko dira

Lurraldeko ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzeko diru laguntza deialdia onartu du Gobernu Kontseiluak

Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasuna indartzea sustatzeko programaren diru laguntzak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. 4.133.602,45 eurorekin egongo da hornituta aurtengo deialdia. Lurraldean susperraldi ekonomikoa finkatzen laguntzea du xede programak, portaera enpresarial aurreratu eta jasangarriak sustatuz, eta gure politika industrialek eta ekonomikoek dituzten nortasun ezaugarriak indartuz. “Azken finean, gure enpresen lehiakortasuna eta indarguneak bultzatu nahi ditugu, aberastasuna modu jasangarrian sortu, eta pertsonen etorkizuneko ongizatea bermatuko duen Gipuzkoa eraikiz”, nabarmendu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Pasa den urtean, 103 enpresa eta entitatek jaso zuten babesa 120 proiektu garatu ahal izateko programa honen bitartez. Hauexek dira diruz lagunduko diren lan ildoak 2017an: adimen lehiakorraren erabilera txertatzeko eta sistematizatzeko proiektuak -330.000 euro-; enpresen eraldaketa produktuen, zerbitzuen eta negozio ereduen dibertsifikazioaren, desberdintasunaren eta balio ekarpenaren bidez -1.319.351,70 euro-; enpresa jardueren jarraipena sustatzea -457.630 euro; enpresen arteko lankidetza dinamikak egituratzea - 1.200.000 euro-; eta  sustapen sozioekonomikoaren gehikuntzan eskualde ikuspuntuaren ekarpena bultzatzeko proiektuak -826.620,75 euro-.

Programak laguntza ematen die enpresei askotariko eraldaketa eta dibertsifikazio prozesuak garatzerakoan, horiek ezinbestekoak baitira geroz eta testuinguru globalizatuago eta leihatuagoan. Enpresetan adimen lehiakorra integratuta, balio estrategikoa duen inguruneari eta konpetentziari buruzko informazioa lortu, aztertu, interpretatu eta hedatzeko prozesuak garatu nahi dira erabakiak hartzen dituztenei helarazteko, une egokian. Balioaren alorretako aukerak eta gaitasunak eraldatzeko atalean, bestalde, hazkunderako aukerak identifikatzen dira.

Enpresa jardueren jarraipena bermatzeari dagokionez, Lasak gogorarazi du “enpresa bat sortu eta hazi ondoren, transmisioa bere bizi zikloaren funtsezko hirugarren fasea” dela: “Aholkularitza eskatzen duen fasea da sarritan”. Enpresa arteko lankidetza dinamikak gauzatzeko alorraren harira, nabarmendu du “gero eta konplexuagoak diren egoeren aurrean, konplexutasun handiagoarekin” erantzun behar dela, “eta konplexutasunak elkarlana eskatzen du, zer esanik ez Gipuzkoa lurralde txikia dela, eta hemen elkarlan praktika onen adibide ugari dauzkagula aintzat hartuta”.

Gaur onartutako programa, “enpresa eta enplegu gehiago eta hobeak sortzera” bideratutako Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan kokatzen da, Gipuzkoa industriala eta leihakorra finkatzea xede duena, enpresa txikiak kontuan hartuz, eta etorkizuna duten sektore ekonomikoak hobetsiz, hainbat alorretan: bideragarritasunean, ondorengotzan, produktu merkatuaren estrategian, dimentsioan, hazkundean, kudeaketan, etab. Estrategia horrekin, Aldundiak “eragile aktiboa” izaten jarraitu nahi du susperraldi ekonomikoaren alde egiteko eta gure ekoizpen ehuna indartzeko lanean, “hori baita gizarteak eskatzen diguna”: “Enpresentzat horren beharrezkoak diren eraldaketa prozesu horiek gauzatzeko baldintzak eta guneak ager daitezela sustatzea da gure egitekoa, hau da, beste eragileen lana erraztuko duen katalizadorea izatea”.

Programaren oinarriak, bete beharreko baldintzak eta lan ildo bakoitzaren xehetasunak laister argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta Aldundiaren sare sozialetako profilen bidez zabalduko dira ere.

Artikutzako errepidea

Bilkura berean, Kontseiluak oniritzia eman dio Bide Azpiegituretako departamentuak Oiartzun–Artikutza errepideko zoruaren egitura konpontzeko martxan jarritako proiektuari. Zehazki, GI-3631 errepidearen 0’740 eta 2’720 puntu kilometrikoen artean egingo dira lanak. Oraingo zoruak duen egituraren gaitasuna handitu nahi da,  aurreikusitako trafikoaren eraginetara egokitzeko. Aldi berean, egituraren funtzionaltasunaren ezaugarriak hobetu (segurtasunari eta erosotasunari dagokienez) eta zoru osoa babestu nahi da iraunkortasunaren, iragazgaiztasunaren eta uniformetasunaren ikuspegitik.

Aurrekontua 463.866,65 eurokoa da eta obrek hiru hilabete iraungo dute. Lasak azpimarratutakoaren arabera, Gipuzkoak dituen “altxorretako bat” da Artikutza, eta parkeak milaka bisitari jasotzen ditu urtean zehar, “naturaz, paisaiaz edo ondareaz” gozatzera doazenak. Gainera, kontuan hartu behar da errepideak mendizale asko erakartzen dituen beste gune batera ere badaramala, Bianditzera. Horrenbestez, nahitanahiezkoa da “sarbide duinak” edukitzea eta ibilgailuen joan-etorriak sortutako ondorioei aurre egitea.

Arreta sozio-sanitariorako 5 plaza gehiago

Azkenik, Kontseiluak erabaki du Cruz Roja erakundearekin 2017ko urtarrilaren 24an sinatutako kontratu-programa aldatzea, Donostiako Matia kaleko egoitza unitate soziosanitarioari dagokionez, aurtengo ekainaren 1etik aurrera hitzartutako 5 plaza gehitzeko.  116.623,61 euroko inbertsio gehigarria ekarriko du aurten neurriak, eta zerbitzu honetan itxarote zerrenda murriztea ahalbidetuko du, plazen eskaintza 73ra handituz. Arlo sanitarioaren eta sozialaren esku-hartzea eskatzen duten arazoak dituzten pertsonei ematen zaie arreta bertan.

 “Aldundiak konpromiso sendoa agertu du bere esku dauden baliabide guztiak erabiltzeko, inor bazterrean gera ez dadin, eta horrek suposatzen du egoera ahulenean dauden gipuzkoarrei arreta ematea”, azaldu du bozeramaileak. Hirugarren sektorearekin elkarlanean, 2019ra bitartean 300 plaza berri sortzeko apustuaren barruan kokatzen da erabakia, mendekotasunaren alorrean dauden behar gero eta handiagoei aurre egin ahal izateko. 

  

1670