Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoan “Itsaso artean” Portu Erromatarren Nazioarteko Biltzarra egingo da

Gipuzkoan “Itsaso artean” Portu Erromatarren Nazioarteko Biltzarra egingo da

Kongresua Ficoban egingo da, Irunen, azaroaren 3, 4 eta 5ean

2021/06/21

Tito Livioren arabera, erromatarrek beren burua gerlari txartzat jotzen zuten itsasoan, greziarrak lehorrean ziren bezain txartzat. Gutxiagotasun tradizio hori topiko bat izan zen, askotan errepikatua, adibidez Zizeronengan egiazta daitekeen bezala. Hala ere, errealitateak guztiz kontrakoa frogatzen du, itsas boterea izan baitzen Erromari ahalbidetu ziona Mediterraneoa Mare Nostrum bihurtzea, eta, azken batean, Inperioaren oparotasuna. Egiptoko aleak Urbs (Erroma) hornitzen zuen; Siriako kostaldean fabrikatutako beirazko lingoteak Rhin ibaiko lantegi espezializatuetara iristen ziren; Falernoko ardoa Londreseraino; ekialdeko esklaboak –preziatuenak– merkaturik ezkutuenetara… hori guztia, ezarri zelako itsas ibilbideen sare zabal bat, eta eraiki zirelako laguntzarako portu azpiegiturak –gainera, Atlantikoan barrena hedatu zirenak–, ibaibide nagusiak, barne itsasoak eta aintzirak.

Erromako itsas alderdiari buruzko ikerketa ere eboluzionatuz joan da azken urteotan; denbora luzez, azterketak iturri dokumentaletan oinarritzen ziren, baina, duela gutxi, arkeologia-lanek errealitate berri bat erakutsi izan dute, laguntzen ari dena zibilizazio haren irudia aberasten eta handitzen. Eta ikerketa-ereduaren aldaketa horretan, Irungo Oiasso portu erromatarraren aurkikuntzak paper protagonista izan du.

Aurkitu zenean, 1992an, ahalegin titanikoa egin behar izan zen gure erromatar arkeologia jaio berria nazioarteko sare konplexuan txertatzeko, eta, prozesu horretan, lankidetza-harreman sendoak eraikitzen joan ziren; besteak beste, nabarmentzekoa da Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) Erromako Historia eta Arkeologiaren Espainiako Eskolaren (EEHAR) inguruan sortutako nodoa.  Harreman horrek berekin ekarri ditu tamaina handiko proiektuak.  Izan ere, 2003. urtean, Arkeolanek, EEHARek eta aldundi honek Pisan antolatu zuten portu erromatarren arkeologiari buruzko nazioarteko lehen topaketa, Kanpo Itsasoa izenburupean, batez ere erromatarrek Mare Externum deitzen zioten Atlantikoan zentratzen zelako, Mare Internum edo Mediterraneori kontrajarriz.

Oiasso eta Kanpo Itsasoa biltzarra, gehiegikeria-asmorik gabe, aipatutako fase berri horren hasieratzat har daitezke, zeinaren burutzapenak esponentzialki hazten joan baitira urte hauetan, eta portuko dozenaka lekukotza berri gehitzen. Zalantzarik gabe, unea zen lema berriz hartzeko eta asmo handiagoko helmuga baterako norabidea hartzeko; izan ere, ezagutzak eguneratu nahi ditu azken urteetan lortutako ekarpen eta emaitzekin, esparru geografikoa Atlantikotik Inperio osora zabalduz, gainera,. Azken helburua hauxe baino ez da: erromatar portuei buruz gaur egun erabilgarri dauden erregistro arkeologikoen erradiografia bat lortzea.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak badu ondare arkeologikoari laguntzeko misio bat aspalditik garatzen ari dena; berekin dakar, ondare horren ikerketa eta balioespena sustatzeaz gain, jarduera-ildo berritzaileak eta aitzindariak bultzatzea; testuinguru horretan sartzen da, hain zuzen ere, portu erromatarrei buruzko nazioarteko kongresu berri hau, Pisako 2003koari gehitzen zaiona.

Antonio Pizzok, EEHAR elkarteko zuzendariak, Erromatik esku hartu duenak, azpimarratu du Itsaso Artean biltzarra ohiz kanpokoa dela, bai saiatzen delako ikusarazten ikerketa arkeologikoaren eremu berritzaile batean izandako aurrerapenak, bai lehen aldiz nabarmentzen duelako itsas potentzia liluragarri baten errealitate historikoa.

Juncal Eizaguirre Irungo Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, “Irungo Udaletik, esan bezala, Iberiar penintsulako portu erromatar baten lehen aurkikuntza arkeologikoa hemen egin zen, Irunen, eta, beraz, erromatarren iraganari estu lotutako hiria gara, eta kongresu hau hemen hartzea interesgarriena iruditzen zaigu”.

Biltzarra Irunen egingo da, FICOBAko instalazioetan, iberiar penintsulako portu erromatar baten lehenengo aurkikuntza arkeologikoa egin zen lekutik metro gutxira. Hiru jardunaldi izango dira, azaroaren 3an, 4an eta 5ean, modalitate presentzialean eta telematikoan. Orain arte 80 ekarpen baino gehiago baieztatu dira, eta ehunera iristea espero da. Maila handieneko portuak egongo dira ordezkatuta, hala nola Erromakoa bertakoa Ostian, Istanbulgoa (Konstantinopla), Londres (Londinium), Narbona (Narbo Martius), Bordele (Burdigala), Kartago, Cyrene, Oiasso, Marseilla, Bayas, Puzzuoli, Frejus, Rezé, eta beste portu garrantzitsu batzuk ere bai, estaltzen dutenak Mediterraneoa ekialdetik mendebaldera, Atlantikoa Marokotik Erresuma Batura, Itsaso Beltza, Itsaso Gorria, ibai portuak eta aintzira-portuak.

Egitaraua webgune honetan egongo da eskuragarri: www.gipuzkoa.eus/eu/web/entremares, bai eta izena emateko inprimakia ere, bai aurrez aurreko bertsioetarako, bai bertsio telematikoetarako.

Espezialista talde batek hilabete asko darama egitaraua osatzeko lanean. Koordinazio zientifikoaren ardura da Antonio Pizzo doktorearena eta Kultura Zuzendaritzako Mertxe Urteaga doktorearena.  Batzorde antolatzailean, horiekin batera, partaide hauek daude: Batzorde antolatzailean, Luigi Fozzati doktoreak (Soprintendente Archeologo de la Soprintendza Beni Archeologici Friuli Venezia Giulia), Andrea Camilli doktoreak (Centro Delle Navi Antiche di Pisa museoko zuzendaria) eta Esther Smiteologici Wagner de Jertek parte hartu dute.

Mertxe Urteagak amaitu du aurkezpena, Fozzati doktoreak gaiari buruz egindako galdera batekin:

I contributi di tanti studiosi sugli antichi porti romani costruiscono sorprendentemente una geografia straordinaria: una sequenza ininterrotta di strutture portuali lungo le coste del Mediterraneo, poi dell’Atlantico, del Mar Nero e del Maro Rosso. Al di là di una geografia economica e commerciale, questa rete di porti può essere la testimonianza di un vero e sapiente potere marittimo costruito dai Romani per dare vita al più grande sistema di controllo delle acque mai messo in opera sino ad oggi sulle acque di tutto il mondo?

La stessa costruzione di porti e approdi lungo i fiumi e sui laghi all’interno dell’Europa continentale aveva la funzione anche di conferma di un controllo politico e militare?

Hau da, planteatzen du antzinako erromatar portuei buruz hainbeste adituk egindako ekarpenek harrigarri marrazten dutela aparteko geografia bat: portu egituren segida etengabe bat Mediterraneoko, Atlantikoko, Itsaso Beltzeko eta Itsaso Gorriko kostaldeetan. Geografia ekonomikoaz eta komertzialaz harago, portu sare hori jo al daiteke erromatarrek eraikitako itsas botere egiazko eta eraginkor baten testigantzatzat, bizia ematearren ingurune urtarra kontrolatzeko gaur egunera arte mundu osoan ezagutu den sistemarik handienari? Europa kontinentalaren barruan ibaietan eta aintziretan portuak eta amarralekuak eraikitzeak berak izan al zuen kontrol politikoa eta militarra berresteko funtzioa ere?

Bistan denez, Biltzarraren antolatzaileek erromatar portuei eta  itsas botereari buruzko galdera horiei eta beste batzuei erantzun nahi diete, ezagutza hori mundu osoko ikertzaileekin partekatu nahi dute, eta gizarteari jakinarazi nahi diote orainaldi eta gaurkotasun moduan
  

2088