Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Volver Gipuzkoako Foru Aldundiak Idiazabalgo Txomenareneako parkea espazio didaktiko eta ekologiko bihurtu du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Idiazabalgo Txomenareneako parkea espazio didaktiko eta ekologiko bihurtu du

54.000 euroko inbertsioarekin, proiektuak biodibertsitatea, jasangarritasuna eta ingurumen-hezkuntza konbinatzen ditu 6.400 m²-ko azaleran.

2025/01/28
Txomanerea parkea Idiazabal

Idiazabalgo Txomenareneako parke berritua espazio hezitzaile eta ekologiko bihurtu da, biodibertsitatea eta jasangarritasuna sustatuz.

José Ignacio Asensio: “Jasangarritasunarekin dugun konpromisoak ingurumenaren babesa eta herritarren ongizatea uztartzen dituzten proiektuak sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu. Txomenarenea ez da soilik espazio berde bat, baizik eta natura, ezagutza eta komunitatea leku berean integratzeko moduaren adibide ukigarria”.

Gaur goizean, Txomenareneako parkearen berritze lanak inauguratu dira. Idiazabalgo berdegune enblematikoa da, eta hezkuntza ekologikoa sustatzeko eta biodibertsitatea indartzeko gela ireki bihurtu du Gipuzkoako Foru Alundiko Jasangarritasun Departamentuak. Ekitaldian Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensio, Idiazabalgo alkate Iñaki Alberdi, Basquetour-eko zuendari nagusi Daniel Solana eta Jaione Munarriz, Idiazabalgo udaleko ingurumen arloko zinegotzia izan dira, eta proiektu horrek jasangarritasunerako eta tokiko komunitaterako duen garrantzia nabarmendu dute.

Txomenareneako parkea lorategi pribatu botanikoa izan zen jatorrian, eta esku-hartze integral baten xede izan da. Bildumagile izaerari eutsi dio, eta dibertsitate ekologikoa handitzeko diseinatutako elementu berriak gaineratu ditu. 53.923,80 euroko inbertsioarekin eta 6.400 m²-ko jarduketa-azalerarekin, proiektuak beste urrats bat eman du paisaiaren estetika eta ingurumen-funtzionaltasuna uztartzen dituen espazio didaktiko eta jasangarri bat sortzeko.

Biodibertsitatearen eta ingurumen-hezkuntzaren zerbitzura dagoen parkea

Txomenareneako esku-hartzeak parkea eskualdeko azpiegitura berdearen eredu bihurtu nahi duen ikuspegiari erantzuten dio. Jarduera nagusiak izan dira: tximeletak eta beste intsektu polinizatzaile batzuk erakartzeko parterre bat, hegaztiak eta ugaztun txikiak babesteko eta elikatzeko zuhaixka-pantaila bat, eta bertako landareak dituen itzaleko parterre bat sortzea, tokiko flora aberasteko.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensioren hitzetan: "Parke hau erakundeen eta komunitatearen arteko lankidetzak benetako birika berde bihur ditzakeela erakusten duen adibide bat da. Birika horiek, edertzeaz gain, bizitza hezi eta sustatzen dute". Gainera, foru-arduradunak gaineratu duenez, "jasangarritasunarekin dugun konpromisoak ingurumenaren babesa eta herritarren ongizatea uztartzen dituzten proiektuak sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu. Txomenarenea ez da soilik espazio berde bat, baizik eta natura, ezagutza eta komunitatea leku berean integratzeko moduaren adibide ukigarria”.

Iñaki Alberdi alkateak, bere aldetik, proiektuak Idiazabalgo biztanleentzat duen garrantzia azpimarratu du: “Aurten 100 urte betetzen dira Altolagirre indiano familiak Txomenareneako parke botaniko hau landatu zuenetik. Gaur egun, parke publikoa dugu. Adin guztietako herritarren bilgunea eta herriaren erdian kokatutako espazio berdea da idiazabaldarrontzat. Aldundiari esker gauzatu den eraberritze honi jarraipena eman  nahi genioke elementu gehiago berrituz,  garai batean izandako dotorezia berreskuratzeko”.

Parkearen berrikuntza nagusiak

  1. Tximeleta-parterrea eta polinizagailuak: Polinizaziorako funtsezko intsektuak erakartzeko diseinatua, espazio honek estetika eta funtzionaltasuna konbinatzen ditu, ekosistema osasungarria sustatuz.
  2. Itzal-parterrea: 400 m²-ko azalera du, eta parterre horrek parkeko hormaren ondoan desangelatutako eremu bat biziberritu nahi du, onura estetikoak zein ekologikoak dakartzaten landare-espezieen integrazioa sustatuz.
  3. Zuhaixka-pantaila edo heskai bizia: tokiko hegaztiei eta ugaztun txikiei babesa eta janaria emateko hautatutako zuhaitz- eta zuhaixka-sailak.
  4. Azpiegiturak hobetzea: Hondatutako bideak birgaitu eta eskailerak ordeztu dira, bisitarientzako sarbide erosoa eta segurua ziurtatuz.

Etorkizun jasangarriago baterantz

Txomenareneako parkeak, Idiazabalgo hiri-paisaia aberasteaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumenarekin duen konpromisoa irudikatzen du. Proiektu honek paisaia-elementuak eta elementu funtzionalak uztartzen ditu, eta gune publikoetan biodibertsitatea babestu eta sustatzearen garrantziaz sentsibilizatzea du helburu.

Bi hilabeteko gauzatzearekin, eraldaketa horrek espazio historikoa biziberritzeaz gain, ateak irekitzen dizkie belaunaldi guztiei ikasteko eta gozatzeko aukera berriei.

Txomenareneako parkea berritzea mugarri bat da Gipuzkoako berdeguneen kudeaketan, eta jasangarritasuna, hezkuntza eta komunitatea batzearen garrantzia azpimarratzen du, ingurune harmonikoago eta erresilienteago baten bila.

  

4460