Hainbat erakunde eta eragilek bat egin dute SPORTEK HUB abiarazteko
Hainbat erakunde eta eragilek bat egin dute SPORTEK HUB abiarazteko
Aldundiak, Donostiako eta Eibarko Udalek, Realak, SD Eibarrek, Eusko Jaurlaritzak eta Bic Gipuzkoak ekintzailetza teknologikoa eta berrikuntza sustatuko dituzte.
Zazpi erakunde eta entitatek indarrak batu dituzte SPORTEK HUB abian jartzeko. Gipuzkoako kirolari aplikatutako teknologia berritzaileen hub bat da SPORTEK HUB, eta lurraldean kirol industria lehiakor bat bultzatzeko dauden gaitasunak indartzeko xedearekin sortu da, ekintzailetasun teknologikoa eta kirol produktu eta zerbitzuetako berrikuntza sustatuz, startup berritzaileei lagunduz eta sektoreko enpresa eta eragileetan berrikuntza eta negozio eredu berriak txertatzeko lan eginez. Gipuzkoan hasiko den ekimen honek Euskadi osoko eragileei eta klubei zabaltzeko asmoa du, eta, etorkizunean, kirolean aritzen diren enpresen eta erakundeen lehiakortasuna indartzeko palanka izan nahi du.
SPORTEK hub ekimen publiko-pribatu gisa eratzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Eibarko Udala, Donostiako Udala, Real Sociedad Fundazioa, Eibarko Kirol Elkartea Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza ditu sustatzaile, Bic Gipuzkoa ekimenaren organo kudeatzaile delarik. Markel Olano ahaldun nagusiak, Eneko Goia eta Jon Iraola Donostiako eta Eibarko alkateek, Jokin Aperribay eta Amaia Gorostiza Real eta Eibarko presidenteek, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko, Jasangarritasuneko eta Ingurugiroko sailburuak eta Marisa Arriola Bic Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak hartu dute parte sorrera ekitaldian.
Ekimen irekia da, bai kirol modalitateei, bai arlo horretan jarduten duten edo zerikusia duten erakundeen tipologiei dagokienez: kirol klubak, enpresak –kirol sektorekoak zein beste sektore batzuetakoak, kirolean esperientzia dutenak edo ezagutzak eta teknologiak kirolari aplikatzeko aukera dutenak– eta ikerketa eta prestakuntza erakundeak. Ildo horretan, hainbat kirol erakunderekin harremanetan hasi dira, laguntzaile gisa izan dezaketen papera dela-eta; dagoeneko ACT, Gipuzkoa Basket eta Bera Bera klubek interesa adierazi dute parte hartzeko.
Bic Gipuzkoa izango da SPORTEK HUB erakundearen organo operatiboa, eta, berrikuntza zentro denez gero enpresa teknologiko eta berritzaile berriak sustatzen eta Gipuzkoan dauden enpresetan berrikuntza eta dibertsifikazioa suspertzera eta sustatzera bideratutako zerbitzuak ematen izan duen esperientzia eskainiko du.
Gipuzkoan eta Euskadin bultzatzen ari diren berrikuntzako estrategia eta gaitasun sektorialak kontuan hartuta, SPORTEK HUBak lau arlo nagusi izango ditu: osasuna, ongizatea eta jarduera fisikoa; kirol digitala; material berriak; eta kirol espazio adimendunak.
HUBak bi ardatz izango ditu oinarri bere jardueran: berrikuntza irekia eta teknologiaren eta kirolaren zeharkakotasuna. Bereziki garrantzitsua izango da bitartekaritza funtzioa, teknologiak, gaitasunak, eragileak, enpresak, erakundeak eta pertsonak elkarrekin lotuz, eta sareen arteko lotune bat eratuz. Ekosistema horretan, startupak sendotzeaz gain, lehentasuna izango du kirol erakundeek dituzten erronkei erantzun diezaieketen teknologien baterako garapenerako lankidetza bultzatzeak, horrela, lehiakortasuna eta posizionamendua areagotzeko.
Ekimenak hiru ildo estrategiko izango ditu: lehenengoa kirol berrikuntzako ekosistema bat bultzatzea izango da. SPORTEK HUB kirol espezializazioko ekosistema bat bultzatzeko elementu katalizatzaile gisa eratu nahi da, kirol sektorean parte hartzeko interesa duten eragileak elkarrekin harremanetan jarriz. Kirol berrikuntzaren inguruko komunitate bat eraiki nahi da Gipuzkoako enpresa, eragile teknologiko, ikerketa talde eta ekintzaileekin.
Bigarren ildo estrategikoa ezagutza sortzea eta balioa ematea da. Lurraldean dauden erakundeetatik abiatuta, kirol arloko ezagutza berritzailearen ikerketa eta transferentzia bultzatuko ditu, enpresa berriek edo dagoeneko finkatuta daudenek aukera izan dezaten beren produktuak eta zerbitzuak hobetzeko eta sortutako ezagutzatik abiatuta irtenbide berriak sortzeko.
Azkenik, hirugarren ildo gisa, kirol sektorean enpresa berritzaileen sorrera dinamizatuko du, hiru jarduketa arlo hauek dituela: Gipuzkoan kirol sektorera bideratutako eta berrikuntza teknologiko handiko enpresa ekimen berriak sortzen lagunduz; kirol merkatuan irtenbide berritzaileak garatu nahi dituzten ekintzaileei eta enpresei lagunduz; eta kirol erakundeekin lankidetzan arituz, proposamen berriak bilatzerakoan azaltzen zaizkien erronka teknologikoak konpontzen.
Lehen urte honetan, bere jarduera laguntzaileen kudeaketan oinarrituko da funtsean, helburuak lortzeko behar den funtzionamendu ekosistema eratu ahal izateko. Era berean, berrikuntza programa ireki bat abiaraziko da, kirol erakundeen erronkak/beharrak startupekin, enpresekin eta eragile teknologikoekin kudeatu ahal izateko, eta I+G+B eragileen euskal sarean aukera teknologikoak identifikatu eta balioztatuko dira, kirol enpresa/erakundeei aurkezteko.
2641