Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako herritarrek 13.267 ekarpen egin dizkiote 2019ko Aurrekontu Irekiak prozesuari

Gipuzkoako herritarrek 13.267 ekarpen egin dizkiote 2019ko Aurrekontu Irekiak prozesuari

Foru Aldundiak ekimena abiarazi zuenetik parte hartze handiena izan da

2018/08/22

2019ko Aurrekontu Irekien prozesuak 13.267 ekarpen jaso ditu hirugarren edizio honetan (2017an baino % 42 gehiago), eta hori errekorra izan da Foru Aldundiak ekimen hau martxan jarri zuenetik. Bi dira ekimen honen helburuak: kontu ematea bultzatzea, eta herritarrek Gipuzkoako aurrekontuak prestatu, garatu eta ebaluatzen laguntzea. 4.420 bizilagunek hartu dute parte, eta horrek esan nahi du % 54,6ko igoera izan dela. Foru aurrekontuan txertatu nahi diren proposamenez galdetuta, 8.250 ekarpen jaso dira, eta, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusiak ezagutu nahian egindako galderan, 5.017 ekarpen. Parte hartzaileen % 58 emakumeak izan dira eta batez besteko adina 49,2 urtekoa izan da.

Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak balorazio positiboa egin du emaitzen inguruan, eta nabarmendu du ekimen hau «gero eta sendotuagoa dagoela», eta, horri esker, «partaidetzaren kultura» sustatzen ari dela lurraldean, «gobernantza eredu berri» baten oinarri gisa. «Gainera, edizio honetan, xedetzat hartu dugu Gipuzkoaren etorkizun ekonomiko eta sozialari lotutako proposamenak jasotzea, Etorkizuna Eraikiz ekimena herritarrekin kontrastatu ahal izateko», adierazi du.

Berrikuntza gisa, aurten, parte hartzeko kanalak ugaritu dira eta helmugan ordaindutako frankeoa txertatu da Gipuzkoako etxe guztietan banatu diren galdetegietan (310.000tik gora). Horrez gain, ohiko bideak ere erabili dira: aurrez aurrekoa (Herriz Herri), birtuala eta foru erregistroak. Era berean, ekimenaren iraupena hiru hilabetera luzatu da, apirilaren 9tik ekainaren 30era, eta 1.200 biztanletik gorako udalerri guztietara (guztira 54) aurrez aurre iritsi gara, Herriz Herri kanpainaren barruan, herritarren eskura jarritako karpa ibiltariei esker.

Gizarte zibilarekin egindako topaketetan ere nabarmen egin du gora parte hartzeak. Espazio horietan, Foru Aldundiko ordezkariek azalpenak ematen dituzte erakundearen kudeaketaren inguruan, eta lurraldeko gizarte kolektiboen eskaera eta beharrak jasotzen dituzte. Aurten, 800 parte hartzaile baino gehiago izan dira egin diren 28 topaketetan. Agenda honen barruan, Lasak eta Joseba Muxikak, Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, aurrez aurre entzun dituzte ikasleen, adinekoen, merkatarien, arrantzaleen, emakumeen elkarteen eta ekintzaileen eskaerak. Halaber, aurten, 8 topaketa egin dira lehenbizikoz populazio txikiko 35 udalerritan, eta udalerri horietako 79 ordezkari politikok hartu dute parte topaketa horietan.

Etorkizunaren alorrean, enplegua da parte hartzaileen eskari nagusia, hainbat kolektiborentzat (gazteak, emakumeak eta 30 eta 50 urtetik gorakoak) kalitatezko enplegua sortzea, hain zuzen; aukera ezaren ondoriozko talentudunen ihesa ekiditea; lan munduan sartzeari begira, formakuntza hobetzea; lanpostuak sortzea dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, edo migratzaileak gizarteratzen eta lanbideratzen laguntzea. Bigarren lekuan ageri dira Etorkizuna Eraikizen barruan kokatzen diren erronka nagusiak: zahartzearen arreta, kontziliazioa, elektromugikortasuna, klima aldaketa, zibersegurtasuna, garapen jasangarria, gastronomia 4.0, bide berdeak, Izeba programa...

2019ko aurrekontuei bideratuta herritarrek egindako proposamenei dagokienez, proposamenen % 40 Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Gizarte Politikako Departamentuari bideratutakoak izan dira, 1.670 eta 1,574 hurrenez hurren. Hauek izan dira, hain zuzen, herritarrek adierazitako lehentasunak: bizikleta bide edo bidegorriak luzatu, mantendu eta zati berriak lizitatzea (908); garraio publikoa egokitzea, Lurraldebuseko lineak aldatu eta/edo linea berriak sortzea barne, baita gaueko eta asteburuko zerbitzuetan maiztasuna hobetzea ere (560); eta, adineko pertsonei gizarte babesa ematen jarraitzea, etxez etxeko laguntza hobetzea, bakardadeari aurre egiteko neurriak hartzea eta prestazioak garatzea (467 eskari).

Herritarrek, gizarte zibilak eta udalerri txikietako ordezkariek egindako ekarpen guztiak kodetu egin dira dagokion departamentu foralari bidaltzeko. Aurrerago, departamentu eta foru zuzendaritzek prozesuan parte hartu duten herritarren ekarpenak aztertuko dituzte, 2019ko aurrekontuak planifikatu eta prestatzeko, eta Etorkizuna Eraikiz herritarrekin kontrastatzeko. Beste behin ere, prozesuko parte hartzaile guztiek erantzun bana jasoko dute, eta bertan azalduko zaie zein den egin duten proposamenaren eskumen esparrua, proposamenak aurrekontuetan txertatzeko zein aukera duen, eta horren inguruko deskribapen justifikagarria.

Kontuak ematearen alde, herritarren ekarpen guztiak memoria tekniko batean jasoko dira, eta zein ekarpen txertatuko diren eta zein ez argumentatuko da, horretarako arrazoiak zehaztuz. Gainera, kontuan hartu diren eskari eta proiektuak proposatu dituzten pertsonek horien jarraipena egin ahal izango dute nola gauzatzen diren ikusteko. «Hori da gehien baloratzen den konpromisoetako bat, herritarrek ez baitute soilik entzuteko eskatzen, erantzun arrazoitu bat ere jaso nahi izaten dute, eskatutakoa betetzen den edo ez ebaluatu ahal izateko», adierazi du Lasak.

Berrikuntza gisa, Haurren Erabakia partaidetza prozesuko parte hartzaileak ere kontuak emateko prozesuan txertatu dira. Haurren Erabakia ekimena Unicefen lankidetzarekin aurrera eraman den partaidetza prozesu bat da, lurraldeko haur eta gazteen ikuspegi eta perspektiba kontuan hartuko dituena politika publikoak egiteko orduan, «horiek ordezkatzen baitute etorkizuna».

Azkenik, diputatuak nabarmendu du «lotura» bat dagoela legealdi honetan Foru Aldundiak dituen lehentasun eta arduren artean eta parte hartzaileek azaldutakoen artean, besteak beste, etorkizuna eta «kalitatezko enplegua, gizarte babeserako sistema indartu eta inor bazterrean ez geratzeko gako gisa». Gainera, gogorarazi du iaz jasotako eskaeren % 61 2018ko aurrekontuetan islatuta daudela: «Gure hitza betetzen ari gara».

  

1671