Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Herritarren proiektuak finantzatzeko Etorkizuna Eraikizen dirulaguntza deialdia onartu du Aldundiak

Herritarren proiektuak finantzatzeko Etorkizuna Eraikizen dirulaguntza deialdia onartu du Aldundiak

Deialdiak 720.000 euroko zuzkidura dauka eta herritarrak inplikatu nahi ditu.

2020/02/18

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Etorkizuna Eraikiz foru programaren dirulaguntza deialdiaren bosgarren edizioa. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako gizarte antolatuak eta herritarrek lurraldeak dituen etorkizuneko erronkei erantzuteko proiektu berritzaileak finantzatzen dira. Guztira, laguntza lerro honek 720.000 euroko zuzkidura dauka. “Gipuzkoako gizarte osoari hedatzen zaion parte hartzeko gonbidapena da, ideia berritzaileak proposatu eta gauzatu ditzaten. Honela, lurraldeak dituen etorkizuneko erronkei erantzuteko ahaleginean inplikatzen ditugu”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak. 

          Foru arduradunak gaur ezagutarazi du neurria, Diputatuen Kontseiluaren osteko agerraldian. Dirulaguntza lerro honen bitartez, bi egitasmo mota finantzatzen dira: alde batetik, herritarren proposatzen dituzten proiektuak eta, bestetik, garapen agentziei zuzenduta daudenak. Lehen alorrari dagokionean, herritarren proiektuak, honakoak dira lehentasunezkoak bezala identifikatutako lanerako alorrak: gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin zerikusia duten proiektuak; lurraldeko garapen komunitarioko proiektuak eta gure natur eta landa ingurunea ezagutzera eta balioestera zuzendutakoak; gazteen parte-hartzeari zuzendutako proiektuak; belaunaldien arteko lankidetza proiektuak; euskara bultzatu eta zabaltzeko proiektuak; eta immigrazioaren erronkari heltzen dioten proiektuak

Bigarren lan lerroa garapen agentziekin elkarlanean egiten da, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen gobernantza eredu elkarlanekoa eta irekia lurralde osora eta esparru gehiagotara zabaltzeko helburuarekin. “Bereziki ekonomia sustapenaren eta Elkar-EKIN Lanean programaren esparruetan eragin nahi da, alor hauetan gobernantza eredu hori zabalduz”, azaldu du Mendozak. Horretarako, dirulaguntza hauen bitartez Gipuzkoako eskualdeetan gai hauen inguruko eragile sareak sortu, indartu eta hedatzea ahalbidetzen da.

Dirulaguntza deialdi hau 2016 urtean jarri zen martxan eta, ordutik hona, 81 proiektu finantzatu ditu, ia hiru milioi euroko inbertsioaren bitartez. Gainera, Gipuzkoako ia berrehun eragile inplikatzea lortu du. “Esperimentazio proiektuak dira gehienak, Etorkizuna Eraikizen testuinguruan interesgarri bezala identifikatzen diren alorretan ematen direnak. Ondoren, hauetatik ateratzen ditugun ikasgaiak politika publikoetan txertatzen dira eta, proiektua gorpuzten bada, ekimenei jarraipena eman eta hauen inguruan lanean jarraitzeko aukera ere badago”, azaldu du Mendozak. 

 

Aizpurutxoko zeharbidea

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak Azkoitiko Aizpurutxo auzoko zeharbidean GI-631 errepidearen paraleloan oinezkoentzako lotura egiteko proiektuaren obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Proiektuaren aurrekontua 341.000 eurokoa da, lau hilabeteko exekuzio epea dauka eta, aurreikuspenen arabera, obrak maiatza aldera hasiko dira. “Egitasmoaren helburua oinezkoen eta ibilgailuen trafikoak banatzea da. Gaur egungo errepidearen plataforman ezinezkoa da oinezkoen ibilbide segregatua egitea, luzera guztian ez baitago horretarako espaziorik”, azaldu du Mendozak.

          Honenbestez, Erdikobenta eta Ibaiondo tartean errepidea mendi aldera desplazatuko da eta oinezkoentzako igarobidea aterako da errepide bazterrean. Ondoren, Aizpurutxo baserriaren parean, oinezkoen ibilbidea ibaiaren beste aldera pasatuko da, eta horretarako zubi berria eraikiko da. “Aizpurutxoko oinezkoentzako lotura Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren lehenengo fasea da”, gogoratu du Mendozak. Gehitu duenez, legealdian zehar egingo dira errepide hau hobetzeko gainerako esku hartzeak: hirugarren erreiak eraikitzea eta hainbat kurbaren hobekuntzak.

Foru bozeramaileak gaineratu duenez, errepide honen hobekuntza Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako dela, eta horrela dagoela jasota EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko gobernu akordioan. “Errepide honen hobekuntza Urola Erdia eskualdearen aldarrikapen historikoa da. Izan ere, Gipuzkoako Biribilgunearekin eta Zumarragako ospitalearekin lotura zuzena da bide hau”, azaldu du. Ondorioz, proiektua gauzatzeak eragin zuzena izango du eskualdeko biztanleen ongizatean, eta baita ere tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko du. Errepide honetatik, egunean 3.300 ibilgailu igarotzen dira, eta %10 baino gehiago ibilgailu astunak dira.

 

Baserri bideak

Diputatuen Kontseiluko laugarren erabakia baserri bideak hobetzeko 2020ko dirulaguntza deialdia onartzea izan da, 1,5 milioi euroko zuzkidura duena. Baimendutako gastua handitu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, diru laguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. “Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek eta tokiko entitate txikiek gabezia handiak pairatzen dituzte landa azpiegituretan, eta horien artean daude landa bideak”, esan du Mendozak honen harira.

Oro har, entitate horiek zailtasun handiak dituzte beren aurrekontuetatik azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiteko. “Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, obra horiek finantzatzeko diru laguntzak eman izan ditu”, azaldu du. Pasa den urtean 72 proiektu lagundu ziren dirulaguntza deialdi honen bitartez, 65 udalerri ezberdinetan, eta honi esker 67 baserri bide kilometro eraberritu ziren. Guztira, lurraldeak gaur egun 3.360 baserri bide kilometro inguru ditu, dirulaguntza deialdi honen bitartez hobetzen eta hedatzen doan zenbatekoa.

 

Foru langileen soldatak

Azkenik, Diputatuen Kontseiluak hartu duen azken erabakiari esker %2 igo dira 2020an Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen ordainsarian, 2019ko abenduaren 31rekin alderatuta, legealdiak ahalbidetzen duen igoerarik handiena. Neurria urtarrilaren 1etik aurrera da aplikagarria. Honez gain, eta araudiak aurreikusten duenaren arabera, 2019ko Barne Produktu Gordinaren hazkundea % 2,5era iritsi edo hau gaindituko balu, soldata igoerari % 1 gehituko litzaioke 2020ko uztailaren 1etik aurrera; hazkunde hori % 2,5etik beherakoa balitz, igoera hori proportzionalki murriztuko litzateke.

  

1586