Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Foru Aldundiak Kontxako Bandera irabazi duten bi traineru gipuzkoarrak omenduko ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kontxako Bandera irabazi duten bi traineru gipuzkoarrak omenduko ditu

Gure lurraldeko bi ontzik irabazi dute bigarren aldiz jarraian bandera. Oraingoan Pasai Donibane eta Hondarribia izan dira, eta biek Markel Olano diputatu nagusiren eta Denis Itxaso Kultura eta kirola diputatuaren harrera izan dute foru jauregiko Jargi Aretoan. Foru arduradunek, Kontxako garaipenaren oroigarri gisa, txapelak jarri dizkiete Izaro Lestayo eta Ioseba Amunarriz patroiei, Anartz Gereño eta Mikel Orbañanos entrenatzaileei eta Xabier Arraras eta Joxemi Elduayen lehendakariei.

2018/09/12

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bigarren aldiz jarraian, omenaldia egin die Kontxako Banderako irabazleei. Oraingoaz, Donibaneko emakumeen trainerua eta Hondarribiko gizonezkoen trainerua izan dira omenduak. Bosgarren aldia jarraian da Donibaneko neskek bandera irabazten dutena; Ama Guadalupekoak, berriz, arraunaren olinpiaden garaipena berreskuratzea lortu du Zierbenarenik lehia estua izan ondoren. Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako diputatuak bi taldeak hartu dituzte Foru Jauregiaren Jargi Aretoan, eta, esker oneko hitz batzuen ondoren, txapelak jarri dizkiete Izaro Lestayo eta Ioseba Amunarriz patroiei, Anartz Gereño eta Mikel Orbañanosi, eta Xabier Arraras eta Joxemi Elduayen klubetako lehendakariei.

Denis Itxasok gogorarazi duenez, «iaz lehen aldia izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiak Kontxako bi traineru irabazleak omentzen zituena, uste baitzuen txapelketa horrek, aulki finkoko arraunaren munduan garrantzizkoena jotzen denez gero, gipuzkoar guztien aitortza merezi duela. Urtebete geroago, gure lurraldeko bi traineru ditugu berriz ere garaile, eta ezin gara harroago egon».

Omenaldian, Markel Olano eta Denis Itxaso ez ezik, bertan izan dira Goizane Álvarez foru zuzendaria, Izaskun Gómez Pasaiko alkatea eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, eta Donibaneko eta Hondarribiko arraunlariak eta zuzendaritza taldeak.

  

1807