Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoarrek gainditutzat jotzen dute pandemia, eta herritarren egoera animikoak hobera egin du

Gipuzkoarrek gainditutzat jotzen dute pandemia, eta herritarren egoera animikoak hobera egin du

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022ko udaberriko Soziometroa aurkeztu du.

2022/06/02
Eider Mendoza foru bozeramailea

Gipuzkoako Foru Aldundiak udaberriko Soziometroa aurkeztu du gaur eta, bertan jasotzen denaren arabera, gipuzkoarren gehiengoak gainditutzat ematen dute COVID-19 gaitzaren pandemia. Honela, izurritearen gaia herritarren kezken zerrendatik desagertu da, udazkeneko inkestan bigarrena zen bitartean, eta gipuzkoarrek 10etik 5,86ko adostasuna erakusten dute normaltasunean bizi garela galdetzen zaienean. Honekin batera, ongizate emozionalak ere nabarmen egin du hobera, gipuzkoarrek 7,28 batekin baloratzen baitute beraien momentuko animo egoera, udazkenean baino puntu bat gehiago. Bloke ekonomikoan, ordea, herritarrak kezkatuta ageri dira egoeraren aurrean, eta prezioen gorakadaren eragina jasaten ari dira.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak aurkeztu du ikerketa gaur goizean. “Honen bitartez, herritarren kezka eta iritziak aktiboki entzuten ditugu, eta ateratzen ditugun ondorioak politika publiko eraginkorragoak egiteko erabiltzen dira”, adierazi du. Aurreko inkesta 2021eko udazkenean egin zen, eta orduan ere jendaurrean aurkeztu zen. Kasu honetan, 2022ko maiatzaren 16aren eta 24aren artean egin zen inkesta, telefonoz. 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu ziren: 340 Donostialdean, 280 Bidasoa-Oarsoaldean, 280 Orian eta 300 Deba-Urola. Herri, adin eta sexuaren arabera estratifikatutako ausazko lagina erabili da inkestan, eta dokumentu osoa Aldundiaren web orrian egongo da eskuragai.

          Aipatu bezala, arlo ekonomikoan mundu mailan bizi diren ziurgabetasunak herritarrei eragiten ari dira. Bataz beste, bakoitzak bizi duen egoera ekonomikoari 6,31ko nota jartzen diote herritarrek. Mendozak azaldu duenez, erregistro ona da, baino udazkeneko ikerketan baino 0,11 puntu baxuagoa dela ohartarazi du. Bestalde, bere bizi mailak txarrera egin duela dioten herritarrak %40,5 dira, duela sei hilabete baino 11,8 puntu gehiago, eta bizi maila hobetu dutenak 5,5 puntutan murriztu dira. Aurrera begira ere, gehiago dira lurraldeko ekonomiak txarrera egingo duela uste dutenak (%27,3) hobera egingo duela uste dutenak baino (%24,2).

Prezioen gorakadaren aurrean, nabarmentzekoa da baita ere 9tik 10ek antzeman dutela aldea: herritarren %56,3k dio asko eragin diola, eta beste %31,3k dio nahikoa eragiten ari zaiola. Esaterako, gipuzkoarren %14,2k dio bere etxeko ohiturak asko aldatu dituela elektrizitatearen prezioaren gorakadagatik, eta beste %25,6k dio nahikoa aldatu dituela arrazoi honengatik. Erregaien kasuan, inkesta erantzun dutenen %9,8k asko aldatu dituzte ohiturak, eta %15,7k nahikoa. Erosketak egiterakoan ere badago eraginik: %9,7k asko aldatu dituzte erosketa ohiturak, eta %19,3k nahikoa. “Aurrera begira, gipuzkoarren %82,2k uste du prezioen gorakadak jarraipena izango duela datozen hilabetetan”, azaldu du Mendozak.

          Ekonomia da baita ere herritarren kezka nagusia. Izan ere, honi buruz galdetuta, aipatzen diren lehenengo gaiak ekonomikoak dira: enplegua bultzatzea da gairik aipatuena, %32,8rentzat da kezka nagusia baita, eta ondoren krisi ekonomikoa (%12,4). Ondoren, etxebizitzaren gaia ageri da (%11,5) eta euskararen sustapena (%9,7) ageri dira eta prezioen gorakada, berriz, %4,1entzako da kezka iturri. COVID-19 gaitzaren pandemia, aipatu bezala, zerrenda honetatik desagertu da.

          Bestalde, aktualitateko beste zenbait gairen inguruan ere galdetu zaie gipuzkoarrei. TicketBAI proiektua zerga betebehar berri bat, digitalizazio, zerbitzua hobetzea eta iruzurraren jardueran aurrera egitea ekarriko duena, eta honen aurrean, herritarren erdiak baino gehiagok (%51,6) adierazten du baduela ekimen honen berri. 0tik 10era, batez beste 5,74ko nota eskuratzen du, fakturazio sistema hau ezartzearen egokitasunari buruz galdetuta. Proiektuaren inguruan duten iritziari buruz galdetuta, ondorio nagusia, %52,8k dioena, da iruzurra kontrolatzeko sistema ona dela. Hurrengo erantzuna, %14,7k eman duena, da merkatariarentzako desabantaila bat izango dela.

Ukrainako inbasioaren inguruan ere galdetu zaie gipuzkoarrei eta, batez beste, herritarrek ez du aprobatzen Europa gerraren aurrean izaten ari den jarrera (4,55). Hartu daitezkeen aurrean, herritarren %71,9 ados dago Ukrainari laguntzeko dirua bidaltzearekin. Adostasuna baxuagoa da armak bidaltzearekin (%35,4), soldaduak bidaltzearekin (%21,6) eta Europa eta Estatu Batuek zuzenean Errusia erasotzearekin (%8,9). Azkenik, garapen jasangarriaren kasuan, gaia ezezaguna zaie herritarren gehiengoari (%59,1) baina, ezagutzen dutenen artean, 8,10eko adostasuna adierazten duten Aldundia gai honetan lanean jartzearen garrantziaren inguruan, eta 5,84ko bataz besteko nota ematen diote foru erakundeak gai honi egiten dion ekarpenari.

Aldundia eta Batzar Nagusiak

Arlo instituzionalean, erakundeekiko duten konfiantzari buruz galdetuta, EAEko hiru erakunde nagusiek aprobatu egiten dute. Udalak dira notarik onena eskuratzen dutenak, 5,49ko balorazioarekin; Gipuzkoako Foru Aldundia ondoren, 5,48koarekin; Jaurlaritzak 5,32ko nota lortzen du; eta, azkenik, Espainiako Gobernuak 3,57ko balorazioa. Foru erakundearen kasuan, herritarren %35,2k uste du Aldundia lan ona egiten ari dela, eta %2,4k dio oso ondo dabilela. Erdian, gehiengoak (%39,6) uste du kudeaketa ez dela ez ona ez txarra, eta alde negatiboan, %8 dira uste dutenak erakundearen jarduera txarra dela, eta %2,6 oso txarra.

Oro har, 5,76 bateko nota eskuratzen du foru Gobernuaren jarduerak, +0,06ko hobekuntza udazkenarekiko.  Diputatu nagusiaren jardunak, berriz, 5,44ko balorazioa jasotzen du, eta oposizioarenak 4,79ko nota eskuratzen du. Batzar Nagusien kasuan, herritarrek honela baloratu dituzte ordezkaritza duten alderdiek egiten duten lana: EAJ-PNV da ondoen baloratuena, 5,39ko notarekin, +0,13 hobetuz; gertu du EH Bildu, 5,36, aurrekoan baino +0,16 gehiago; PSE-EEk hirugarren postua berreskuratu du, nahiz eta okerrera egin: 4,28 (-0,16); Podemosek 4,21eko nota jasotzen du (-0,24); eta azkenik, Alderdi Popularrak 2,21ko nota balorazioa eskuratzen du (-0,01).

Azkenik, inkesta elektorala ere jasotzen du Soziometroak. Honen emaitzen arabera, EAJ-PNVk irabaziko lituzke datorren foru hauteskundeak, botoen %37 lortuko bailituzke, 2019ko hauteskundetan baino 1,1 puntu gehiago. Bigarren indarra EH Bildu litzateke, 1,3ko hazkundearekin eta bozken %33,2 lortuz. PSE-EE da hirugarren indarra botoen %15,5rekin, 2019an baino 1,8 gutxiago. Elkarrekin Podemosek botoen %8,3 lortuko lituzke, 0,7 galduz. Eta azkenik, Alderdi Popularrak botoen %4 (-0,8) eta Vox alderdiak %1 eskuratu lituzkete. Batzar Nagusietako eserleku kopuruetara eramanda, EAJ-PNVk bat gehiago izango luke, EH Bilduk bi irabaziko lituzke, PSE-EEk bi ordezkari galduko lituzke, eta Elkarrekin Podemosek bat. Azkenik, PPk egun duen ordezkaria mantenduko luke, eta Vox-ek ez luke eserlekurik lortuko Batzar Nagusietan.

  

3248