Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako itsasoko zaborraren arazoa ezagutzera emateko erakusketa

Gipuzkoako itsasoko zaborraren arazoa ezagutzera emateko erakusketa

Surfrider Espainiak eta Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak "Kostaldea eta zu" argazki-erakusketa inauguratu dute.

2020/12/03

José Ignacio Asensio: “Gure itsaso eta hareatzetako hondakinen eta itsas plastikoen problematika da Gipuzkoak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat”.

Surfrider Espainiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak "Kostaldea eta zu" argazki-erakusketa inauguratu dute. Abenduaren 7tik aurrera egongo da ikusgai Tabakaleran, Impact Huben. Argazki-erakusketa urtarrilaren bukaera arte egongo da zabalik. Helburua da Gipuzkoako herritarrak sentsibilizatzea Gipuzkoako kostaldeko itsas hondakinen arazoaz.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak egin du erakusketaren inaugurazio-ekitaldia, Asier Pagoaga argazkilariarekin, Surfrider Espainiaren eragin politikoaren arduradun Xavier Curtorekin eta Impact Hub Donostiaren kudeatzaile Xabier Arizmendirekin batera. Hitzaldian, Asensiok gogorarazi du “gure itsasoetako eta hareatzetako hondakinen eta itsas plastikoen problematika Gipuzkoak dituen erronka nagusietako bat dela”. Era berean, boluntarioen lana oso garrantzitsua dela nabarmendu du, eta Foru Aldundiaren konpromisoa azpimarratu du, “itsasoko zaborraren arazoarekin zerikusia duten boluntario eta eragileen artean lan partekatu eta koordinatua bultzatzeko, prebentzio neurriak bultzatzeko eta arazoari buruzko kontzientziazioa hobetzeko”.

"Kostaldea eta zu" argazki-erakusketa ingurumenari buruzko argazki-erreportajea da, eta herritarren eta itsasoaren arteko lotura emozionalari buruzkoa da. Itsasoaren degradazioa salatzen du, eta herritar bakoitzak hura babesteko duen erantzukizuna nabarmentzen du. Asier Pagoaga argazkilariak egindako erreportajean, plastikoz betetako janariaren, boluntarioen hondakinen bilketen eta hondartza garbien argazkiak daude, herritarrak arazoaz eta ohiturak aldatzeko beharraz sentsibilizatzeko.

 

Surfrider Espainiaren eragin politikoaren arduradunak, Xavier Curtok, adierazi duenez, “Gipuzkoako herritarrak sentsibilizatzeko eta haiekin konektatzeko, ikus-elementu zirraragarriak aukeratu ditugu, itsasoarekin duen lotura emozionala nabarmentzen duten argazkiak, itsasoko zaborraren arazoak salatzen dituztenak eta herritar bakoitza inspiratzeko boluntarioen ekintzak egiten dituztenak”.

 

Argazki-erakusketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren eta Surfrider Espainia GKEaren “Kostaldea eta zu” proiektuaren zati da. Proiektu horren helburua da itsasoko zaborren arazoa ezagutaraztea eta Gipuzkoan irtenbideak bilatzea. Proiektu horrek hainbat ekimen artistiko biltzen ditu, hala nola argazki-erakusketa ibiltari hau, baita beste hezkuntza-ekimen batzuk ere, hala nola 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzako bigarren mailako eskolei zuzendutako unitate didaktikoak. Surfrider Espainiako adituek bultzatutako unitate didaktikoek itsasoko zaborren arazoa erakusten diete haurrei. Surfrider-ek haiekin lan egiten du proposamenak sortzeko, irtenbideak bilatzeko eta hondakinen bilketa antolatzeko, herritarren epe luzeko ohiturak aldatzeko.

 

2016. urteaz geroztik, programaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilketak egin dira, eta harreman berezia izan dute Mutriku BHI eta Zumaiena zentroekin eta Nagusilaneko hirugarren adinekoen Mutrikuko kolektiboarekin.
  

1476