Gipuzkoako ordezkaritza batek merkatu eta lankidetza aukera berriak bilatuko ditu Indian
Gipuzkoako ordezkaritza batek merkatu eta lankidetza aukera berriak bilatuko ditu Indian
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk zuzenduko du misioa.
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk zuzenduta, Gipuzkoako ordezkaritza bat Indiako Errepublikara joango da datozen egunetan, Indian merkatu eta lankidetza aukera berriak bilatzeko helburuarekin. Enpresa eta erakunde misio hau Gipuzkoako Bazkundearekin lankidetzan antolatu da, eta zortzi enpresa gipuzkoarrek parte hartuko dute bertan, bileraz eta laneko jardunaldiz beteriko agenda batekin.
Misioa ekainaren 5ean abiatuko da. Bost egunez, Indian presentzia garrantzitsua duten zenbait enpresa gipuzkoarren instalazioak bisitatuko dituzte, hala nola CAF, Mondragon, Ampo eta Orbinox. Gainera, lan bilerak egingo dira Gipuzkoarentzat estrategikoak diren esparruetako eragile garrantzitsuekin: biozientziak, elektromugikortasuna, IKT edo talentua erakartzea. Bestalde, teknologia eta berrikuntza zentroetako arduradunekin ere bilduko dira.
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk esan duenez, Indiarako prestatu duten agenda "bete-beteak" helburu bat baino gehiago ditu. Batetik, “Gipuzkoako enpresa eta eragile ekonomikoek Indian presentzia izan dezaten bultzatu nahi da" eta "merkatu aukera berriak bilatu nahi dira", une honetan India atzerriko inbertsioak bilatzen ari baita, bere hazkunde mailari eusteko eta azpiegituratan jauzia emateko. Gainera, Aizpuruk adierazi duen bezala, Gipuzkoarentzat “bereziki interesgarria da” Gipuzkoako ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreetako eragile, erakunde eta teknologia zentroekin elkarlanean aritzeko bideak aztertzea, hala nola zibersegurtasunaren, ezagutza zientifiko-teknologikoaren eta talentuaren esparruetan.
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru departamentuak 2015-2019 aldirako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan abian jarri dituen nazioartekotze programen esparruan kokatzen da misio hau. “Gero eta enpresa gehiagok ekiten diote nazioartekotze prozesu bati. Hainbat deialdi eta ekimen jarri ditugu abian –horietako batzuk Gipuzkoako Bazkundearekin-, gure enpresei prozesu horietan laguntzeko eta, era berean, Gipuzkoaren irudia eta kanpo proiekzioa indartzeko, Basque Country markaren testuinguruan” azpimarratu du diputatuak.
Estrategia horren esparruan, Aldundiarentzat India “lehentasunezko” herrialdea da, bere ezaugarri sozioekonomikoengatik, duen industria indartsuagatik, Gipuzkoako esportazioei dagokienez eskaini ditzakeen aukerengatik, herrialde gisa egiten ari den inbertsioengatik, eta potentzial handia duelako, talentuan, berrikuntzan nahiz gorabidean dauden sektoreetan.
Guztira 14 enpresa gipuzkoar daude egun Indian. Gipuzkoako enpresen presentziari dagokionez, munduko hirugarren herrialdea da India.
Guztira 14 enpresa gipuzkoar daude egun Indian, batez ere makina erremintaren sektorean eta garraioarekin lotutako ekipo-ondasunen sektorean. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2004tik era jarraituan babestu ditu ezarpen horiek, nazioartekotzea laguntzera zuzendutako deialdien bidez. Gipuzkoako enpresen presentziari dagokionez, munduko hirugarren herrialdea da India.
Guztira 79 milioi eurotik gorako esportazioak egin ziren iaz Gipuzkoatik Indiara. Azpimarratzekoak dira paperaren eta kartoiaren sektoreko esportazioak (39.728 mila euro), eta ikusi da makina erremintaren sektorean beherakada nabarmena egon dela (21.602 mila euro). Neurri txikiagoan, material elektrikoa (5.178 mila euro) eta burdinurtuko eta altzairuko manufakturak (3.300 mila euro) ere esportatu ziren.
8427