Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tecnunek lankidetza estutu dute etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tecnunek lankidetza estutu dute etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako zuzendariarekin, Raul Antonekin, elkartu dira gaur goizean Markel Olano diputatu nagusia eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatua
Lurraldeko unibertsitateekin egiten ari den lan-bileren testuinguruan, Markel Olano diputatu nagusiak Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Jabier Larrañagarekin batera, Raul Anton Eskolako zuzendariarekin elkartu da eta bi erakundeek dituzten lankidetza-ildoen balantzea egin dute. Besteak beste, mugikortasun berriari lotutako industria sustatzeko lurraldea egiten ari den ahaleginean Tecnunek egin dezakeen ekarpena aztertu dute, bai eta Etorkizuna Eraikiz programan duen parte hartzea ere, pandemiaren aurrean Gipuzkoako eta Euskadiko gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-erronkei aurre egiteko.
"Pandemiak areagotu dituen erronkei aurre egiteko garaian, ezinbestekoa da gure lurraldeko ezagutza zentroen ekarpena", adierazi du diputatu nagusiak, eta Tecnunek Etorkizuna Eraikizen esparruan egindako ekarpena "oso positibotzat" jo du. "Unibertsitateen ezagutza aurreraturik gabe, baita haien gaitasun berritzailerik eta talenturik gabe ere, bideraezina izango lirateke abian ditugun programak eta horrelako berrikuntza-gune kooperatibo bat eraikitzea", gaineratu du.
Bileran aztertutako gaietako bat izan da MUBIL Gipuzkoako Mugikortasun Jasangarri eta Adimenduneko Zentroari Tecnunek eskaini diezaiokeen balizko. Zentro horren behin-behineko egoitza Tolosako Usabal industrialdean ireki zen joan den asteazkenean. Raul Anton Tecnungo zuzendariaren hitzetan, "unibertsitatearen oinarrian dagoen balioa da gizartearentzako zerbitzua eta, beraz, ilusioz begiratzen du enpresa eta gizartea garatzen lagunduko duen zentro bateko kide izatea, berrikuntzan eta eragile arteko ezagutza-trukean arreta jarriz". Era berean, bisita baliagarria izan da Tecnunen instalazio berrituak bertatik bertara ezagutzeko, bai eta Eskola lantzen ari den proiektu berritzaile nagusiak ezagutzeko ere, "teknologia berriak ardatz hartuta". Antonek azpimarratu duenez, "Gipuzkoako gizartea hobetzen lagundu nahi duten tresnak dira", guztiak ere.
Etorkizuna Eraikizen esparruan, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak (Tecnun) adimen artifizialaren eta Big Dataren arloan lan egiten du, zahartze osasungarriaren esparruan aplikatzeko. Hain zuzen ere, Gipuzkoan mendekotasuna duten 65 urtetik gorako biztanleei buruzko hainbat iragarpen egitea proposatzen da, iragarpen horiek pertsona-talde horri arreta egokia emateko erabiltzeko. Halaber, Tecnunek barne-ekintzailetzari lotutako prestakuntza- eta berrikuntza-ekintzak sustatzen ditu.1797