Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Foru Aldundia Bonngo Klima Aldaketaren Goi Bileran (COP23) parte hartzen ari da

Gipuzkoako Foru Aldundia Bonngo Klima Aldaketaren Goi Bileran (COP23) parte hartzen ari da

Asensio: “Hondakinen arazoa bideratuta, ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena Klima Aldaketa da”

2017/11/14

Gipuzkoako Foru Aldundia Bonngo Klima Aldaketaren Goi Bileran (COP23) parte hartzen ari da, Gipuzkoan abian jartzekoa den Klima Aldaketaren Zentroaren eredua aztertzeko.

 

Ingurumen Departamentuak 1.500.000  euro xedatuko ditu klima aldaketaren programa garatzeko.

 

Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio egun hauetan Bonnen egiten ari den Klimaren Goi Bileran (COP23) parte hartzen ari da Elena Moreno, Eusko Jaurlaritzako Sailburuordearekin batera. Bidaiaren helburua klima aldaketari aurre egiteko estrategiak aplikatzeko ikuspegi eta esperientziarik aurreratuenak ezagutzea da, eta, orobat, etorkizuneko Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroan aplikatzeko aukerak aztertzea. Zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu estrategikoen artean dago, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, eta 2018an sortzekoa da, Gipuzkoako trantsizio energetikoa eta energia berriztagarrien garapena aztertzeko, besteak beste.

 

José Ignacio Asensiok nabarmendu du Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroak hiru jarduera ardatz izango dituela: behatoki bat sortzea, aldaketa klimatikoak Gipuzkoan duen eragina aztertzeko eta kontrolatzeko; ekonomia zirkularra sustatzea; eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko baterako trantsizioa egitea.

 

 Zentro berria egiteko, Ingurumen Departamentuak 800.000 euroko partida bat ezarri du 2018rako; kopuru horri 2017an politika horietara xedatutako 700.000 euroak gehituta, datorren urtean 1.500.000 euro izango dira guztira. Asensiok inbertsio hori justifikatu du “hondakinen arazoa bideratuta, ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena klima aldaketa delako”.

 

Gipuzkoako ordezkaritza Bonngo Goi Bileran (COP23) parte hartzea Ingurumen Departamentuak aurten abian jarri duen Klima Aldaketaren programaren barruan kokatzen da, non hainbat ekimen egiten ari diren. Besteak beste, aipatzekoa da egin berri den Ecoplayas hondartzen nazioarteko biltzarra; bertan, berotze globalak gure itsasertzean duen eragina eta udalei tresnak eskaintzeko beharra aztertu da, udalerriei aukera emateko beren hondartzak klimaren aldaketetara egokitzeko politikak abian jartzeko. Gazteekin ere topaketak egin dira sentsibilizatzeko eta Foru Aldundiak esparru horretan egiten dituen politika eta estrategiei buruz duten iritzia jasotzeko. Era berean, ildo horretan kokatzen dira, hain zuzen, argindarra aurrezteko sustatzen dituen ekimenak (Argitu programa), eraikuntza publikoetan energia berriztagarriak ezartzeko sustatutakoak, hondakinen prebentziorako garatutako estrategiak, eta Birziklatzearen Klusterra sortzea. Klima aldaketari buruzko foru programaren helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz.

  

1480