Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Hondartzen Mahaia bildu da, lurraldearen baterako ekintza koordinatzeko, pelletak iristearen aukeraren harira

Gipuzkoako Hondartzen Mahaia bildu da, lurraldearen baterako ekintza koordinatzeko, pelletak iristearen aukeraren harira

Kutsadura posibleari erantzuteko, zaintza indartuko da, garbiketa areagotuko da eta bitarteko materialak eskuratuko dira, pelletak gure hareatzetara iritsiko balira eraginkortasunez jardun ahal izateko.

2024/01/12
Mesa Territorial Playas

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Hondartzen Lurralde Mahaiaren bilera koordinatu du kostaldeko udal guztietako ordezkariekin, egungo egoerari buruzko informazioa emanez eta baterako ekintza-plan bat ezarriz.

Kutsadura posibleari erantzuteko, zaintza indartuko da, garbiketa areagotuko da eta bitarteko materialak eskuratuko dira, pelletak gure hareatzetara iritsiko balira eraginkortasunez jardun ahal izateko.

Diputatu nagusiorde eta Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensio izan da gaur goizean egindako ezohiko bilkuraren buru. Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiak kostaldeko udal guztietako ordezkariak bildu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak deituta. Bileran, Gipuzkoako hondartzetara pelletak iristeko mehatxuaren aurrean, gaur egungo egoeraren berri eman zaie udal-arduradunei, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ezarritako jarduera koordinatuko protokoloaren zirriborroa jakinarazi da.

Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensio eta Trantsizio Ekologikoko zuzendari Mónica Pedreirarekin batera, bileran izan dira Orioko alkate Anuska Esnal, Getariako alkate Haritz Alberdi, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza, Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela, Debako alkateorde Jon Riaño, Hondarribiko zinegotzi Ortzi Alonso, Donostiako Zerbitzuetako zinegotzi Carlos García eta Zarauzko bi zinegotzi: Iban San Martín, Zerbitzuetako zinegotzia, eta Gloria Vázquez, Ingurumeneko zinegotzia.

Aldez aurretik, Jasangarritasun Departamentuak koordinazio-bilerak egin ditu Gobernuaren Ordezkaritzarekin eta Itsasertza - Eusko Jaurlaritzaren Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Planaren Aholku Batzordearekin. Testuinguru horretan, alerta- eta abisu-sistema guztien aktibazioaren berri eman zaie udal-ordezkariei, eta pelletak iristeko behar diren makinak martxan jarri dira, horrelakorik gertatuko balitz.

Hala ere, Toconaotik datozen pelletak Gipuzkoako kostaldera iristeko arriskua dagoela kontuan hartuta, alerta-fasean gauzatuko diren jarduketa hauek aurkeztu dira:

  • Hondartza guztiak egunero zaindu eta ikuskatzea: Zaintza-zerbitzua sendotuko da, obra-zuzendaritzako hiru pertsonak eta zuzendaritzako bi teknikarik parte hartuta.
     
  • Garbiketa-zerbitzua indartzea: 15 pertsonako garbiketa-ekipo gehigarri bat jarriko da.
     
  • Pellet-laginak biltzea: Hondartzen arabera bereizitako eta etiketatutako poltsetan bilduko dira laginak, AZTIrekin koordinatuta, laginak bidaltzeko eta alderatzeko, Galiziatik datozen laginen zain.
     
  • Larrialdi-faserako baliabide materialak eskuratzea: 100 zedazo eta kubo erosi dira, bai eta ontziak, edukiontziak eta bahegailu trinkoak ere.

Amaitzeko, Gipuzkoako hondartzak zaintzeko konpromisoa azpimarratu du Jasangarritasun Departamentuak, eta ziurtatu du prest daudela azkar eta eraginkortasunez jarduteko pelletak iristen badira.

  

1083