Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako gizartearen onurarako aurrekontu akordio baten gainetik, EH Bilduk "hauteskunde interes alderdikoiak" jarri izana deitoratu du foru gobernuak

Gipuzkoako gizartearen onurarako aurrekontu akordio baten gainetik, EH Bilduk "hauteskunde interes alderdikoiak" jarri izana deitoratu du foru gobernuak

EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuak 2023ko kontuak luzatuko ditu, EH Bilduk edukiei dagokienez "oso gertu" zegoen itun bati “azken orduko marra gorriak jarri eta ezetz esan” ostean

2023/12/18
Aurrekontuak

EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuaren izenean, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak kritikatu egin du EH Bilduk azkenean "hauteskunde interes alderdikoiak" jarri izana herritarrei “onura nabarmenak” ekarriko zizkien akordio bat lortzeko aukeraren gainetik, edukien eta partiden inguruko adostasuna “oso gertu” bazegoen ere. Mendozak deitoratu duenez, foru gobernuak gaur egindako proposamen berriari EH Bilduk emandako "ezezkoak” eta "azken orduko marra gorri ideologikoek" erakusten dute, "tamalez", herritarrentzat "benetako aurrerapen sozial eta ekonomikoak" lortzeko aukera hobetsi beharrean, "Gipuzkoaren interesekin zerikusirik ez duten kontsigna alderdikoiak" nagusitu direla kasu honetan ere, "hauteskundeen hurbiltasunarekin" zerikusia dutenak.

Foru aurrekontuen inguruko akordio bati ateak ixteko EH Bilduren erabakiak, beraz, bat egiten du Elkarrekin Podemosek eta PPk joan den astean agertutako jarrera negatiboarekin. Horregatik, foru gobernuak aurrekontu proiektua Batzar Nagusietatik erretiratzeko erabakia hartu du eta ezohiko diputatuen kontseilua deitu du helburu horrekin, arratsalde honetan bertan. Horren ondorioz, ekitaldi honetako kontuak luzatu egingo dira. Kontuan izan behar da 2023ko foru aurrekontuak orain arte inoiz lurraldeak izandako aurrekontu zabalenak direla; "izaera sozial argia” izaki, “pertsona zaurgarrienak” egungo inflazio egoeratik babestea eta “gizarte politikak indartzea” helburu izan dutenak.

Diputatu nagusiak azaldu duenez, EH Bildurekin izandako elkarrizketak "oso modu esanguratsuan" egin dute aurrera azken asteetan, eta, beraz, Elkarrekin eta PPren ezezkoa izanagatik, gaurko beste bilera bat egitea proposatu zitzaien alderdi horretako ordezkariei, zaintza eredu berria, mugikortasun iraunkorra, sustapen ekonomikoa eta euskara bultzatzeko proposamen berriak helarazi ahal izateko. Mendozak bere “dezepzioa” agertu du, elkarrizketetan "eduki eta partida zehatzetan" aurrera egiten ari ziren arren, "azken orduan" EH Bilduren "adostasunarekiko bertigoa eta ezetza" etorri direlako; horren lekuko, euren azken prentsaurrekoa baino hamabost minutu lehenago komunikatu diote ezezko erabakia foru gobernuari.

“Negoziazioaren hasieran bi aldeek marra gorririk eza eta akordioetara iristeko prestutasuna adierazi genuen. Eta, azken txanpan, baldintzak aldatu dituzte eta, lehen ez zeuden lekuan, marra gorriak jarri. Adostasunera heltzear geunden eta atzera egin dute, bertigoa sentitu dutelako. Argi utzi nahi dut: edukiek eta denborek aukera ematen zuten. Baina ez dute nahi izan”, gehitu du Mendozak. Bere hitzetan, “ideologia eta hauteskunde interesak” nagusitu dira erabaki horretan, elkarrizketaren eta elkar ulertzearen bidez "zainketen aurrerapenari, gure industriari laguntzeari eta mugikortasun iraunkorraren sustapenari" lehentasuna eman beharrean.

Aurrera begira ere, akordioen bila “buru-belarri”

Proposamena urriaren amaieran aurkeztu zenetik, guztira 15 bilera egin dira oposizioko hiru batzarkide-taldeekin, horietatik sei EH Bildurekin. "Foru gobernu honek alderdi guztiekin hitz egiteko eta negoziatzeko eskua luzatu du une oro, ahalik eta adostasun handiena lortzeko. EAEko hauteskundeen aurreko testuingurua alde batera uzteko deia egin nahi diet oposizioko alderdiei, erdigunean herritarren beharrak jarri ditzagun; espero dut beste jarrera bat izango dutela aurrerantzean. Zalantzarik gabe, horretan saiatzen segiko dugu buru-belarri; eskua luzatzen diet, etorkizunean akordioak lortu ahal izateko eta, gauza guztien gainetik, horretan pertsonalki inplikatzen jarraituko dut ", adierazi du Mendozak.

  

1372