Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Foru Aldundiak foro berri bat jarri du martxan Hirugarren Sektore Sozialarekin harremanak estutzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak foro berri bat jarri du martxan Hirugarren Sektore Sozialarekin harremanak estutzeko

Gipuzkoako Elkarrizketa Zibileko Mahaiak lankidetzarako gune gisa hasiko du bere ibilbidea, Gipuzkoako Hirugarren Sektoreko sareen ordezkariekin

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean egin den lehen bileran eratu da Gipuzkoako Elkarrizketa Zibileko Mahaia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko organo berri bat, lurraldeko hirugarren sektorearen parte-hartzea sustatu eta egituratzea helburu duena eta foru erakundearen plan eta programak osatzeko balioko duena. Mahaiak, alde instituzionaletik, Diputazioko eta EUDELeko ordezkariez osatzen da; eta hirugarren sektoreko 17 erakunde-saretako ordezkariz, elkarteei dagokienez. Horrela, "Aldundiak bultzatzen dituen politika publikoak hobetzeko eta berritzeko gune berri bat aktibatuko da, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Sozialarekin harremanak estutuko dituena", Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuaren arabera.

Gaur Donostian egin den topaketan, Zainketa eta Gizarte Politiketako Sailak datozen bi urteetarako eratu duen ibilbide-orriaren zirriborroa aurkeztu da, baita Gipuzkoako boluntariotzako erakundeen diagnostikoa eta gizarte ekimenerako laguntzen deialdi berriaren oinarri arautzaileak ere. Horrela, kontsulta-izaerako elkarrizketarako eta lankidetzarako gune berri hau eratu da, "erabat egonkorra, bi norabidekoa eta operatiboa" izango dena, Peña foru diputatuaren hitzetan.

Era berean, gizarte-elkartasuna eta pertsonen parte-hartze soziala, gizarte-eskubideak, inklusioa eta gizarte-kohesioa sustatzen dituzten erakunde horien kontraste- eta orientazio-lanari esker, hirugarren sektoreko erakundeen sareekin eta kolektibo bat ordezkatzen duten erakundeekin hitz egitea bultzatuko da, sare egituraturik ez daukaten kasuetan.

Gipuzkoako hirugarren sektore osoa

Horrela, Mahaian lurraldeko gizarte ekimeneko erakunde hauetako ordezkariek hartuko dute parte: Astialdi Sarea, GGKEak, EAPN Euskadi, EHLABE, Elkartu, Euskal Gorrak, Agijupens, GKEF-FDAG, Fevas, Gizatea, Harresiak Apurtuz, Hedatzen, Sargi, Lares, Reas Euskadi, Hirukide eta Mariren Alabak. Maite Peñak azaldu duenez, mahaiak, batez ere, "hirugarren sektore sozialari zuzendutako politiken ildo nagusiak definitzen lagunduko du, eta arlo komunei buruzko hausnarketa partekatuak bultzatuko dira, eta, aldi berean, haien behar eta eskaerei bide emango zaie".

Lehen topaketa honetan, espazio berri honen egitura zehaztu da: Lehendakaritza eta lehendakariordetza bat izango ditu, lau bokal Diputazioaren ordezkari gisa (Zaintza eta Gizarte Politiketako sailetakoak, eta Gobernantzakoak, Herritarren Partaidetzaren bidez) eta EUDELek; bokal bat hirugarren sektoreko sare bakoitzeko; bi bokal saretuta ez dauden hirugarren sektore sozialeko erakundeen ordezkari gisa eta idazkaritza.

  

4075