Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Harrera bikaina izaten ari da ‘Iritsi gara!’ Go!azen bildumako lehenengo liburua

Harrera bikaina izaten ari da ‘Iritsi gara!’ Go!azen bildumako lehenengo liburua

Jasone Osorok idatzi, Alai Zubimendik ilustratu eta Alai Argitaletxeak argitaratu duen lana gaur aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian

‘Iritsi gara!’ izenpean aurkeztu dute gaur Go!azen telesail arrakastatsuaren bildumako lehen liburua, Jasone Osorok idatzi, Alai Zubimendik ilustratu eta Alai Argitaletxeak argitaratu duen lana. Liburuak egun batzuk daramatza salgai eta harrera ezin hobea izan du, jada lehen edizioa agortuta baitago. Bigarren edizioa bidean da, eta bildumako bigarren liburua, bestalde, liburua Durangoko Azokako prest izatea aurreikusten da. Lehen lanaren aurkezpena gaur goizean egin da Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan egon dira Itziar Gomez, Go!azen telesaileko zuzendaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea eta Gobernantza foru diputatua; Jasone Osoro idazlea eta Aurelio Erdozain, Alai Argitaletxeko editorea. 
Azken honek azaldu duenez, “normalean liburu batean oinarritutako film edo telesailak ikusten baditugu ere, kontrako bidea hartzeko ideia bururatu zitzaigun”. Hau da, gaztetxoek telebistan erakargarri eta interesgarri duten telesail batetik abiatu, idatzitako bilduma berri bat egitea, eta hortik jaio zela Go!azen! bilduma. Jasone Osorok, bere aldetik, aipatu du berak ongi baino hobeki dakiela zer den telesail batera engantxatua egotea eta amaitzen denean denboraldi berria hasi arte zain egotea. “Bilduma honi esker istorioak jarraitzeko aukera izango da eta, gainera, istorio berriak sortuko dira. Azken finean, Basakabin dauden pertsonaiek, udalekuan ez daudenean, ere bizitza dute. Nolakoa da bizitza hori? Horixe kontatzea izango da haren erronka”, azaldu du.
Itziar Gomezek, bere aldetik, azpimarratu du orain arte Go!azen teknologia berriekin lotuta egon arren, telesailak liburuak eta irakurzaletasuna bultzatzeko ideia bikaina iruditu zaiela. Bestalde, pantailan agertzen ez diren hamaika istorio irakur eta goza dezakete gaztetxoek. “Jasone Osororen esku lan hori uztea bildumaren arrakasta ziurtatzea izango da”, gaineratu du. Azkenik, Eider Mendozak Go!azen proiektua indartzen eta hedatzen jarraitzeak euskararentzako duen garrantzian jarri du azpimarra. “Kalitatezko produktua da, berritzailea, eta belaunaldi berriekin konektatzen asmatu duena. Euskararen transmisioa eta etorkizuna bermatu nahi baditugu, ezinbestekoa da honelako apustuekin jarraitzea”, aldeztu du foru bozeramaileak.

Egileak eta liburua
Jasone Osoro Igartua Elgoibarren jaio zen, 1971n. Kazetaria da ikasketaz, eta prentsan ez ezik, telebistan ere aritu da gidoigile. Helduentzako hainbat nobela eta ipuin-liburu idatzi ditu hala nola Tentazioak, Korapiloak, Greta eta Hamabietan bermuta. Dena den, gazte-literatura arloan inon baino arrakasta gehiago lortu du Jara (Jara, Jara bikiak eta bikoteak, Jara live eta Jara Bartzelonan) eta Ezekiel (Ezekiel eta Ezekiel noraezean) sailekin liburuak hamaika berrargitaraldi izan baituzte. Nerabeentzat kaleratu duen azken sailak Esku larru beltzak du izena (Eskularru beltzak, Casting-a, Ikasbidaia eta Ihes). 
Alai Zubimendi Idarreta, bere aldetik, Arte ederretan lizentziatu ondoren, 2002. urtean hasi zen ilustrazio lanetan, batez ere haur literaturari eta testu-liburuei zuzendutako irudiak sortzen. Orduz geroztik, hainbat argitaletxerentzat egin du lan. Komikigintzari ere ekin dio eta hainbat sari lortu ditu. Gaur egun, Hernaniko Gaueko komiki-dendaren jabea da, eta ilustratzaile lanarekin jarraitzen du.
Iritsi gara! liburuak kontatzen duena Go!azeneko gaztetxoek Basakabira iritsi aurreko orduetan bizitzen dutena da. Kamioi bat gurutzatu da errepidean eta auto-ilarak sortu ditu, uste baino gehiago luzatuz itxaronaldia eta dozenaka autobus eta kotxe zain egotera behartuz. Autoan doaz Zuri, Eli, Gari eta Julen; autobusez Danel, Eider, Eneko, Maddi, June eta Igor; Aimar amarekin doa autoz; eta Gabo desesperatzen hasi da gasolindegian atzeratzen ari direlako. Era batera edo bestera, guztien bizitzak gurutzatuko dira errepidean: familia hippy bat ezagutuko dute, auto-stop egiten duen jendea, ezkutatuta dagoen aintzira bat... Hainbat abentura igaro ondoren, azkenean bai, azkenean iritsiko dira Basakabira.

  

2833