Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Herri-ordezkarien politika egiteko moduek elkarbizitzan duten eragina aztertu dute Tolosaldean

Herri-ordezkarien politika egiteko moduek elkarbizitzan duten eragina aztertu dute Tolosaldean

Aldundiak kultura politiko demokratikoan sakontzeko saioa egin du Tolosan; ordezkari politikoekin, adituekin eta eskualdeko hautetsiekin

Maribel Vaquero Tolosa

Kultura politiko demokratikoan sakontzeko helburuarekin, eskualde ezberdinetan hausnarketa saioak egiten dabil Gipuzkoako Foru Aldundia. Tolosan egin da saio sortaren bigarren bilera eta eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoek, hautetsiek eta adituek hartu dute parte udaletxean egin den lanketa dinamikan. Guztira 40 lagun elkartu dira, gizartearen eta pentsaera politiko ezberdinen ordezkaritza zabala osatuz. Tolosakoaz gain, hausnarketa lurralde osora zabaltzeko saio gehiago egingo dira hurrengo asteetan: Arrasaten eta Errenterian, hurrenez hurren.

            Maribel  Vaquero, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak gidatu du Tolosako udaletxeko pleno aretoan egin den saioa eta ekintza honek Aldundiaren helburu nagusietako bat betetzen duela azaldu du: "Herritarren bizikidetza sendotzea, kultura politikoaren bitartez eta demokrazian sakonduz". Hori hain zuzen, "betebeharra" da Vaquerorentzat, "sistema demokratiko sendo eta zorrotza eraikitzea, giza eskubideen defentsan oinarria" duena. Hala, gaurko saioa Tolosaldeko hautetsi, ordezkari politiko eta adituei zuzendutakoa izan da. Foru zuzendariak nabarmendu du bizikidetza eta kultura demokratikoaren alde eragile politikoek egiten duten ekarpen handia. "Elkarbizitzan egindako aurrerapenek zuzenean lotura dute demokrazian sakontzearekin", Vaquerok azaldu duenez, eta bereziki "erakundeetako ordezkarien eta gizarte antolatuaren jarrera" azpimarratu du, "herri ordezkarien politika egiteko moduek eta jarrerek zuzenean lotura dutelako elkarbizitzan, herri-eragile" diren neurrian. Vaquerok helburu orokor eta nagusi baten pean kokatu ditu Aldundiak elkarbizitzaren eta elkarrizketaren alde egiten dituen ahaleginak: "etorkizunera begiratu eta etor daitezkeen gatazkei era demokratikoan aurre egiteko bidean kokatzea".

            Hausnarketa saioak lanabes gisa hartu du abenduan aurkeztu zen Gipuzkoarren Kultura Politikoa izeneko ikerketa lana. Tolosako alkate Olatz Peonek balioan jarri du ikerketa, hain zuzen: “Hausnarketarako erreminta aproposa da eta erakusten du gizarte aktibo bat dagoela atzean". Peonentzat, "egun, administrazioak gobernantza eredu berriei heldu eta gardentasuna eta partaidetza sustatzen dituen unean, gizartearen sustengua eta inplikazioa garrantzitsua da”. Tolosako alkatearen iritziz, jarrera hori “konfiantzan, errespetuan eta elkarrizketaren bidez gauzatu behar da, era anitzean, geroz eta gizarte pluralago bati erantzutea tokatzen baitzaigu”.

 

Gipuzkoarren kultura politikoari buruzko ikerketa

Iaz, ekainean eta uztailean, 1.496 gipuzkoarrei egin zitzaien galdeketan oinarritzen da txostena. Gipuzkoarren balioak, politikari buruzko imajinarioa eta, besteak beste, egungo sistema politiko eta demokratikoaren inguruko balorazioak jaso ziren inkestetan. Ikerketaren emaitzek aurretik susma zitekeen herritarren politikarekiko urruntasuna konfirmatu zuten baina, baita ere, irakurketa zabalagoa eskatzen zuten ondorioak azaleratu ziren. Esate baterako, ikerketak agerian utzi du gipuzkoarren gehiengoak gizartearengan duen konfiantza handia ala Euskadiko funtzionamendu demokratikoaren asebetetze maila altua, aldiz, Espainiako Estatuarekiko mesfidantza gehiago agertu dute. Erabakitzeko eskubideak duen onarpen zabalak ere nabarmentzeko moduko datuak utzi zituen. Bestalde, ikerketan garbi jaso dira herritarren multzo handi batek politikarekiko duen interes eta atxikimendu falta, nahiz eta partaidetza handiagoa eta gai sozial eta politikoekiko ardura handia adierazi zuten galdetutakoek (Txostena ikusi hemen: http://bit.ly/2wdd66j).

            Gaurko saioa eta datozen asteetan egingo direnak gogoeta eta lanketa prozesu luzeago baten katebegiak dira, 2016an hasitako prozesu baten jarraipena, hain zuzen, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendariak azaldu duen bezala. Oraingo saioetan herritarren iritzi eta balorazioak jaso nahi direla azaldu du Maribel Vaquerok eta "etorkizunera begira, gipuzkoarren kultura politikoa hobetzeko eman beharreko urratsak pentsatzen lagunduko dute ekarpen eta iritzi horiek".

 

Datozen saioak

Datorren saioa maiatzaren  21ean egingo da Arrasaten eta Errenterian egingo da hurrengo bat ere. Gehiago iragarriko dira datozen asteetan. Saio bakoitzean eskualde horretako ala dagokion barrutiko talde politikoetako ordezkariek, udal hautetsiek, batzarkideek eta eragile kulturalek, sozialek eta ekonomikoek, besteak beste, hartuko dute parte. Gizartearen ordezkaritza zabala jasoko duen talde lana egingo da herritarrekin, adituekin eta ordezkari politikoekin. Partaideei Gipuzkoako kultura politikoari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztuko zaizkie eta ondorioak konpartitu eta osatu egingo dira prozesua osatzeko.

  

1543