Gipuzkoan egingo da lehen aldiz mundu mailako automobilgintzari buruzko biltzarra nazioarteko adituekin
Gipuzkoan egingo da lehen aldiz mundu mailako automobilgintzari buruzko biltzarra nazioarteko adituekin
Gipuzkoan egingo da lehen aldiz mundu mailako automobilgintzari buruzko biltzarra nazioarteko adituekin
Aston Martin, BMW eta Volkswagen enpresak mugikortasun autonomoaren eta ibilgailuen beiraduraren etorkizunari buruz arituko dira bi egunez
Gipuzkoan da lehen aldiz CTI Automotive Glazing Europe 12. biltzarra, automobilgintzaren inguruan nazioartean erreferente dena, Oribay Group-ek bultzatuta, CTI Euroforum-ek antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Biltzarra Donostian egingo da azaroaren 15ean eta 16an, Miramongo Parke Teknologikoan, eta Markel Olano diputatu nagusiak eman dio hasiera. Izan ere, aurreko 11 ekitaldiak Alemanian eta Estatu Batuetan egin izan dira, eta aurten lehen aldiz Gipuzkoara etorri da biltzarra Oribay Group enpresaren eskutik. Sektoreko 100 profesional eta aditu baino gehiago elkartuko dira Donostian automobilen beiradurari buruz hitz egiteko eta hausnarketa egiteko, berebiziko garrantzia baitu mugikortasun autonomoaren etorkizunerako.
«Gipuzkoan apustu sendoa egin dugu mugikortasun sektorearen alde, batez ere, mugikortasun jasangarriari eta energiaren metaketari dagokionez. Biltzar hau hemen egiteak argi eta garbi erakusten du potentzial handia dugula sektore honetan, enpresa aitzindari eta eragileez gain, industria laguntzaile garrantzitsua ere baitugu» adierazi du Markel Olanok. Horren adibide dugu MUBIL estrategia, oraindik orain Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duena. Izan ere, MUBIL sortu da Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun elektrikoan eta energia metaketan industri erreferente bihurtzeko nazioartean, hainbat eragileren arteko lankidetzan oinarrituta. «Biltzar hau nazioartekoa izatea aukera bikaina da MUBIL estrategia sustatzen jarraitzeko lurraldeko eragileekin zein kanpotik datozenekin» jarraitu du diputatu nagusiak.
Automobilen beiradurari buruz Europan egiten den lehenengo biltzarra eta handiena da, eta bertan, punta-puntako adituek sektoreko azken teknologiak, berrikuntzak eta albisteak azaltzen dituzte. Oribay Group taldeak antolatuta biltzarra Donostian egitearen helburua da jendeari zabaltzea eta inbertsio gehiago erakartzea automobilen beiraduraren sektorera, ezinbestekoa bata mugikortasunaren sektorearen etorkizunerako, eta, batez ere, mugikortasun autonomorako, eta «Donostia eta Gipuzkoa mapan kokatzen ditu mugikortasunaren erreferente gisa» esan du Markel Olanok.
Oribay Group, Vicomtech eta CEIT-IK4 dira biltzarrean parte hartzen duten hiru euskal enpresak; horiekin batera, laguntzaile bezala, besteak beste, ari dira Aston Martin, BMW eta Volkswagen, mugikortasunaren eta automobilen beiraduraren alorreko beste enpresa aditu batzuekin batera. Enpresetako ordezkariek hainbat hitzaldi emango dituzte, bakoitzak bere jarduketa esparruan, gai hauek aztertzen jarraitzeko: ibilgailuen konektagarritasuna eta gidariari laguntzeko sistema aurreratua (ADAS), elektrifikazioa eta beiraduran duen eragina, beiraren konektagarritasun aukerak, eta beiraduraren erabilera ibilgailuen barruko aldean, diseinuan, alegia. Ibilgailuei dagokienez, bidaiarientzako ibilgailuak, kamioiak, autobusak eta ibilgailu bereziak aztertuko dira.
Biltzarraren nazioartekotasunaren adibide da bertan parte hartuko duen jendearen jatorria. Biltzarra ingelesez izango da erabat, eta parte hartzaileen erdia baino gehiago alemaniarrak dira (% 53); gainerakoak Austria, Belgika, Kanada, Txekiar Errepublika, Estonia, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Herbehereak, Espainia, Suitza eta Estatu Batuetatik etorri dira.
Programa oso berezia punta-puntako adituekin
Lehenengo egunean, azaroaren 15ean, Markel Olano diputatu nagusiak eta Wolfgang Erner eta Gerald-Alexander Beeseparte enpresaburuek parte hartu duten irekiera ekitaldiaren ondoren, hitzaldi saioak hasi dira konektagarritasuna, gidariari laguntzeko sistema aurreratua (ADAS) eta erosotasuna ardatz hartuta, eta zehazki honako gai hauek landu dira: mugikortasun berria eta automobilen beiradura, gidariari laguntzeko sistema aurreratuaren birkalibrazioa, prototipatu birtualerako konponbideak, gidatze autonomorako sistema aurreratua, eta nola hobetu bidaiarien esperientzia, besteak beste.
Bigarren egunean, azaroaren 16an, beiradura egiteko teknika berriak izango dira aztergai: ibilgailuentzako kurbadun beiraduraren oraina eta etorkizuna, talkekiko erresistentzia, baldintza atmosferikoen eragina, itsasgarriaren kalitatea, ibilgailu belaunaldi berrien beiradura, eta hauts metalikoen erabilera automobilen industrian.
Hitzaldiez gain, biltzarrean World Cafe saio bat eta eztabaida panel bat antolatuko dira, hitzaldietan landutako gaiak gehiago sakontzeko eta mugikortasunaren eta beiradura sektorearen etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko.
1505