Gizarte Politika eta ekonomia salbatu ditu Aldundiak, aurrekontuaren doitzean
Gizarte Politika eta ekonomia salbatu ditu Aldundiak, aurrekontuaren doitzean
“Lehentasuna kolektibo zaurgarrienak babestu eta ahalik eta jarduera ekonomiko eta enplegu gehiena mantentzea da”, esan du diputatu nagusiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 85 milioi eurotan murriztuko du aurtengo bere aurrekontua, COVID-19aren mundu mailako pandemiak sortu duen osasun, gizarte eta ekonomia arloko krisiak eragindako zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok azaldu duenez, foru erakundeak urte honetarako aurrekontuan jasotakoa baino %20 eta %25 artean gutxiago biltzea aurreikusi du. “Azken urteetako kudeaketari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoera finantzarioa osasuntsua da. Ondorioz, zerga bilketaren murrizketaren zati bat gure gerakinarekin eta legeak ahalbidetzen digu gehiengo zorpetzearen bidez estali dezakegu. Geratzen denaren kasuan, 85 milioi inguru, inbertsioak atzeratu eta gastuari eutsiko diogu” azaldu du foru arduradunak. Azpimarratu duenez, ordea, Aldundiak lehentasunezkotzat dituen sektorean doitze honetatik kanpo geratuko dira: gizarte politika eta ekonomia sustapena.
Diputatu nagusia hedabideen aurrean agertu da gaur, bideo konferentzia bidez, eta berekin izan da Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua. Olanok, bere hitzaldian, gogoratu du Gipuzkoa eta mundua “oso egoera larrian” daudela. “Gure lurraldean jada 229 pertsona zendu dira COVID-19 gaitzagatik. Hemendik, nire gertutasun eta babesa adierazi nahi diet biktimen senitartekoei eta gaixotasuna jasaten ari diren herritarrei”, adierazi du. Aldi berean, “espresuki” aitortu nahi izan du “COVID-19 gaixotasunari aurre egiteko bere onena” ematen ari diren pertsona guztiei, bereziki osasun arloko eta egoitzetako langileei.
Aldundia krisi honetan jokatzen ari den paperari erreparatuta, diputatu nagusiak azaldu du orain arteko lehentasunak honakoak izan direla: behar sozio sanitarioei aurre egitea; konfinamenduaren eskakizunei erantzuteko baldintzak ezartzea; eta sektore ekonomiko zaurgarrienei eman beharreko arreta lehenestea. “Une hauetan, krisi sozio sanitarioak darrai, eta gizartea oraindik ere agertoki honetara egokitzeko fasean dago. Argi dagoena da jarduera ororen eteteak krisi ekonomikoa ekarriko duela berekin eta ondorioz, erakunde publiko bezala, gure politika publikoak egoera berri honetara egokitu behar ditugula”, ohartarazi du.
Honela, gogoratu du geldialdi ekonomikoak zerga bilketaren jaitsiera ekarriko duela. Puntu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen aurreikuspenen arabera, aurtengo aurrekontuarekiko %20 eta %25 artean eroriko da bilketa. “Ardura ariketa bat egitera behartzen gaitu agertoki honek, beharrezkoak diren doiketak lehenbailehen egitera. Honela prestatu dugu erakundea, Gipuzkoako gizarteak dituen beharrei eraginkortasunez erantzuten jarraitu ahal izateko”, azaldu du.
Neurri nagusiak
Honako irizpideei jarraiki egingo du doiketa Foru Aldundiak: gizarte politikaren eta babes sozialaren mantentze eta indartzea; ekonomiaren mantentze eta indartzea, eta honetarako datorren astean Ekonomia Suspertzeko Plan berria aurkeztuko du foru erakundeak; garraio publikoaren mantentzea; Etorkizuna Eraikiz apustua mantentzea, COVID-19ak sortu duen agertoki berrira egokituta; Aldundia bera prestatzea pandemiaren ondorengo agertokian funtzionatu ahal izateko; estrategikoak diren proiektu eta inbertsioen egutegiak berregitea, hauen prozesuak motelduz.
“Neurri hauekin, gizarte politika eta ekonomia sustapena salbatzen ditugu. Hau da, bi partida hauek ez ditugu ukitzen eta, honi esker, alde batetik, krisi honen aurrean zaurgarrienak diren kolektiboak babesten eta desberdinkeriaren aurkako borrokarekin jarraituko dugu; eta, beste aldetik, sektore ekonomikoa ezberdinei eutsi eta ahalik eta enplegu gehiena mantentzea bilatzen dugu”, defendatu du Olanok. Honela, diputatu nagusiak sakondu duenez, COVID-19ak sortuko duen krisaren ondorioei aurreratzen zaio Foru Aldundiak eta, aldi berean, “etorriko den egoera kritikoari” aurre egiteko prestatzen da.
Doiketako mekanismoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 915 milioi euroko aurrekontua du 2020 urte honetan eta, zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, bere baliabide erabilgarriak 200 milioi euro ingurutan murriztuko dira. “Desfase horren zati bat, 115 milioi inguru, gerakinarekin estali dezakegu, edota aurten amaitzen zaigun zorra berrituz”, azaldu du Jose Ignacio Asensiok, nabarmenduz hau egitea posible dela foru erakundea finantza egoera onean dagoelako. “Azken urteetan etxeko lanak egin ditugu, erakundea saneatu dugu finantzen ikuspegitik, eta horri esker sendotasunez erantzun diezaiokegu ezustean iritsi den mundu mailako pandemia honek suposatzen duen erronkari”, nabarmendu du.
Sarrerak |
Euroak |
Gastuak |
Euroak |
Baliabideen murrizketa |
-200M€ |
Inbertsioak |
-40M€ |
Baliabide propioak |
+115M€ |
Ohiko gastua |
-25M€ |
|
+45M€ +70M€ |
Inexekuzioak |
-20M€ |
Defizita |
-85M€ |
Gastu murrizketa guztira |
-85M€ |
Hala ere, Aldundiak 85 milioi euroko defizita izango luke, eta honako modu honetan erantzungo zaio: 40 milioi euroko zuzkidura osoa duten inbertsioak atzeratuko dira, ohiko gastua 25 milioi eurotan jaitsiko da eta gainerako 20 milioiak aurrekontuen inexekuzioen bitartez hartuko ditu bere gain. Honela, foru erakundeak kontuak orekatuko ditu, eta 2020ko bere aurrekontua egokitu, COVID-19 gaitzak sortutako egoeraren ondorioz aurreikusi den zerga bilketaren jaitsieraren ondorioei aurre egiteko.
Honen inguruan, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu eta bigarren diputatu nagusiorde den Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du pertsonak direla foru Gobernuaren lehentasunak, eta momentu honetan egin beharreko ahalegina gipuzkoar guztien ongizateari eustera bideratuta egon behar duela. “Konpromiso honek esan nahi du, lehendabizi, zerbitzu sozialei eustea, biztanleen sektore zaurgarrienei ematen zaion arreta bermatzeko, eta bereziki adinekoei eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei”, aldeztu du.
Asensiok azaldu du baita ere lehentasunen artean kokatu behar dela ekonomiaren suspertzea, bereziki azpimarra jarriz krisiak gogorren kolpatzen ari den pertsonei, autonomoei eta enpresei zuzendutako laguntzetan, sektorerik ahaztu gabe. “Aldundiak baditu erremintak, arlo fiskalak eta ekonomia sustapenari lotutakoak, eta hauek erabiltzeko unea da, enplegua mantendu eta, ondorioz, herritarren ongizatea eta gure lurraldearen etorkizuna bermatzeko”, defendatu du.
Bere ustez, gai honi erantzuterako orduan ezinbestekoak dira batasuna eta elkarlana, hori baita gipuzkoarrek espero dutena. Horrela, adierazi du foru Gobernuan dauden sozialistek konpromisoa dutela “pertsonen ongizatea eta Gipuzkoaren interesa lehenetsiz lan egiteko”.
Zorra hartzeko aukera
Bere hitzaldian, aurrekontu egonkortasun eta finantza jasangarritasunaren inguruko legedia malgutzea eskatu dio diputatu nagusiak arlo honetan eskumenak dituzten administrazioei. Honela, zorpetu eta emergentzia sozial eta ekonomikoari hobetu erantzungo lioke Aldundiak. “Azken urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta esango nuke lurraldeko udal gehienek, argi eta garbi erakutsi dugu kudeatzaile arduratsuak garela. Superabitak izan ditugu, zorra murriztu dugu, gerakinak hazi dira… Horregatik, orain ezin ditugu eskuak lotuta izan erronka honi erantzuterako orduan”, aldeztu du.
Diputatu nagusiak gogoratu duenez, zor berria ezin denez hartu (legediak aurten amaitzen duten kredituak berritzen bakarri uzten du), Aldundiak “ahalegin handiagoa” egitera dago behartuta bere aurrekontua egokitzeko. “Ez da justua gipuzkoarrek ahalegin horren ondorioak jasatea, ez da justua muga hauekin jarraitzea. Are gutxiago, azken urteetan zehar Gipuzkoako gizartea eta bere erakundeek, Aldundia buru, duda izpirik uzten ez duen heldutasun eta ardura erakutsi dutenean kudeatzerako orduan”, adierazi du.
Azkenik, diputatu nagusiak elkarlanerako deia eginez itxi du bere hitzaldia. “Foru Gobernura iritsi ginenetik, gure apustua beti izan da gobernantza eredu eta elkarlanekoaren alde: lurraldeak dituen erronkei denon aurrean egiten diegu aurre”, gogoratu du. Hau horrela izanda, Olanok iritzi dio “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela elkarlanean aritzea, Gipuzkoak “azken hamarkadetan izan duen erronkarik larrienari aurre egin ahal izateko”. “Hemendik, erakunde guztiei dei egiten diet norabide berean aritzeko, hori baita krisi hau gainditzeko daukagun modu bakarra”, aldeztu du.
1757