Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera espezializatuko 10 familia gehiago lortu nahi ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera espezializatuko 10 familia gehiago lortu nahi ditu
Gizarte Politikako foru diputatuk, Maite Peñak, berretsi egin du Gipuzkoak harrerako modalitate espezializatua indartzeko egin duen apustua, “gure ingurune osoan aitzindaria dena”.
Gaur egun, Gipuzkoan 378 haur eta gazte bizi dira harrera familietan; horietatik, familia zabalaren modalitatean 101 bizi dira, familia boluntarioetan 258 eta familia espezializatuetan 19. Gipuzkoa lurralde “aitzindaria” da babesgabetasun egoeran dauden adingabeen arretan, eta lehena da familia-harrera espezializatuaren modalitatea bultzatu duena, duela 15 urte, 2008an. Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, adierazi du Gipuzkoako harrera sistema oso sendotuta dagoela babes figura gisa, 34 urteko ibilbidearekin, eta “erreferente eta aitzindaria dela gure ingurune osoan, batez ere, harrera espezializatua”.
Azken urteotan, hainbat autonomia erkidegok eta erakundek interesa agertu dute babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak hartzeko programa horri buruz gehiago jakiteko. Agintzarirekin batera Gipuzkoan garatutako programa da, pixkanaka erreferente bihurtu dena. Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat topaketa eta bilera egin ditu azken urte eta hilabeteetan jardunbide egokiak transferitzeko eta modalitate hori lurralde gehiagotan garatzen eta ezartzen laguntzeko.
Zentzu horretan, diputatuak positibotzat jo du Eskubide Sozialak eta 2030 Agenda Ministerioak bultzatutako estrategia, harrera-mota hori gero eta komunitate gehiagotara zabaltzeko eta, horrela, babesgabetasun-egoeran eta kalteberatasun handiko egoeran dauden adingabeak hobeto artatu ahal izateko.
Duela urte batzuetatik hona, Aldundiak harrera espezializatuan jarri du arreta; izan ere, “badira premia bereziak dituzten haurrak, profil berezituko familiak behar dituztenak”. Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea arlo gizarte edo osasun arloan, "gehien behar duten" adingabeei arreta emateko eta haiekin esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Hori dela eta, Peñak azaldu duenez, “familia boluntario gehiago behar badira ere, arreta berezia jartzen dugu harrera familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonengan”.
Pixkanaka, gero eta familia gehiagok bere burua eskaintzen du premia bereziak dituzten adingabeak hartzeko. Duela sei urte, 2018an, Gipuzkoan 11 familia espezializatu zeuden, gaur egun 8 gehiago dira, beraz, 19 guztira, eta beste bi daude familia espezializatu gisa sartzeko prestakuntza-prozesuan. Epe ertainerako helburua harrera-tipologia horri 10 familia gehitzea da.
Maite Peñak gaineratu duenez, familia harrerak aukera “ezin hobea” eskaintzen die adingabeei; horregatik, Aldundiak babes figura hori sendotzen jarraituko du, “guztion artean bultzatzen jarraitu behar dugun aktibo sozial eta komunitarioa baita”. Gainera, azpimarratu du Gipuzkoan lankidetzan dihardugula, sareak ehuntzen eta artatzen ditugun pertsonen onerako izango den ezagutza batera sortzen; horregatik, eskerrak eman dizkie arlo horretan lan egiten duten elkarte eta erakundeei, hala nola Agintzari, Lauka, Beroa eta Baketik elkarteei. Halaber, familien lana, erantzukizuna eta elkartasuna aitortu eta eskertu nahi izan ditu, eta parte hartzera eta Gipuzkoan familia harreragileen kopurua handitzera animatu du.
943 112522
2481