Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoarrek 8,75eko nota eman diote 2015ean foru Ogasunean jasotako aurrez aurreko arretari

Gipuzkoarrek 8,75eko nota eman diote 2015ean foru Ogasunean jasotako aurrez aurreko arretari

Foru bozeramaileak, Imanol Lasak, Ogasun eta Finantza departamentuko langileak zoriondu eta euren “balio profesionala” nabarmendu du

2016/01/27
Imanol Lasa eta Jose Ignacio Asensio prentsaurrekoan

Herritarrek 8,75eko notarekin baloratu dute pasa duten urtean foru Ogasunean jasotako aurrez aurreko arretan izandako asebetetze maila. Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak nabarmendu duenez, emaitza honek Ogasun eta Finantza departamentuko giza taldearen “eraginkortasun” eta “balio profesionalaren” erakusle “argia” dira. “Zilegi da merezi duten errekonozimendua ematea”, adierazi du.

            Gobernu Kontseilu osteko agerraldian egin ditu adierazpen hauek Lasak. Aipatutako emaitzak Foru Ogasuneko 2015eko Aurrez aurreko Herritarren Arretari buruzko Zerbitzuen Kartan datoz jasoak. Dokumentu honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerbitzuen ezaugarriei buruzko informazioa eta hauek kalitatez emateko hainbat konpromiso hartzen dira. Urte bukaeran, konpromiso hauen betetze maila neurtzen da.

            8,75eko balorazioa, zehazki, Ogasunaren erabiltzaileek erantzundako 801 inkesten emaitza da. Jasotako arreta zuzena eta atsegina izateak 9,27eko balorazioa jaso du; 8,96 eman diote Ogasuneko langileen hizketaren ulergarritasunari; eta 7,67 jaso du elkarrizketen diskrezioa bermatzeak. Zifra hauek, Lasak nabarmendu duenez, egonkor dabiltza azken hamarkadetan eta honek agerian usten du “langileen balio profesionala”. “Harro egoteko modukoa da”, esan du.

  

2579