Gipuzkoako zerga bilketa metatua % 4,3 hazi da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua % 4,3 hazi da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta
Foru erakundeak aurreko urtean baino 180,9 milioi euro gehiago bildu ditu.
Zerga bilketa metatua % 4,3 hazi da Gipuzkoan urrira arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 4.433,5 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2023an epe berberean baino 180,9 milioi euro gehiago jaso dira. Sarrera gordinak % 2,3 hazi dira, eta itzulketak berriz, % 3,6 jaitsi dira. Zuzeneko zergak % 10,4 igo dira, zeharkako zergak % 0,6 gutxitu dira eta Estatuarekiko doiketak % 3,2 jaitsi dira.
Urrira arte jazotako bilakaera positiboa azaltzen du sarrerek ondoko kontzeptuetan izandako hazkundeak: lan atxikipenak, BEZa, PFEZaren kuota diferentziala eta sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala. Era berean, BEZaren itzulketak eta zerga bereziengatik Estatuarekin egiten diren doikuntzen ordainketak murriztea bilakaera positibo horren arrazoia ere izan dira. Bestalde, urrira arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar dira BEZaren doikuntzen sarrerak (bai lurraldeen artekoak, bai Estatuarekin egiten direnak) jaitsi direla, PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak handitu direla eta ondare irabazien atxikipenen sarrerak jaitsi direla.
Zergaz zerga, Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean, Foru Ogasunak 132,1 milioi euro gehiago bildu ditu orain arte lan-etekinen atxikipenengatik (+% 8,7). PFEZaren balantze osoa positiboa da, bilketa garbia 152,9 milioi euro igo baita aurreko urteko aldi berarekin konparatuz (+% 9,8). Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresa-mozkinak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiaren sarrerak 51 milioi gehitu dira urrira arte: diru-sarrera gordinak 34,2 milioi hazi dira, eta itzulketak 16,7 milioi murriztu.
Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa metatua % 1,5 murriztu zen, eta 17,7 milioi euro gutxiago bildu dira. Atal honetan: diru-sarrerak 123, 6 milioi gehiago izan dira (+% 9,8); itzulketak 52,5 milioi gutxiago (-% 6,8) dira; eta lurralde arteko doikuntzak 193, 8 milioi gutxiago (-% 28,4) dira.
Zerga bereziei buruzko kapituluan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 3,2 hazi da, 3,2 milioi gehiago. Era berean, 2023an zerga berezi berri bat ezarri da, plastikozko ontzi berrerabilezinen gaineko zerga, eta horren bilketa 3,2 milioikoa izan da. Aitzitik, hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa % 4,2 jaitsi da, hau da, 15,7 milioi euro gutxiago, aurreko ekitaldiko aldi beraren aldean. Estatuarekiko doikuntzengatik metatutako bilketa, iazkoarekin alderatuta, 47 milioi jaitsi da BEZan eta 30,3 milioi handitu zerga berezietan.
Ogasun eta Finantza Sailak egiten duen irakurketaren arabera “egungo egoera geopolitikoa zein den ikusita zuhurtziaz jokatu beharra dago” eta, aldi berean, “konfiantza izan behar dugu gure ehun ekonomiko eta erakundeetan” datozen etorkizuneko erronkei begira.
1683