Gipuzkoako gizarte-ehuneko profesionalek “etorkizuneko gizarte politikak birpentsatuko eta eraldatuko” dituzte
Gipuzkoako gizarte-ehuneko profesionalek “etorkizuneko gizarte politikak birpentsatuko eta eraldatuko” dituzte
Gipuzkoako gizarte-ehuneko profesionalek “etorkizuneko gizarte politikak birpentsatuko eta eraldatuko” dituzte
Etorkizuna Eraikiz Think Tank ekimenaren barruan gizarte-politiken etorkizuna jorratuko duen lantaldeak esperimentazio-politiken bidez eta herritarrekin lankidetzan jardungo du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Think Tank bat “ezagutza transferigarriaren eta aplikagarriaren kogeneraziorako”, erakundearen politikei lotutako lau arlo “estrategikotan”, Gipuzkoan “agenda berri bat” sartzeko asmoz arlo hauetan: kultura politiko berria, etorkizuneko lana, susperraldi berdea, eta etorkizuneko ongizate sistema. Beraz, Etorkizuna Eraikiz Think Tank-a lau lantaldetan egituratzen da, eta gaur arratsaldean izan du lehen saioa lantaldeetako batek, Markel Olano diputatu nagusia buru izan duena, zeinak “Gipuzkoan etorkizuneko gizarte politikak birpentsatuko eta eraldatuko” dituen, ongizate-estatu berriaren etorkizunei helduz eta “trantsizioko” gizarte politika horien gainean hausnartuz.
Lantaldearen buru izango da Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatu Maite Peñak, eta gizarte arloko profesionalek eta Foru Aldundiko langileek osatzen dute lantaldea –Xabier Barandiaran, Sebas Zurutuza, Ander Arzelus, Carlos Alfonso, Txaro Rodrigo, Elena Basagoitia, Belen Larrion, Patxi Leturia, Xanti Moriones eta Javier Castro–. Lurraldeko gizarte-ehunaren ordezkaritzan, partaide hauek izango ditu: Gari Agote (Donostiako Udala), Rakel San Sebastian (Adinberri), Felix Arrieta (Deustuko Unibertsitatea), Bakarne Etxeberria (Deustuko Unibertsitatea), Mikel Malcorra (Elkartu), Gerardo Amunarriz (Matia Fundazioa), Joseba Zalakain (SIIS), Maria Muñoz (Goyeneche Fundazioa), Javi Sancho (Emaús), Josu Gago (Zabalduz), Koldo Aulestia (Afagi), Iñigo Kortabitarte (OK en Casa), Iker Uson (EDE Fundazioa), Julian Florez (Vicomtech), Adriana Martínez Sanz (APTES), Andoni Zulaika (Beterri Buruntza) eta Lucia Martínez (Eusko Ikaskuntza). Prozesuaren sistematizazioan, berriz, Orkestrako Miren Larrea eta Eva Sánchez arituko dira.
Lantaldea hilean behin bilduko da presentzialki, eta Markel Olanok azaldu duenez, “gizarte politiken arloan etorkizun berriak aurreratzen” saiatuko dira, bitarteko gisa hartuta “hausnarketa eta esperimentazio aktiboa”; horrela, herritarrek eskatzen dituzten gai eta beharren inguruan eraldatzeko gaitasuna duten proiektuak bultzatuko dira, hala nola iraupen luzeko zainketak, nahi gabeko bakardadea eta gizarteratzea, besteak beste.
Gai horien esparruan, hasiera batean, balantze partekatu bat egingo da COVID-19aren krisiak gizarte politiketan izandako inpaktuari buruz, eta oinarri horrekin, esperimentazioen agenda bat diseinatzen hasiko da alderdi hauen inguruan, besteak beste: egoitza-arretako eredu berri bat, bizitza independentearen sustapena, nahi gabeko bakardadearen prebentzioa eta detekzioa, eta gizarte inklusioa enplegagarritasunaren bitartez.
Olanok gaineratu duenez, pandemiak arazo "konplexuagoen eta interkonektatuen" aurrean "ziurgabetasunak" areagotzea ekarri du. "Guztiok egiten ditugun galderen aurrean erantzunak eraiki nahi ditugu. Eta modu komunitarioan egin nahi dugu. Elkarlanaren bidez gure ongizate eredua aztertzen saiatuko gara, orain arte bezala pertsona guztien osasuna eta ongizatea bermatzen jarrai dezagun", planteatu du.
Datozen hilabeteetan sortzen diren aurrerapenak, esperientziak eta ezagutzak txosten batean jasoko dira, zeinak aztergai izango dituen ongizate-estatuaren etorkizunak. Agiri hori burutuko duen lan prozesuan zehar, zehaztu du diputatuak, “Gipuzkoako gizarte politikak birformulatuko dira; trantsizio agendak bultzatuko dira, aliantza publiko-pribatuen bitartez; eta ikusgai jarriko dira hasitako proiektu esperimentalak”. Gainera, adierazi du, ebaluazio sistema bat sortuko da “esperimentazioak gizarte politiken diseinuarekin lotzeko”. Beraz, esperimentazio aktiboaren bidez eta elkarlaneko gobernantza baten bidez, Gipuzkoako gizarte politikak iragango dira etorkizuneko ongizate-estatu horretarantz, “parte-hartzaileagoa, esperimentalagoa, berritzaileagoa eta erantzuleagoa”.
“Gizarte zerbitzuak funtsezkoak dira, eta foru aldundi honen jarduketa sostengatzen den ardatz estrategikoetako bat. Hala frogatu du, urrunago joan gabe, COVID-19aren krisiak. Gizarte politikek gai izan behar dute etorkizuneko agertokiei aurrea hartzeko; hartara, pertsona guztien ongizatea bermatu dadin, desberdintasunak gutxiagotuz eta guztion bizi kalitatea hobetuz”, azaldu du Peñak. Horregatik, jarraitu du diputatuak, “Think Tank-aren esparruan, Gipuzkoan trantsizioko gizarte politikak sortzen lagunduko dugu, baterako hausnarketaren, esperimentazio aktiboaren, eta elkarlanaren bidez. Azken batean, lurralde berdinago, solidarioago eta sozialago baterantz joango gara”.
1932