Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoan 110 ikus-entzunezko filmaketa egin ziren 2015. urtean eta 7,8 milio inbertitu ziren zuzenean lurraldean

Gipuzkoan 110 ikus-entzunezko filmaketa egin ziren 2015. urtean eta 7,8 milio inbertitu ziren zuzenean lurraldean

1725 pertsonek parte hartu zuten 30 herritan egindako filmaketa lanetan 600 egun baino gehiagoko epean Donostian gauzatu zen lanen % 82a

2016/07/26

Aldundiak abian jarri du zinemaren industriari laguntza integrala emateko estrategia bat, prestakuntza, zerga eta laguntza ekonomiko zuzenei lotutako neurriak konbinatuta.

Kulturako foru diputatu Denis Itxasok eta Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Ernesto Gascok, gaur goizean, Donostiako Udalean aurkeztu dute Gipuzkoan egindako ikus-entzunezko filmaketen benetako egoera ezagutzeko elkarlanean egin duten azterketa. Azterketa horren arabera, 110 ikus-entzunezko filmaketa egin ziren 2015. urtean, hau da, 102 titulu ezberdin Gipuzkoako 30 herritan filmatuta. Sailkapenari dagokionez azpimarratu behar dira telebistarako edukiak, formatu desberdinetan egindako zinema, publizitaterako argazki erreportajeak eta bideo korporatiboak.

Aitortutako aurrekontu osoa 26.175.335 euro da (ez bakarrik filmaketei dagokiona); beraz, Gipuzkoan 7.852.601 euroko inbertsio zuzena egin da (Ratios Spain Film Commision).

Guztira 1725 pertsonek parte hartu dute, batez ere, Euskal Herrian kokatutako ekoiztetxeek 600 egunetik gorako epean egindako filmaketetan. Donostia izan da filmatzeko aukeratu den toki nagusiena, zehazki, filmaketen % 82a, guztira 90 produkzio. Halaber, datorren denboraldiko "Juego de Tronos" telesailaren hainbat eszena Zumiako Flyschean grabatzeak duen garrantzia azpimarratu du Denis Itxaso diputatuak, eta aurreratu du Aldundiak zine produkzioei laguntza integrala emateko estrategia bat prestatu duela.  

“Alde batetik –esan du Denis Itxasok- Araba eta Bizkaiko Aldundiekin ari gara lanean, zerga alorrean erabakitzeko dugun eskumenaren arabera, abantaila garrantzitsuak eskaintzeko Gipuzkoan garatzen diren produkzioetan inbertitzen duten enpresentzako, hau da, hainbat zerga onura eskaintzeko. Inbertsioen errendimendua garrantzitsua da; izan ere, % 20 eta 38ren bitartean kokatzen da errendimendu hori bi urteren barruan".

Nahiz eta zeharkako laguntza hori zinemara bideratzeko eredua indarrean egon Espainia osoan, egia da ere alde nabarmenak daudela zerga erregimenari dagokionez. Horrela, Euskal Herrian kenkaria % 30ekoa den bitartean, estatuko gainerakoan kenkaria pixka bat txikiagoa da, % 20ra mugatuta baitago. Kanariak eta Nafarroak ere kenkari garrantzitsuak dituzte zine produkzioetarako. 

“Bestalde, azken urtean aurrera egin dugu Tabakaleran ikus-entzunezko proiektuen eskola abian jartzeko lanetan; izan ere, sortzaileak prestatu nahi ditugu teknika eta arte alorretan, baina baita ere ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen, telebista-babesen, eta banaketako kanal berrien esparru iskanbilatsuetan”, adierazi du Kulturako foru diputatuak.

“Eta, azkenik, Foru Aldundiko Kultura Departamentua zuzeneko laguntza batzuen onarpena tramitatzen ari da, gure ustez interesagarriak diren proiektu batzuei bideratuta, besteak beste, Aundiya (Moriarti eta Irusoin), Dantza (Txintxua Films) eta “Chillida: lo profundo es el aire" dokumentalari (Marmoka Films eta Explora films).

Hala ere, ekoiztetxeek azaltzen dizkiguten eragozpen askok zerikusia dute herriz herri eskatu behar diren wue baimenen zailtasunarekin; horrela, bada, Euskadi mailako Film Commision baten proiektuak –edo, bestela, gutxienez Gipuzkoako lurraldea hartzen duenak- aurrerapauso ikaragarria ekarriko luke filmaketak kudeatzeko eta laguntzeko orduan.

  

1632