Gipuzkoako paisaiek, ohiturek eta tradizioek osatuko dute Foru Aldundiaren 2025eko egutegia
Gipuzkoako paisaiek, ohiturek eta tradizioek osatuko dute Foru Aldundiaren 2025eko egutegia
Argazki Lehiaketako lanak aurkezteko epea irailaren 1ean hasiko da
Foru Aldundiak Argazki Lehiaketako zortzigarren edizioa aurkeztu du; oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek egingo dute erakundearen 2025eko egutegia. Irailaren 1ean jarriko da martxan eta aurtengo gaia “Gipuzkoa mila paisaia, mila ohitura, mila istorio” da eta parte hartu nahi dutenek, beraz, kontzeptu hori islatu beharko dute argazkietan. “Gipuzkoan mendez mende eraikitzen joan den lurraldea da eta horren lekuko dira gaur egun ditugun paisaia, tradizio eta bizipenak. Aukeratutako gaiarekin eta argazkien bitartez lurraldearen balioak transmititu nahi ditugu; izan zena, gaur egun dena edota etorkizuneko Gipuzkoa”, azpimarratu du Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak.
Ohi bezala, aurten ere lehiaketa Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera elkarlanean antolatu da, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana. Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta aukeratutako gaia irudikatzen dutenak. Argazkiak Gipuzkoan ateratakoak izan behar dira.
Lehiaketan parte hartzeko interesa duenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa webgunean sartu beharko da, eta bertan aurkeztu beharko ditu argazkiak. Lehiaketaren epea irailak 1ean irekiko da eta irailaren 30ean itxiko da. Argazkiak JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, 20x33 cm-ko tamainarekin eta hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko hartutako irudien gainean elementuak manipulatzea edo gehitzea edo ezabatzea, ezta adimen artifizialarekin egindako obrarik ere ez.
Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako epaimahaiaren ardura izango da argazki guztiak ikusi eta baloratzea, baita lehiaketako oinarriak betetzen ez dituzten horiek ezabatzea ere. 13 argazkirik onenak aukeratuko dituzte eta, horretarako, kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana hartuko dituzte kontuan. Parte-hartzaileek ziurtatu beharko dute emandako datuak benetakoak eta egiaztatu daitezkeenak direla. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuetan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak.
Aldundiaren egutegiak izan ohi duen harrera ona azpimarratu du Berasaluzek. “Egutegia oso ekimen ezaguna da eta arrakasta handia izaten du. Urtero urtero egitasmoaren balorazio oso positiboa egiten dugu, aurreko zazpi edizioetan kalitate handiko lanak aurkeztu dituzte herritarrek”. Hain zuzen ere, 479 argazki aurkeztu ziren iazko lehiaketan eta 40.000 ale inguru banatu ziren doan herritarren artean, Aldundian bertan eta baita lurraldeko eskualde guztietan ere. Irune Berasaluze foru diputatuak herritar guztiak ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu.
11588