Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen zentro berri bat irekiko du 2019an, Irungo Arbesen
Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen zentro berri bat irekiko du 2019an, Irungo Arbesen
Zentro berriak hainbat plaza eskainiko ditu: 130 egoitza plaza mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat, 30 plaza eguneko zentroan, eta 60 tutoretzapeko apartamentu
Markel Olano diputatu nagusiak gaur iragarri duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoentzako egoitza zentro berri bat eraikiko du Irungo Arbesen. Zentro berriak 130 egoitza plaza eskainiko dizkie mendekotasun egoeran dauden adinekoei, eta horietatik 20k psikogeriatria unitate bat osatuko dute. 2019an irekiko den zentro berri honek mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako 30 plaza eskainiko ditu eguneko zentroan edo eguneko laguntza zerbitzuan, eta, gainera, lur azpiko aparkaleku bat izango du. Horiez gain, tutoretzapeko 60 plaza eskainiko ditu –lehentasunez 1. graduko mendekotasuna duten adinekoei bideratuak–, eta beste 26 plaza ere eskainiko dira apartamentuetan, desgaitasunen bat duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko.
Arbesko zentro berria Irungo Udalarekin sinatu den hitzarmenaren emaitza da, eta horri esker udalak lursaila lagako du eta haren eskumenekoak diren tutoretzapeko apartamentuak finantzatuko ditu. Egoitza berri horrek eguneko zentro edo zerbitzu bat izango du desgaitasunen bat duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat; eta, behin betiko proiektuak ahalbidetuz gero, barne hartuko du desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia pertsonala lantzeko edo gizarte laguntzako beste erabilera batzuetarako zentro bat ere, bi erakundeek hala adostuko balute.
Diputatu nagusiak eta Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak gaur goizean iragarri dute zentro berria, Hondarribian dagoen Caser Residencial Betharram zentrora egin duten bisitan. Zentro horrek hitzarmena du Foru Aldundiarekin (119 plaza hitzartu), eta 96 plaza eskaintzen ditu adinekoentzako egoitzan –horietatik 74 GFArekin hitzartutakoak–, eta beste 30 plaza, berriz, tutoretzapeko apartamentuetan. Azken horietatik 6 plaza itunpekoak dira, eta GFAk buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzat erreserbatzen ditu. Gainera, zentroak 30 plaza eskaintzen ditu eguneko zentroan, eta adinekoentzako bi psikogeriatriako unitate ditu, 15 plazakoa bakoitza, horietatik 15 GFArekin hitzartuak. Halaber, buru nahasmendu larria dutenentzako egoitza unitate bat ere badu, eta GFArekin hitzartutako 24 plaza eskaintzen dira bertan. Hainbat arreta unitatek ostatutako zentro modular horren ezaugarriek egoiliarren zainketa eta erosotasuna ahalbidetzen dituzte, eta ezaugarri horiek izan dira, hain zuzen, zentrorako bisita eragin dutenak, “izan ere, eredu hori izango da Arbesen martxan jarriko duguna”, adierazi du diputatuak.
2015ean inauguratu zen Caser eguneko zentroak badu beste berezitasun bat ere: mugaz gaindiko hitzarmen bati esker, Iparraldean bizi diren pertsonek ere zentroa erabiltzeko aukera dute. Egun, Hendaian erroldatutako 6 lagun joaten dira zentroa. Bestalde, Caser eguneko zentroak psikogeriatriako eguneko zentroaren proiektua jarri nahi du martxan, narriadura kognitiboaz gain jokabide nahasmendua (normalean patologiari loturikoa) ere baduten pertsonak artatzeko. Izan ere, nahasmendu horrek ohiko arreta eman ahal izatea eragozten du, pertsonek ingurunearekin eta ingurukoekin duten harreman normala eteten baitu, bai etxean, baita eguneko zentro batean ere. Horri dagokionez, Maite Peñak azpimarratu du eredu “oso interesgarria” eta “esportagarria” dela, bai GFAk hitzartuta dituen beste zentro batzuetara, bai eta Arbesko etorkizuneko zentrora ere, eredu horrek erabiltzaileen eta horien familiakideen “bizi kalitatea hobetzen” lagunduko lukeelako, eguneko zerbitzu integral bat eskaintzearekin batera “etxean eta komunitate ingurunean geratzeko” aukera ere eskainiz.
80 urte baino gehiagoko 7.000 lagun
Gaur egun, 80 urtetik gorako 49.000 adineko lagun baino gehiago bizi dira Gipuzkoan, 2000. urtean halako bi; eta, aurreikuspenen arabera, 2026rako 56.000 izango dira, orain baino ia 7.000 gehiago. Bizi itxaropena haziz doa, eta hori berri bikaina da. Luzaroago bizitzearekin ez dugu aski, ordea, gizarte honek bizi kalitatea nahi baitu.
Hori guztia aintzat hartuz, Maite Peñak hau nabarmendu du: Gizarte Politikako Departamentuan “bide orri bat egin dugu zahartzearen erronkari aurre egiteko eta horretan buru izateko”. Erantsi du, gainera, horretarako ezinbestekoa dela “prebentzioari arreta jartzen dioten neurriak laguntzea, zahartze aktibo bat lortzeko eta mendekotasunaren arretak autonomia pertsonala benetan sustatu dezan”.
“Badakigu adineko pertsonen % 80k etxean jaso nahi duela arreta, eta hori lehentasunezko helburu bihurtu da Aldundiarentzat. Horregatik sustatzen eta indartzen dugu gure adineko pertsonak etxean bertan kalitatez artatzea ahalbidetzen duen zerbitzu oro”, adierazi du diputatuak, eta gogorarazi du joan zen asteartean GFAk eta lurraldeko udalek hitzarmena egin genuela ELZ (Etxeko Laguntza Zerbitzua) % 50ean finantzatzeko”. Zerbitzu horren bidez, zaintza beharra duten 4.800 lagun artatzen dira beren etxeetan.
Azkenik, eta Gipuzkoako herritarren zahartzeari erreferentzia eginez, hauxe adierazi du diputatu nagusiak: Gipuzkoan, “estrategia integral batekin egin diogu aurre, eta, besteak beste, 300 plaza gehiago sortuko ditugu progresiboki legealdi bukaera arte, horrela egoitzetan plaza eskatu duten pertsonen itxaron zerrenda murriztuz joateko”. Oraingoz, 141 plaza berri sortu dira, eta aurten, gutxienez, beste 68 plaza sortuko dira. Horrekin lotuta, Foru Aldundiak ia 60 milioi euro gastatuko ditu aurten mendekotasunerako prestazioetan. Gaur egun, Gipuzkoan, 16.000 lagunek jasotzen dituzte mendekotasunari lotutako prestazioak, 1.500 eguneko zentroetara joatean dira, 715ek aldi baterako egonaldiak egiten dituzte, eta 2.800ek laguntza produktuak eta etxea berriztatzeko laguntzak jasotzen dituzte. Horiekin batera, urtean 6.000 laguni ematen zaie arreta gure lurraldeko egoitza zentroetan.
Halaber, diputatu nagusiak gogorarazi du, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, Foru Aldundia egoitza bat irekitzekoa dela Pasaian, “zahartzaroaren eta osasunaren arloan punta-puntakoa izango dena”, eta laguntza zerbitzuak hobetzeko prozesu berriak aztertuko dituena. Maite Peñak gaineratu du laster “proiektu esperimental bat jarriko dugula abian etxeko laguntza zerbitzua indartzeko, inolako zalantzarik gabe, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa ezinbestekoak baitira gizarte politiketan aurrera egiteko eta zahartzaroak dakarren erronkari arrakastaz erantzuteko”.
beste 26 plaza ere eskainiko dira apartamentuetan, desgaitasunen bat duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko
2022