Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Herritarren partaidetzako nazioarteko eredu arrakastatsuak kontrastatu ditu Gipuzkoak

Herritarren partaidetzako nazioarteko eredu arrakastatsuak kontrastatu ditu Gipuzkoak

Danimarka, Suitza eta Mexikoko adituek arlo honetan gauzatzen dituzten proiektuak aurkeztu dituzte Tabakalerako Kongresuan

2017/11/24

Foru Aldundiak antolatuta, Gipuzkoako Partaidetzako I. Kongresuaren bigarren lan saioa egin da Tabakaleran. Helburua da eremu horretan tokiko erakundeek eta nazioartekoek bultzatu eta arrakasta duten esperientziak partekatzea eta jakitera ematea. Gaurko jardunaldiaren ardatza, hiru nazioarteko herritarren partaidetzako esperientzia arrakastatsuak aurkeztea izan da: Danimarka (MindLab), Nuevo León (Consejo Cívico de Instituciones) eta Suitza (Bernako unibertsitatea).  

"Partaidetza: proposamenak, ideiak, eszenategiak" hitzaldiarekin ekin diote jardunaldiari, Thomas Prehn Mindlab-eko CEOaren eskutik. Mindlab munduko alor publikoko laborategi liderra da, eta Danimarkako Gonbernuan dago. Aitzindaria da alor publikoko antolakuntzaren eraldaketan, jarrera aldaketetean eta lidergo partekatuan. Prehnek azaldutakoaren arabera, arduradun politikoak eta funtzionarioak inspiratzea da bere lana, konbentzitzeko “modu berritzailean lan egiteko, eta horrek suposatzen duena ulertzeko kapazak izan behar dutela, gizartea hobetu zerbitzatu nahi badute. Ez dugu think tank bat izan nahi, baizik eta do thank bat, erakutsiz zer gauza berri egin daitezke sektore publikoan. Sistemaren antigorputz kulturaltzat dugu gure burua, gauzak egiteko bestelako era bat sustatzen dugu erakundeetan”.

Horretarako, ingeniariak, antropologoak edota soziologoak elkartzen ditu bere lan taldean Mindlabek. “Ez dugu lan egiten proiektuen garapenean eta aplikazioan, funtzionarioek egiten dute hori. Guk azken erabiltzailearen, hau da, herritarren ikuspegia txertatuz laguntzen diegu. Kontua ez da sintomak sendatzea, benetako arazoa baizik. Aitzitik, gerta daiteke konponbide perfektua topatzea ez dagokion arazoari. Eta proiektu bakoitzeko, esperimentu bat eta prototipo bat egiten dugu. Edozein ideia, esperimentatzeko aukera ematen digun oinarria da”.

Mindlabek akuilu lana egiten du langile publikoekin, “eguneroko lanean aldaketa txikiak  sartzen joan daitezen. Beraien lana, hizkuntza eta errutinak zalantzan jartzera animatzen ditugu, sektore publikoa pixkanaka aldatzeko. Gai izan behar dugu aldaketa  sakonak eta azkarrak izaten dituen gizarte batean lan egiteko, mundu mailan gainera. Garrantzitsua da funtzionarioak arin lan egitea. Horretarako, administrazioko maila altuenek boterearen zati bat utzi behar diele beheko mailei, horiek segurtasun sare bat behar dutelako berritzeko, eta arrakasta izan arte huts egin ahal izateko”.

Beste bi nazioarteko esperientzia ere aurkeztu dira: "Zera publikoa erronka partekatua bihurtu", Sandrine Molinard Nuevo León-go (Mexiko) Consejo Cívico de Instituciones-en zuzendari nagusiaren eskutik; eta "Parte hartze politikoa Suitzako herri bozketetan", Anja Heidelberger Bernako unibertsitateko ikertzailearen eskutik.  

Bost milioi biztanle dauzkan Monterreyko esparru metropolitanoan egiten duten lana eman du jakitera Molinardek. Esparru hori herrialdearen puntan izan da ekonomikoki, ekintzailetasunean eta Mexikon hainbat aldaketa eta hobekuntza sozial sustatzerakoan, baina azken urteetan arazo larria eduki du delinkuentzia antolatuarekin eta ustelkeriarekin. Nuevo León-eko Kontseiluaren bitartez, herritarren partaidetzaren eta kontu ematearen alde egitea erabaki zuten egoera aldatzeko. “30 erakunde zibilek bat egin zuten herritarren axolagabekeriari eta alderdi politikoekiko konfiantza faltari aurre egiteko. Hamar herritar eskaera definitu ziren, segurtasunari, gardentasunari eta espazio publikoen berreskurapenari lotutakoak batik bat. Eskaera guzti horiek neurgarriak ziren kuantitatiboki, eta hiru urtetan egingarriak”.

Horrek eskatu zuen, Molinarden arabera, “ezezaguna zen esparruan sartzean. Politikarien konpromisoa lortu genuen hauteskunde kanpainan. Hiriko lau unibertsitateak ere inplikatu genuen. Eta etengabe informazioa kaleratzen dugu helburuen aurrerapen mailaren inguruan, sare sozialei garrantzi handia emanez. Gobernuaren eta herritarren arteko harremana berreraikitzen ari gara, elkarlanetik. Denek ikasten dute prozesuan. Herritarrek hobeto ulertzen dute funtzionarioen eta politikarien lana, eta politikariek enpatia handiagoa garatzen dute herritarren arazoekiko”. Haren iritziz, premiazkoa da publikoa “erronka partekatu bihurtzea, gobernuak gure arazoak noiz konponduko zain egon gabe. Gobernantza berria behetik gora eraikitzen da. Arazoak askoz konplexuagoak dira gaur egun, eta nabarmen gainditzen dute gobernuaren ekintzarako gaitasun aldebakarrekoa”.

Bestalde, bere hitzaldian, Suitzako demokrazia zuzeneko ereduaren berri eman du Heidelberger-ek. Bertan, udalerrietako % 80tan, txikietan, hain zuzen, herritar batzarrak egiten dira gutxienez urtean behin, non proiektu guztien inguruan erabaki daitekeen eskua altxatuz: “Horrek inpaktu positibo nabarmena dauka herritarren konfiantza eta asebetetze mailaren inguruan, baina egia da, esaterako, tokiko bozketa hauetan genero arrakala gainditu behar dugula oraindik”. Era berean, lau herritarren bozketa egiten dira urtean behin, herrialdearen maila instituzional guztietan, eta 50.000 sinadura biltzen badira, herritarrek edozein lege aldaketaren inguruan bozka dezakete. 

 Azken ekimen horiek hedabideen arreta pizten dute. “Eztabaida handia pizten da gaien inguruan, hala nola pentsioen erreforma eta etorkinen integrazioaren inguruan. Inportantea da, bozkatzeaz harago, elkarrizketa eta eztabaida egotea. Bozketa hauetan, ez dute inoiz berdinek irabazten, Suitzan aniztasun handia dagoelako, baina egia da gutxiengoen eskubideak bermatzeko lan egin behar dugula”. Suitzan, ia gobernu guztiak koalizioetan oinarritzen dira, eta kontsentsuak lantzen dira. Horrek pisua kendu die hauteskundeei: 2015ean, esaterako, % 48koa izan zen parte-hartzea. Herri bozketetan, berriz, % 44 ingurukoa da. Suitzar adituaren esanetan, % 20ek ez dute inoiz parte hartzen, eta % 15ek, berriz, beti. Gainerakoak, gaiaren garrantziaren edo konplexutasunaren arabera aktibatzen dira.

Joseba Muxika Partaidetzako foru zuzendariak, berriz, "Herritarren partaidetza kolaborazio praktika gisa" aztertu du. Etorkizuna Eraikiz gobernantza ireki eta elkarlaneko eredu gisa definitu du, diagnostiko garbi batekin mamitu dena. “Gaur egun, politikariek eta gobernuek behar-beharrezkoak dituzte politikatik eta erakundeetatik kanpo dauden aktoreen gaitasunak eta baliabideak. Politikak ezin dio gizarteari begiratu arazo iturria balitz bezala. Baina horrekin batera, beharrezkoa da gizarteak politikariak urruneko mundu batean eta errealitatetik deskonektatuta bizi direla pentsatzeari uztea, gaur egungo erronkei aurre egiteko, eta arazo politiko eta sozialak konpontzeko, politikariak eta gizartea gaitasunak batzera derrigortuta daudelako”.

Haatik, haren irudiko, partaidetza ezin da ulertu “interes taktikoen” ikuspegitik. “Ezin da bultzatu politika jakin batzuk legitimatzeko helburu. Ezin dira bakarrik izan presio talde antolatuak etekina ateratzen diotenak. Eta ezin da ahaztu herritarren pluraltasuna eta aniztasuna. Partaidetzaren alde egiten dugu, herritargo antolatuarekin eta ez antolatuarekin lankidetza harreman egonkorrak edukitzeko baldintzak sortu nahi ditugulako. Harreman zintzoak, konfiantzazkoak sortzea da, beharbada, aurretik dugun erronkarik handiena. Ez da nahikoa parte-hartzeko eta partekatzeko deialdiak luzatzea; partekatzeko benetako borondatea dugula erakutsi behar dugu.

Azken urteetan Foru Aldundiko gobernu desberdinek zein Gipuzkoako udalek partaidetza dinamika ugari abarazi badituzte ere, onartu du oraindik “partaidetza ezezaguna dela sektore politiko eta sozial ugaritan; izan ere, politika egiteko eta administrazioa kudeatzeko eredu tradizionalak edo ez parte-hartzaileak oso errotuta daude oraindik. Lehentasuna, beraz, joko arau berriak ikusiaraztea eta operativo bihurtzea da. Kultura bat da partaidetza, batez ere. Eta kultura horren elementu nuklearra da herritarrek ulertzea partaidetza eskubidea dela. Beraiei dagokiela eskubide hori gauzatzea, eta politikarioi dagokigula eskubide hori errespetatzea eta erraztea”.

  

1609