Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala ekimena aurkeztu du Debagoienan
Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala ekimena aurkeztu du Debagoienan
40 bat pertsona hurbildu dira Bergarako informazio-saiora, lehen sektorearen belaunaldi-erreleboa bermatzeko helburuarekin foru-erakundeak lurraldean abian jarri duen ekimenari buruz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuko ordezkariak Bergarara hurbildu ziren atzo, Debagoienako eskualdeko herritarrekin Baserritar Misto Profesionala ekimenari buruzko xehetasun gehiago emateko. Foru Erakundeak ekimen hori abian jarri du lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin.
Ekimen honen bidez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, %50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.
Programaren xehetasunak
Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.
Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko.
Informazio saioak
40 bat pertsona hurbildu ziren Bergarako udaleko pleno aretora ekimen honen inguruko xehetasunak ezagutzera eta gai posibleak argitzera.
Datozen egunetan horrelako saioak errepikatuko dira Gipuzkoako beste eskualde batzuetan, herritarrei Baserritar Misto Profesionalari buruzko informazio gehiago helarazteko.
• Hernani: Urriaren 30ean, asteazkena, 18:30ean, Sandiusterriko Areto Nagusian.
• Elgoibar: Urriaren 31n, osteguna, 18: 30ean, Aita Agirre Eraikineko Areto Nagusian.
Saio horiez gain, webgune honetan informazio gehiago aurki daiteke: www.gipuzkoa.eus/baserritarmistoprofesionala
Era berean, Aldundiak posta elektronikoko helbide bat jarri du herritarren eskura, zuzenean harremanetan jarri ahal izateko gairen bat planteatzeko edo programan parte hartzeko interesa izanez gero: bmp@gipuzkoa.eus
4191