Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako herri txikietako 2.000 baserrik banda zabal ultra azkarreko konexioa izango dute

Gipuzkoako herri txikietako 2.000 baserrik banda zabal ultra azkarreko konexioa izango dute

Landagipuzkoa+ plangintzaren lehen fase honetan 2,4 milioi inbertituko dira

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landagipuzkoa+ egitasmoari esker, 2.000 baserri baino gehiagok banda zabaleko konexio ultra azkarra izango dute datorren urtetik aurrera lurraldeko herri txikietan. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Europa mailan aitzindaria den hedatze honen berri eman du gaur Aldundian egindako aurkezpenean eta digitalizazioaren ikuspegitik lurraldea egiten ari den “apustu sendoa” azpimarratu du. “Aurrerapauso garrantzitsua ematera goaz landa ingurunean hiriguneen pareko zerbitzu eta ongizate maila lortzeko lanean”, adierazi du.

“Emandako hitza betetzen ari gara. Erronka handia genuen aurrean, hasieratik gure helburua izan baita herri txikietako baserri eta etxe barreiatuetara banda zabal ultra azkarra eramatea, hori baita landa eremuaren digitalizazioan daukagun hutsune nagusietako bat. Deialdi hau gauzatzearekin bat, desafio horri erantzuten ari gara. Herritarren ongizatean eragin nabarmena izateaz gain, tokian tokiko ekonomia aktibitateari mesede egin dio konexio ultra azkarraren hedatzeak”, nabarmendu du diputatu nagusiak. Alboan izan ditu gaurko aurkezpenean Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, eta Javier Zorrilla, Telefonicako Ipar Zonaldeko zuzendari nagusia.

Landagipuzkoa+ programan aurreikusitako helburu nagusietako bat bete asmoz, diputatuen Kontseiluak, Gipuzkoako 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan herriguneetatik 0 eta 2.000 metro bitarteko erradioan kokatuta dauden unitate higiezin sakabanatuetara banda zabal ultralasterra hedatzeko diru-laguntzen oinarri arautzaileak onartu zituen joan den urteko maiatzaren 15ean, 1,5 milioi euroko gastua baimenduz. Deialdira aurkezturiko proposamenak ikusirik, irailaren 25ean, milioi bat euroko gastu gehigarria baimendu zuen Kontseiluak. Guztira, beraz, 2,5milioiko deialdia bideratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko herri txikien digitalizazioari bultzada sendoa emate aldera.

Zerbitzu eta teknologia maila aurreratuena

rkeztutako eskaerak aztertu ondoren, ebaluazio batzordearen ebazpenari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an egindako deialdian Telefonica de España SA enpresari 2.355.892 euroko laguntza ematea erabaki du banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako herri txikietan zabaltzeko. Telekomunikazio operatzaileei diru-laguntza jasotzeko jarritako gutxieneko baldintzen artean honakoak azpimarra daitezke: ezarritako sareek hiri-guneetan dauden baldintza bereko eskaintza komertzialak edukitzea, amaierako erabiltzaileak izango duen transferentzia tasa edo abiadura 300 Mb/s izatea gutxienez, modu simetrikoan, eta operadoreek etorkizunean eskainiko dituzten zerbitzu berrietara egokitzeko moduan egongo dira.

Onartutako hedatze proiektuari esker, Olanok azaldu duenez, dagoeneko hiriguneetan ohikoa den “teknologia eta zerbitzu aurreratuenak” eskuragarri izango dituzte herri txikietako etxeetan, zuntz optiko bitartez. “Operatzaileentzat desafio teknologikoa da honako hau eta, bultzada honen bitartez, baserriek eta eraikin barreiatuek hari bidezko lotura izaten jarraituko dute. Horrek berebizko garrantzia du etorkizunera begira ere, landa inguruneak zerbitzu eta teknologia maila aurreratuenak izan ditzan”, gehitu du diputatu nagusiak.

Honela, diruz lagundutako sarearen datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate-parametroak, hiriguneetan eta biztanleria-dentsitate handia duten guneetan eskaintzen diren denbora errealeko zerbitzuen maila bereko multimedia komunikazio elektronikoen zerbitzuei eusteko nahikoak direla bermatu da deialdi honekin. Besteak beste, bideo eta TB zerbitzu aurreratuak (Telebista Digitala-HDTV, IP-IPTV Telebista, Eskaripeko Bideo Zerbitzua, Bideoa eta Telebista Streaming-ean), Bideokonferentzia Zerbitzuak, abiadura handiko On-Line Jokoak, Bideozaintza eta Seguritate Zerbitzuak; halaber, zabalduko diren konexio ultra azkarrak ahalbidetuko du etorkizun hurbilean iritsiko diren multimedia zerbitzu berrien eboluzioa.

 

Deialdi honi esker, gutxienez 2.013 unitate higiezinetara banda zabal ultra azkarra –zuntz optiko bitartez– eramango du Telefonicak. Kontuan hartu behar da badirela hedapen eremuetatik gertu dauden etxe eta baserriak, agian barruan sartuko direnak, eta ondorioz kopuru hori handiagoa izan daiteke baita ere. Hedatze honen onura izango dute lehen fase honetan Gipuzkoako 39 udalerritako etxalde barreiatuek. Kontuan izan behar da, Europar Batasuneko jarraibide eta araudiak ezartzen duten moduan, administrazio publikoak sustatuko dituen banda zabal ultralasterra hedatzeko estatuko laguntzak gune zuriak gisa katalogatutako guneetara soilik bideratu daitezekeela. Alegia, hurrengo urteetan operatzaileek (baldintza komertzialetan) banda zabal ultralasterreko azpiegiturak hedatzea aurreikusita ez dagoen eremuetara soilik.

Hedatze honen onuradun izango diren etxebizitzen berri izan nahi duenak mapa interaktiboa ikusi dezake Landagipuzkoa+ webgunean eta herrika banatuta, banda zabala iritsiko den helbideen zerrenda bat ere bai. Biak publikoak dira, herritarrek ikusi eta kontsulta ditzaten.

Ainhoa Aizpuru diputatuak gogorarazi du, banda zabal ultra azkarra hedatzeaz gain, Landagipuzkoa+ egitasmoak bultzada nabarmena eman diela landa eremuko baserri bideak berritzeko eta sare elektrikoa eguneratzeko lanei. “Lehen sektorearen eta herri txikien garapena politiken erdigunean jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan. Landa eremu bizia nahi dugu, lehiakorra, lan eta bizi proiektuak garatzeko erakargarria, eta horretarako tresna arrakastatsua izaten ari da”, aipatu du Aizpuruk. Ildo horretan, bere ustez, zuntz optikoa zabaltzeko egitasmoak “ate franko irekiko dizkie lehen sektoreari eta Gipuzkoako 49 herri txikietako eraikin barreiatuetan dauden enpresa txikiei eta biztanleei”.

 

Arlo publiko eta pribatuaren arteko kolaborazioa

Javier Zorrilla Telefonicako Iparraldeko zuzendari nagusiak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lortutako akordio hau esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren “adibide nabarmena” dela, eta horri esker Gipuzkoa jartzen dela Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia batera baino egoera hobean, eta Korea edo Japoniaren pare, banda zabal ultralasterraren zabalkundeari dagokionez. Aipatzekoa da Telefonica, kasu honetan, abiadura handiko sarbidea baldintzarik onenetan eskaintzen duen eragile teknologikoa dela, Foru Aldundiaren laguntzaren bidez, eta, azken hartzaileak, kostu irizpideak direla eta horrelako sarerik egongo ez litzatekeen tokietan bizi diren herritarrak. Nolanahi ere, Telefónicak dagoeneko ezarri du banda zabal ultralasterra bere kontu Gipuzkoako hainbat herritan, eta Lizartzan eta Legorretan, esate baterako, dagoeneko badute zuntz optiko bidezko telekomunikazio sarea etxeraino bertaraino, kobrezko zentralak «itzali ondoren».

Era berean, Telefónicako Iparraldeko zuzendariak nabarmendu du lankidetza ildo honi jarraituz, abian dagoela Gipuzkoa Open Future programa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Telefónicaren arteko itunaren emaitza, talentua eta ekintzailetasuna sustatzeko «etorkizuneko sektore estrategikoetan», hau da, zibersegurtasunean, gastronomiaren digitalizazioan, mugikortasun jasangarrian eta biozientzietan. 

  

1864