Gizarte zerbitzuak errealitate berrira egokitzeko plangintza aurkeztu du Foru Aldundiak
Gizarte zerbitzuak errealitate berrira egokitzeko plangintza aurkeztu du Foru Aldundiak
Prebentzioa eta erantzun azkarra ditu helburu bide-orriak, gaitzari aurre egiteko neurriak bisiten eta zerbitzuen pixkanakako berreskuratzearekin uztartuz
Lurraldeko gizarte zerbitzuak Errealitate Berrira Egokitzeko Plana aurkeztu dute gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Gizarte Politikako foru diputatuak, Maite Peñak. COVID-19ak etorkizunean izan dezakeen bilakaeraren aurrean, prebentzioa, aurre hartzea eta erantzun azkarra ditu helburu bide orri honek, egoitza sare osoko bisiten eta zerbitzuen pixkanakako berreskuratzearekin uztartuz. “Kolektibo ahulenen ongizatea, osasuna eta integritatea izango dira lehentasuna nagusia. Horretarako, birusari aurre egiteko neurriak plan batean jaso baziren, modu estrategiko eta planifikatuan, halaxe egin dugu orain ere, pandemiak utzitako errealitate berrira egokitu asmoz. Plangintza koordinatu, ordenatu eta koherente bat osatu dugu horretarako, prebentzioa oinarri hartuta”, baieztatu du Olanok.
Aldi berean, Errealitate Berrira Egokitzeko Planari esker, gizarte zerbitzuetan egindako zenbait egokitzapen apalka-apalka leheneratu ahalko dira. Horretarako erreferentzia izango dira zerbitzuak jasotzeko eskubide unibertsala bermatzea, batetik, eta osasun publikoaren babesa, bestetik. Diputatu nagusiak azaldu duenez, joan den astean neurri hauen inguruko kontraste lana egin zuten Gizarte Politikako arduradun eta teknikariek. Hainbat eragileren ekarpen eta proposamenak jaso zituzten, tartean egoitza eta eguneko zentroetako arduradunak, hirugarren sektoreko ordezkariak, egoiliarren senitartekoak, sindikatuak, udalak eta Batzar Nagusietako talde politikoak. Olanok gehitu duenez, dokumentua “zabalik” dago ekarpen berriak jaso eta balizko aldaketak egiteko, datozen faseetara begira.
“Beraz, aurkezten ari garen plan hau plangintza partekatua da. Errealitate berri horretara egokitzen jarraitzeko bide-orria da, beti ere gizarte langileentzako eta zerbitzuen erabiltzaileentzako osasun eta segurtasun berme guztiak betez, halaxe eskatzen baitu egungo ezohiko egoerak”, osatu du Olanok. Gisa horretan, azpimarratu duenez, adineko pertsonentzako egoitzak “lehentasunezko gai” izaten segiko dute Aldundiarentzat; prebentzio eta garbiketa neurri bereziek indarrean eutsiko diote eta, gainera, garrantzitsua izango da aurretiazko atzematea eta kasuen jarraipen zorrotza, zeinak egingo ditugun Osakidetzaren Epidemiaren Jarraipenerako Unitateekin elkarlan estuan.
Olanok xehetu duenez, faseka banatutako plan honek aurreikusten du nola berrezarriko diren egoitzetara egin daitezkeen bisitak. Horrela, erabiltzaileek familia eta gertukoen “babesa” jasotzeko modua izango dute, beti ere distantzia eta prebentzio neurriak errespetatuz. Horregatik, helmuga epe ertainean kokatuz, planak bost fase edukiko ditu, 0tik hasi eta 4ra arte. 0 fasea maiatzaren 10ean amaitu zen, 1 fasea maiatzaren 24ean bukatzea espero dute, bigarren fasea ekainaren 7ra arte luzatuko da, 3 fasea ekainaren 21era arte eta 4. fasea, berriz, uztailaren 4ean hasiko litzateke ondo bidean.
Amaitzeko, diputatu nagusiak Txoke Planaren balorazio labur bat egin du. Plangintza honen helburua COVID-19ak sortutako osasun krisialdiari aurre egite izan du helburu. Adierazi duenez, “tresna eraginkorra” izan da arazoari “erantzun bizkorra eta proaktiboa” eman ahal izateko. Horren ondorioz, lurraldeko zentroen %93,4 COVID-19tik salbu geratu da orain arte. “Gipuzkoako gizarte zerbitzuek, lurraldeko elkartasun eta gizarte sareak, errekonozimendu osoa merezi dute, sekula izan gabeko egoera batera egokitzen jakin dutelako, etengabeko konpromisoa eta eskuzabaltasuna erakutsiz”; azpimarratu du.
Bestalde, Maite Peñak gogorarazi du Planak, zenbait eragilerekiko koordinazio estuan sortzeaz gainera, osasun agintarien lankidetza ere badaukala. Izan ere, bere helburua da ezarritako segurtasun eta higiene neurriekin bat egitea, eta faseen aurrerapen bakoitza berrikusteko aukera jasotzen du: “Lehenengo tuneletik atera bagara ere, prest egon behar dugu modu azkar, bizi eta aurreratuan erantzuteko etorri daitezkeen egoerei”.
Diputatuak adierazi duenez, Errealitate Berrira Egokitzeko Plana, plan “integrala” da, Gizarte Politiketako Departamentuak ematen dituen zerbitzu guztiak jasotzen baititu –mendekotasuna, desgaitasuna, gaixotasun mentala, gizarte inklusioa, haurren babesa, eta indarkeria matxistaren emakume biktimak–, eta gainera, COVID-19aren testuinguruan hartutako aparteko baliabideak, zerbitzuak eta neurriak, baita Txoke Planean hartutakoak ere, zeinak etengabeko berrikuspenean eta funtzionamenduan jarraitzen baitu, guztira 90 neurriz osatuta.
Txoke Plana
Nahiz eta Txoke Planak jardunean jarraituko duen “giltzarria delako COVID-19a gizarte zerbitzuen arloan kudeatzeko”, Peñak iragarri duenez, faseetan aurrera egin ahala, zenbait aldaketa izango ditu. Hala ere, pasa den martxotik egoitza zentroetan abian jarri ziren prebentzio eta euste protokoloak , “zeinak aktibo jarraituko duten eta egoera bakoitzak eskatzen duenera moldatzeko gaitasuna izango duten”. Horregatik, Maite Peñaren hitzetan, “hain beharrezkoak” diren neurri prebentiboak, “giltzarri izaten jarraituko dute gaixotasunaren kontrolerako”, hala nola, higiene, distantzia eta babes neurriak, zentroen sektorizazioa, desinfekzioak, tenperatura hartzea, PCR eta testak egitea prebentzio neurri gisa, sarreren eta irteeren kontrola, etab.
Era berean, Txoke Planaren erdigunean abiatutako zerbitzuek indarrean jarraituko dute, eta 4. fasean balioetsiko da haiekin jarraitzea, hala nola laguntza psikosoziala eta Telezaintza, telefono bidezko arreta zerbitzua, “uste dugulako birusak alderdi emozionalean dituen ondorioak ez direla desagertzen gaixotasunaren beraren erritmo berean”.
COVID-19aren testuinguruan kolektibo zaurgarriei arreta emateko prestatu diren baliabide bereziei dagokienez, prestatutako aterpetxeetako egoerak ere aztertzen ari dira, eta 4. fasean birformulatuko da Hondarribiko baliabidea, bazterketa egoeran daudenentzako egoitza bidezkoa, eta orduan balioetsiko da gainerako aterpetxeak ere ixtea.
Beste alde batetik, Gurutze Gorriaren Donostiako zentroan zeuden azken pertsonek medikuaren alta jaso dute; eta egun haren jarraipena baloratzen ari da, zerbitzua berrantolatzearen beharrari erantzunez, beti ere irizpide tekniko eta medikuen esanetara.
Beren etxeetara itzuli diren pertsonak egoitzetara itzultzeari dagokionez, desgaitasuna duten pertsonen kasuan, egoitza-zentroetara itzultzeko aukera 2. fasean emango da, eta adineko pertsonen kasuan, berriz, 3. fasean, ekainaren 8tik aurrera. Hala badagokio, beren etxean aldi baterako gelditzeko aukera alarma-egoera bukatu arte luzatuko da. Bestalde, egoitzetako langileentzat prestatutako hotel sarearen erabilera bere horretan mantenduko da kasu positiboak dituzten zentroetako langileentzat.
Babes materiala hornitzeari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak materiala banatzen jarraituko du, beharretan oinarrituta, 4. faseraino, eta orduan utziko dio banaketari, egoera nabarmen hobetu delakoan. Bien bitartean, egoitza-zentroek behar den prebentziozko materiala eduki beharko dute. Hala ere, Foru Aldundiak jarraituko du beharrezko materiala hornitzen merkatua normaldu arte, zentro guztiek prebentziozko materiala dutela bermatuta.
Adineko pertsonen egoitzak eta eguneko zentroak
Orain arte, konfinamendua arintzearen 0 fasean, adineko pertsonen egoitza-zentroetan, kontingentzia planen balorazio jarraitu bat egin da; zentroen prebentziozko antolaketari buruzko jarraibideak aplikatu dira; senideei bisitak egitea baimendu da, salbuespenezko kasuetan, eta babes neurri handiekin; eta zentroek eguneko zentroetako langileen laguntza jaso dute. Neurri prebentibo guztiek indarrean jarraituko dute “aurrerapenerako ezinbestekoak direlako” eta, gainera, Peñak adierazi du egoitza zentroetan 300 plaza libre geratuko direla etorkizuneko COVID-19 kasu positibo posibleen isolamendua eta arreta errazteko.
1. fasean, kontingentzia planak berrikusten eta egokitzen jarraituko da, baita zentroak eta instalazioak egoiliar berrientzat egokitzen ere. Orobat prestatzen ari dira bisitetarako guneak, eta hasi dira egoiliarren bisitak, aldez aurretik medikuaren agindua dagoela, ez kasu positiborik ez susmagarririk ez duten zentroetan, aurretiko hitzorduarekin, eta babes neurri handiekin.
2. fasean hasiko da bizikidetzako eta taldeko normaltasun berria, modulu eta talde txiki iraunkorretan sektorizatua eta segurtasun distantziak mantenduz. Fase horretan hasiko dira irteerak egiten terrazetara eta lorategietara, eta, posible den zentro horietan, eta aurretiko hitzorduarekin, egoiliarren eta beren familiartekoen arteko ikusizko kontaktua aldeztuko da kanpoko espazio komunetatik.
3. fasean hasiko dira, ekainaren 8tik aurrera, egoiliar bakoitzeko senitarteko baten arteko bisita programatuak, babes neurri handiekin, eta 4. fasean, bi familiarteko izan ahalko dira. Senitartekoekiko bideo deiak ere mantenduko dira, Besarkada Birtualak ekimenaren bitartez hasitakoak. 3. fasean ere, egoitzak irekiko dira egoiliar berrientzat, PCR negatiboa badute eta aurrez isolamendua egin badute, eta itzultzen hasiko dira, baita ere, beren etxeetara aldi baterako irten ziren pertsonak, PCR negatiboa badute eta aurrez isolamendua egin badute, era berean. Erabiltzaileen irteerek eta boluntariotzako jarduerek etenda jarraituko dute.
Eguneko zentroetako egoerari dagokionez, orain arte, zentro horietan telefono bidezko jarraipena egin zaie erabiltzaileei, haien egoera eta bilakaera jakiteko, eta gainera, 1. fasean, zentroak ere hasi dira kontingentzia planak prestatzen, etxebizitzetan laguntza emateko esku hartzeak egiteaz gain. 2. fasean, zentroak eta instalazioak egokitzen hasiko dira, eta 3. fasetik aurrera, ekainaren 8tik aurrera, pixkanaka irekiko dira zirkunstantzia berrietara egokitutako zentroak eta instalazioak, PCR negatiboarekin, eta lehentasuna emanez egoitza-zentroetan kokatuta ez dauden zentroei.
2287