Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Herritarren etorkizunari buruzko argazkiek osatuko dute Foru Aldundiaren 2019ko egutegia

Herritarren etorkizunari buruzko argazkiek osatuko dute Foru Aldundiaren 2019ko egutegia

Argazki Lehiaketako lanak aurkezteko epea uztailaren 30ean hasiko da

2018/07/27

Foru Aldundiak Argazki Lehiaketako bigarren edizioa aurkeztu du; oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek egingo dute erakundearen 2019ko egutegia. Lurraldearen etorkizuna izango da aurtengo gaia. Parte hartu nahi dutenek, beraz, kontzeptu hori islatu beharko dute argazkietan, eta argazki horiek sare sozialetan partekatu beharko dituzte. Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza izango du, eta 4.000 euro banatuko ditu saritan: 1.000 euroko lehen saria, egutegiaren azalerako, eta 250 euroko 12 sari, egutegiko hilabete bakoitzerako (pertsona berak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso deialdian).

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez. Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia hartuko dute lehiaketa honetan. Aurkeztuko diren argazkiak partekatzeko bide hauek erabiliko dira: Facebookeko www.facebook.com/OrainGipuzkoa/ orria –“Egutegia 2019“ ataletik–, formularioa betez, eta Instagrama edo Twitterra, #GipuzkoakoEtorkizuna traola erabiliz.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 30ean ireki eta irailaren 30ean itxiko da. Behin argazkiak argitaratu edo bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei: aurkeztutako argazkien izenburu edo goiburua eta datu pertsonalak (izen-abizenak, NA, helbide osoa, telefonoa eta helbide elektronikoa). Argazkiak TIFF edo JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, alde txikienak gutxienez 3.000 pixel dituelarik, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurreko edizioaren aldean, onartuta egongo da argazkiei ukituak ematea, elementuak gehitu edo kentzea operadore globalen bidez, hainbat argazki nahastea edo argazkien jatorrizko konposizioa aldatzea. Ez dira onartuko egilearen sinadura daramaten argazkiak.

Hautaketa

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako batzorde hautatzaile bat arduratuko da 13 argazkirik onenak aukeratzeaz, irizpide tekniko eta artistikoei jarraituz.  Urrian emango da lan irabazleen berri, eta hilabete horretan bertan egingo da sari banaketa. Era berean, lan sarituak Etorkizuna Eraikiz Gunean jarriko dira ikusgai, lan horiek ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Etorkizuna Eraikiz Gunea aurten abiarazi den politika publikoko laborategi bat da eta herritar guztiei irekita dago.

Iazko lehiaketan, 300 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta Gipuzkoako paisaiak irudikatzen zituzten 500 argazkitik gora aurkeztu ziren. Foru Aldundiaren egutegia oso ekimen ezaguna da, eta arrakasta handia izaten du. Iaz, esaterako, 10.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Imanol Lasak Aldundia «gobernantza berrirako» egiten ari den apustuarekin lotu du lehiaketa, eta zera adierazi du: «Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko dinamika batean murgilduta gaude; erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiten ari gara herritarrekin eta gizarte zibil antolatuarekin batera, eta, horretarako, zenbait proiektu abiarazi ditugu, irtenbide sortzaile eta berritzaileetan oinarrituta. Horregatik, egokia iruditu zaigu herritarrei etorkizuna diseinatu eta irudikatzeko aukera ematea, Aldundiaren egutegia baliatuz, tradizio handia baitu, eta etorkizunari buruz duten ikuspegia irudien bidez islatuz».

  

1574