Giza eskubideen kulturan sakonduko du Aldundiak eta UPV/EHU-rekin
Giza eskubideen kulturan sakonduko du Aldundiak eta UPV/EHU-rekin
Diputatu nagusiaren esanetan, "urrats bat aurrera" eman da "Gipuzkoa sozialki kohesionatuago eta berdinago baten norabidean"
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute giza eskubideen alorreko ikuspegi eta politiken inguruko lankidetzan sakontzeko. Foru jauregian sinatu dute elkarlan jarraitua abiaraziko duen hitzarmena gaur, Markel Olano diputatu nagusiak eta Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak. Hain justu, nor bere esparruan, bi erakundeek urteak daramatzate lanean giza eskubideen kulturaren sustapenean eta aurrerantzean areagotu egingo da kolaborazio hori Aldundiak zuzenean jasoko baitu Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren gidaritza eta aholkua giza eskubideen gaietan.
Sinadura ekitaldian parte hartu dute UPV/EHUko errektoreordeak, Agustin Erkiziak; Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedrako zuzendariak, Jon Miren Landak; eta Bizikidetza eta Giza Eskubideetako foru zuzendariak, Maribel Vaquerok.
Sinaketa ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak, nabarmendu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak giza eskubideei ematen dien zentraltasuna eta azaldu du "giza eskubideen defentsa eta sustapena politiken erdigunean jarrita, herritarrak eta haien funtsezko eskubideei bermea" ematen zaiela. Ikuspegi hau erakundearen jardunean modu sistematikoan txerta dadin, Katedrak Aldundiaren egitasmo eta politikak aztertuko ditu, ekimen berriak proposatu eta zuzeneko laguntza emango dio foru erakundeari. "Urrats bat aurrera eman da", diputatu nagusiaren esanetan, "Gipuzkoa sozialki kohesionatuago baten norabidean, berdintasunean eta diskriminazio ezan sakonduz". Hala, "giza eskubideen kultura eta kultura politiko demokratikoa lurralde osoan zabaltzeko konpromisoa" sendotzeko asmoa agertu du diputatu nagusiak "gizarte kohesioaren funtsezko oinarria" baita, "etorkizuneko bizikidetza", hain zuzen.
"Aldundiak, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanda, entitate lokal gisa zuzenean eragiteko aukera" duela azpimarratu du diputatu nagusiak. Zentzu honetan, aitzindaria da Foru Aldundia, entitate lokal gisa giza eskubideen ikuspuntua bere politiketan inplementatzeko bideak urratzen hasia da eta. Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Plana da horren adibide. Urtarrilean aurkeztutako plan honek giza eskubideen eta aniztasunaren sustapena bultzatzen du erakundearen departamentu guztietan ekintza eta jardueren bitartez. Plangintza hau prestatu eta kontrastatzeko orduan, Katedra izan da bidelaguna. Hitzarmen honekin kolaborazio hori gorpuztu eta egonkortu egingo da.
UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren esanetan, “irakaskuntzan eta ikerkuntzan diharduen erakundea izateaz gain, UPV/EHUk balioak transmititzen ditu eta gizarte ikuspegitik arduratsu jokatzen du”. “Dimentsio hori ez da eguneroko lanean soilik garatzen, kanpora begira ere zabaldu egiten da, bereziki euskal gizarteari begira, zeinekin ekidin ezin dugun konpromisoa duen gure unibertsitateak. Horregatik guztiagatik, UPV/EHUn jarritako konfidantza eskertu nahi nioke Aldundiari”, azaldu du.
Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmen hau Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren bitartez ahalbidetuko da. Izan ere Katedraren helburu nagusia laguntzea baita, esparru akademikotik, euskal gizarteko giza eskubideen aldeko kulturaren sustapena eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea hobeto eta areago aplikatzea lotzen. Asmoa da botere publikoek diziplina horretan aurkitu ahal izatea jarduera publikoa, giza eskubideen arabera, eraginkortasun handiagoz eta biziago garatzeko laguntza gehigarria. Helburu horri helduta, azkeneko bi urteotan egindako katedraren ekarpenetik hiru lan-ildok erakusten dute Gipuzkoako Aldundiarekin hasiko dugun hitzarmenean zein ispirituz lan egiteari ekingo zaion.
Lehenengo ildoa, indarkeria politikoaren alorrean, egia azaltzeko lanari ekin dio katedrak irmotasunez. Bigarrengoan, gure euskal arazo propioez haratago, gorroto-delituen alorrean ildo estrategikoa ezarri du katedrak, horretarako Ertzaintzarekin batera horren inguruko lehen Euskadiko txosten ofiziala sortuz, urtero errepikatuko dena. Azkenik nazioarteko giza eskubideen zuzenbidetik begiratuta, aurten, kanpaina erraldoia koordinatzen eta sustatzen ari da Katedra. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek, Eudelek eta UPV/EHUk martxan jarri zuten Eskerrak Giza Eskubideei kanpaina, horien sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko. Ekimen horren bidez, Euskadik bat egiten du Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko sustatzen duten Defenda dezagun giza duintasuna, zuzentasuna eta justizia kanpainarekin. Horretarako, euskal erakundeek baterako ekitaldi-programa irekia aurreikusita dute, une honetan garatzen ari dena katedraren akuilu-lanaz lagunduta.
Elkartrukean
Giza Eskubideen kulturaren sustapenean bat eginik, Katedrak eta Aldundiak jakintza elkartrukerako bideak irekiko dituzte. Lankitzea honen abiarazteak 10.000 euroko dotazioa izango du, aurrerantzean ere elkarlanari eusteko borondatearekin. Gipuzkoako Foru Aldundia gaur egun aurrera eramaten ari den politiketan giza eskubideek duten presentzia aztertuko du Euskal Herriko Unibertsitateak, foru planak eta araudi nagusia aztertuz. Jada egiten den lanean sakondu eta hobetu ahal izango du Aldundiak UPV/EHUren Katedraren laguntzarekin, prestakuntza plan bat diseinatuko baita Aldundiko langileak giza eskubideen arloan trebatzeko. Halaber, jarduera berriak bilatuko dira, helburu orokorraren pean, hau da, Giza Eskubideen ikuspegia zeharka ezarri dadila politika publiko guztietan. Gizarte osoari begira, prebentzio estrategia bat diseinatuko du Katedrak programa, ekintza ala kanpainen bitartez giza eskubideen kultura bultzatuko duena.
1596