Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Turismo Mahaiak lantalde bat eratuko du ekotasa turistikoaren oinarriak sortzeko

Turismo Mahaiak lantalde bat eratuko du ekotasa turistikoaren oinarriak sortzeko

Lantaldearen helburua da oinarrizko akordioak lortzea biltzen den diruaren xedeari buruz

Turismo sektorean ekotasa bat ezartzea izan da gaur arratsaldean Irungo Atalia hotelean egin den Turismo Mahaiaren bileran aztertu den gai nagusietako bat. Bileran sektoreko ordezkariak izan dira, eta besteak beste, aztertu dituzte turismo adimendunari buruzko foru programa, Pasaian egin berri den itsas jaialdiaren balantzea, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako turismoari buruzko ponentzian egindako lanaren amaiera, lurraldearen eredu turistikoari buruzko erabaki politikoa jomuga dela.

Itxasok bileran azaldu duenez, «Gipuzkoan adostasun politiko handia dago, zerga ezartzearen aldekoa, turismoak uzten duen aberastasunaren zati bat esku publikoetan gelditu dadin. Zergak ez du turismoarentzako oztopo izan nahi, baliabideak lortzeko bitarteko bat baizik, horrela jomuga turistiko gisa dugun lehiakortasuna hobetzeko». «Lantaldearen zeregin nagusietako bat izango da erabakitzea zer egingo den zerga berri horrekin lortuko diren diru sarrerekin. Era berean, zergak izango duen progresibitate mailari buruzko irizpideak ere finkatu beharko dira, ez baita gauza bera bost izarretako hotel batean ostatu hartzea, edo kanpin batean egotea» zehaztu du lehen diputatu nagusiordeak.

Nolanahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak agindutako azterketaren ondorioen zain dago, lan horiek argituko baitute zein erakundek izago duen zerga horren eskumena. Dena dela, Itxasok adierazi duenez, zerga ez da datorren urtean sartuko indarrean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du inolako diru sarrerarik ezarriko kontzeptu hori dela eta 2019ko aurrekontu proiektuan, «oraindik ez baitago argi udalek edo foru aldundiek bilduko duten zerga hori». Itxasok «lasaitasuna eta zuhurtzia» eskatu die arduradun publikoei «sektorea mezu kontraesankorrekin ez nahasteko», halako zerga bat abian jartzeak «zenbait arazo sortzen dituelako euskal erakunde sistema konplexuan».

Lantaldea gure lurraldean dauden ostatu mota guztietako ordezkariek osatuko dute: hotel, pentsio eta hostal, apartamentu turistiko, nekazaritza turismo eta kanpinetakoek. Lantaldeak hainbat gai izango ditu esku artean, besteak beste, bilduko diren funtsen xedearekin zerikusia duten kontuak, zerga berriak izango duen progresibitate maila, eta beste gai operatibo batzuk, tasa kobratzeari buruzkoak, non sektorearen parte hartzea ezinbestekoa den. «Gai horiek finkatu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzak agindutako azterketek esan dezaketenaren zain, errazagoa izango da dagokion zerga agintaritzara jotzea, zuzenbidearen araberako arau bat prestatu dezan, aldez aurretik adostutako printzipioei erantzungo diena. Bide luzea da, eta segurtasun juridikoa eta azterketa sakona eskatzen du».

  

1431