Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako urteko aplikazio onenak

Gipuzkoako urteko aplikazio onenak

GipuzkoAPPs lehiaketako lehen sailkatuak izan dira Dinycon Sistemas, Euskal Editorea eta Akting Ingeniaritza

Saridunak

Foru Aldundian egin berri da GipuzkoAPPs 2016 lehiaketaren finala, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia buru zutela, eta bertan izan dira baita ere Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua eta Garikoitz Agote Berrikuntzako zuzendaria.

Gaur lehiaketaren finalera bertaratu direnek aukera izan dute gailu mugikorretarako GipuzkoaAPPs sarien laugarren ediziora beren aplikazioak aurkeztu dituzten Gipuzkoako 26 enpresa eta profesionalen artetik finalera iritsi diren bost aplikazioen ezaugarriak ezagutzeko. Finalisten aurkezpenak entzun ondoren, epaimahaiak erabaki du Dinycon Sistemas enpresak sortutako Atpoints izeneko aplikazioa dela garailea eta 10.000 euroko saria jaso du hurbileko marketingera bideratutako proiektu batekin –erabiltzailearen interesen araberako denden lokalizazioa errazten duen tresna–. Bigarrena Euskal Editorea enpresaren Berria APP izanda, 6.000 euroko saria jasoz. Hirugarrena, berriz Akting Ingeniaritza enpresak diseinatutako Gaztea aplikazioa izan da, 4.000 euroko sariarekin.

OlaberriAPP (Internet Business Development) eta Tokikom aplikazioak (Tokikom) aipamen bereziak jaso dituzte.

Gure ekonomiak bizi duen testuinguruan, berebiziko garrantzia du enpresen eraldakuntza bultzatzeak. Eta testuinguru horretan ezinbestekoa da teknologia berrien hedapena sustatzea maila guztietan.

Markel Olano diputatu nagusiak zoriondu egin ditu lehiaketako parte hartzaileak eta irabazleak. “Gure ekonomiak bizi duen testuinguruan, berebiziko garrantzia du enpresen eraldakuntza bultzatzeak. Eta testuinguru horretan ezinbestekoa da teknologia berriak bultzatzea maila guztietan, horien artean aplikazioak, bultzatzen eta laguntzen ari garen eraldakuntza horren oinarri direlako hainbat arlotan”, azaldu du.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru diputatuak “talentuan” jarri du arreta, hori baita gure enpresek dituzten desafioei aurre egiteko oinarri nagusietako bat. “Ezagutza eta talentuak, pertsonek, garrantzia handia dute ikuspegi horretatik. Gipuzkoak adituak behar ditu IKTetan, 4.0 Industriak sortutako eremu berrietan, ziber-segurtasunean, kudeaketa adimentsuan… eta hori guztia pertsonak eta talentua eraldatze horren oinarrian jarriz bakarrik lortzen da”, osatu du.

  

2221