Gourmet Bag 2024k ontzi itzulgarriak estreinatzen ditu jasangarritasuna mahaira eramateko
Gourmet Bag 2024k ontzi itzulgarriak estreinatzen ditu jasangarritasuna mahaira eramateko
Zazpi establezimenduk parte hartuko dute Gourmet Bag 2024 programan. Seigarren edizioko berritasuna, itzultzeko ontziak dira, elikagaien xahuketa murrizteko, hondakinak minimizatzeko eta Gipuzkoako ostalaritzan berrerabilera sustatzeko.
Abenduaren 4an, jardunaldi tekniko bat egingo da Arima hotelean, HORECA sektorea elikagaien xahuketari buruzko araudira eta erabilera bakarreko ontzien alternatibetara egokitzeko.
Gaur goizean, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Ibon Leunda Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kidearekin eta Xabier Arizmendi Impact Hub-eko Gourmet Bag proiektuaren arduraduna, Gourmet Bag proiektuaren edizio berria aurkeztu dute. Ekimen honek, oraingoan, ontzi itzulgarrien aldeko apustua egiten du, materialak berrerabiltzea sustatzeko eta Gipuzkoako taberna eta jatetxeetan elikagaien alferrik galtzea ekiditeko.
Itzultzeko ontzien sistema bultzatzea
Gourmet Bag 2024 programa Gipuzkoako hainbat herritan banatutako zazpi establezimendu piloturekin hasiko da, jatetxe gehiagotan zabaltzeko helburuarekin. Parte hartzen duen establezimendu bakoitzak Pack Gourmet bat jasoko du, itzultzeko 25 ontziz eta 50 paper-poltsaz osatua. Ontzi horiek aukera emango diete bezeroei janarien soberakinak eramateko eta etorkizuneko bisitetan ontziak itzultzeko, eta higienizatu egingo dira berriro erabili ahal izateko.
Prentsaurrekoan, José Ignacio Asensiok ekimen horren garrantzia nabarmendu zuen: “Gipuzkoan, urtean 127.000 tona elikagai alferrik galtzen dira, eta HORECA sektorea da kopuru horren % 10aren arduraduna. Testuinguru horretan, Gourmet Bag 2024 funtsezko ekimena da elikagaiak xahutzeari aurre egiteko. Arazo horrek, ingurumen-inpaktu esanguratsua izateaz gain, gizarte-arazo larriak planteatzen ditu. Gure jatetxeetan ontzi itzulgarrien sistema bat sartzean, aurrera egiten ari gara ostalaritza-eredu arduratsuago eta jasangarriago baterantz. Onartezina da milioika pertsonak gose diren mundu honetan baliabide baliotsuak alferrik galtzen jarraitzea. Ostalaritza Elkartearekin eta Impact Hubekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da sektoreko eragile guztiak ezinbesteko aldaketa horrekin bat egiten dutela bermatzeko”.
Ibon Leundak trantsizio horretan ostalaritza-sektoreak duen zeregina azpimarratu du: “Establezimenduetako arduradunek eta bezeroek Gourmet Bag kanpainetan topatu duten sentsibilizazio eta onarpen handiak haratago joatea bultzatu, animatu eta ia behartzen gaitu, 2024an finkatu dugun erronka berri honekin. Ziur gaude kanpainaren fase berri honek Gipuzkoako ostalarien kolektiboari lagunduko diola elikagaiak xahutzeko araudi berrian ezarritako betebeharrak bere gain hartzen eta betetzen. XXI. mendeko gastronomian Gipuzkoak munduko erreferente izaten jarraitzen duela erakutsiz, ez bakarrik kalitate-ezaugarriengatik, baita maila guztietan duen lehiakortasunagatik ere”.
Bestalde, Xabier Arizmendik adierazi duenez, “esperientzia pilotu bat da, eszenatoki ezin hobean kokatua; izan ere, Gourmet Bag-aren aurreko edizioetan jasangarritasunaren arloan inplikatuta zeudela erakutsi zuten establezimenduen datu-base zabala dugu, ohiko bezeroen artean itzul daitekeen sistema probatzeko orduan”.
Prestakuntza eta informazio-materiala
Proiektuak jatetxeetako langileei prestakuntza espezifikoa ematea barne hartzen du, kanpainan aktiboki parte hartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. Era berean, atxikitako establezimenduetan kartelak eta informazio-liburuxkak banatuko dira, bezeroen parte-hartzea sustatzeko eta itzultzeko ontziak erabiltzearen onurak ikusarazteko.
Gourmet Bag proiektuaren ibilbidea
Gourmet Bag proiektua 2018an hasi zen, ekimen pilotu gisa, Donostiako zenbait jatetxetan. Harrezkero, Gipuzkoako 21 udalerritako 145 establezimendutara zabaldu da, eta berrerabil daitezkeen 13.300 ontzi baino gehiago banatu ditu sei urteko ibilbidean. Bilakaera horrek ekonomia zirkularraren erreferente gisa finkatu du proiektua, eta elikagaien alferrik galtzea murrizten lagundu du kontzientziazioaren eta irtenbide berritzaileen ezarpenaren bidez.
Urteetan zehar, kanpainak herri berriak sartu ditu, hala nola Pasaia, Lasarte-Oria, Errenteria, Hernani eta Oiartzun, eta ontziak berrerabiltzeko eta itzultzeko eredu aurreratuago baterantz egokitu du bere ikuspegia, Europako araudiekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta.
HORECA sektoreko jardunaldi teknikoak
Prentsaurreko berean iragarri da HORECA sektoreko jasangarritasunari buruzko jardunaldi teknikoak egingo direla abenduaren 4an, Donostiako Arima Hotelean. Jardunaldiok honako hauek izango dituzte ardatz:
- Elikagaiak xahutzeari buruzko araudia aplikatzea.
- Erabilera bakarreko ontzien alternatibak.
- Erakundeek sektorea arau-eskakizun berrietara egokitzea errazteko emandako baliabideak.
José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, “elikagaien hondakinen murrizketa funtsezko zutabea da klima-aldaketaren aurkako borrokan, bai eta betebehar etiko eta sozial bat ere. Erakundeen, enpresen eta herritarren arteko lankidetza funtsezkoa da guztiontzako eredu jasangarraigo eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko”.
3440