Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Hilabete honetan egingo dira Eibarren Climathon jardunaldiak energia krisiari irtenbideak bilatzeko erronka aurrean dutela

Hilabete honetan egingo dira Eibarren Climathon jardunaldiak energia krisiari irtenbideak bilatzeko erronka aurrean dutela

Ekimen honen bidez, talentu berritzaile gaztea eta enpresa publiko eta pribatuena batu nahi dira, jasangarritasunari lagunduko dioten proiektuak abian jartzeko.

2022/10/03
Climathon Eibar

Hilabete honetan, Climathon jardunaldiaren bosgarren edizioa egingo da Eibarren, baina oraingo honetan berezitasun bat izango du: erronka nagusia, une honetan, Ukrainako gerraren ondorioz Europa osoan datorren neguan aurre egin beharko diogun energia krisiari irtenbideak bilatzea da.

Urriaren 21, 22 eta 23an egingo den Climathon edizioa gaur aurkeztu da Eibarren. Bertan izan dira Jon Iraola alkatea, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua, Patxi Alkorta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibarko atala) koordinatzailea, eta Alfredo Bezos antolaketa taldeko kidea.

 Aurtengo saioak une kritikoan iritsi dira, Ukrainako gerra eta energia eskuratzeko eta kontsumitzeko orduan eragiten ari den ondorioak direla eta; horregatik, egoera hori izango da lan ardatz nagusietako bat, erregai fosilen ordezko irtenbideak bilatzeko.

Climathon Eibar ekimena Eibar Clima Lab taldeak eta Eibarko Ingeniaritza Eskolak bultzatutako ekimena da, izan ere, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua da eskaintzen da bertan.  Jarduera Europako Climathon sarearekin koordinatuta antolatzen da, EIT Climate-KICek bultzatuta eta Alkateen Itunak (Covenant of Mayors) babestuta.

Inaugurazio ekitaldia urriaren 18an egingo da, eta Jon Iraola, José Ignacio Asensio eta Patxi Alkorta izango dira bertan. Climathon saioak Eibarko Ingeniaritza Eskolan egingo dira hilaren 21, 22 eta 23an, eta horrela asteburu bakar bateko jatorrizko formatura itzuliko da.

Hiru egun horietan, energiaren arloko ikasketak egiten ari diren ikasleek, eta enpresa publiko eta pribatuetako ordezkariek eta adituek, etorkizun energetikoari buruzko gogoeta egingo dute.  Lehenengo egunean lantaldeak osatuko dira, eta beste bi jardunaldietan irtenbideak eta alternatibak planteatuko dira, bai krisi energetikoaren erronkari dagokionez, bai aldaketa klimatikoari dagokionez, ondorioak azalduko dira eta sariak emango zaizkie proposamen nabarmenenak egin dituztenei.

Hitzaldien eta topaketen bidez, talentu berritzaile gaztea eta enpresa publiko eta pribatuak batu nahi dira, Gipuzkoa jasangarriagoa lortzen eta klima aldaketaren aurka borrokatzen lagunduko duten proiektuak abian jartzeko.  Hala, Climathon jardunaldiak Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Graduko gazte eta ikasleen eta tokiko eta eskualdeko eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako deia dira, planteatutako erronkei irtenbideak bilatzeko.

Aurkezpenean, Jon Iraola alkateak adierazi du Climathon proiektuan beste urte batez inplikatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela, «klima aldaketari buruz hausnartu, horren aurka borrokatzeko irtenbideak asmatu eta eremu horretan ekintzailetza bultzatu nahi duen proiektu baten bidez».  «Are gehiago -gaineratu du- Ukrainako gerrak eta haren ondorioek eragindako energia krisiaren ondorioz (adibidez, energiaren kostuan) bizi dugun une garrantzitsu honetan. Inoiz baino agerikoagoa da konponbide berriak bilatu behar ditugula».

Iraolaren ustez, «ohorea da Eibar izatea jarduera honen egoitza, bosgarren urtez jarraian», eta, ildo horretan, adierazi duenez, «erakundeok oso zeregin garrantzitsua dugu ingurumenaren arloan, eta, beraz, erabakiak hartu eta ekimenak bultzatu behar ditugu gizartea, batez ere gazteak, klima aldaketaren aurkako borrokan konprometitzeko».

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, «Gipuzkoan energia krisiari erantzuten ari gara dagoeneko, zenbait ekimenen bidez, hala nola energia komunitateen bidez. Ekintza horretan, gizarteko eragile guztiak sartu behar ditugu, eta, bereziki, hezkuntza komunitatea prestatu behar dugu, lanbide kualifikazioak trantsizio energetikoaren eskakizunetara egokitzeko.  Climathon ekimenak aukera ematen digu beharrizan horiek energiaren sektoreko etorkizuneko profesionalak izango direnekin uztartzeko».

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibarko atala) koordinatzaile Patxi Alkortak, bestalde, Eskolaren eta Eibarko herriaren arteko lankidetza estua nabarmendu du. Izan ere, «Climathon ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, bai jorratzen diren gaiengatik, bai ikasleen eta eragileen mobilizazio gaitasunagatik».

Azkenik, Alfredo Bezos antolaketa taldeko kideak Eibarko Climathon jardunaldiaren bosgarren edizio honetan taldeek landu beharreko erronken ardatz estrategikoak azaldu ditu: industriaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra bultzatzea eta herritarren artean energia komunitateak sustatzea. Azken hori funtsezko puntua da energia eskuratzeko une kritiko honetan.

  

2504