Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak milioi eta erdi euro inguru bideratzen ditu urtean hondartzen zainketarako

Aldundiak milioi eta erdi euro inguru bideratzen ditu urtean hondartzen zainketarako

pertsona arduratuko da aurten hondartzak garbitzeaz

2016/06/15

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatuak hondartzen denboraldia aurkeztu du Zarautzen Xabier Txurruka alkatearekin. Bertan izan da ere Gloria Vazquez, Ingurumeneko zinegotzia.

Asensioak azaldu du Aldundia Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko hondartzak garbitzeaz eta mantentzeaz arduratzen dela, hau da, denak zaintzen ditu Donostia izan ezik, azken honen ardura udaletxearena delako. Dena den, Aldundiak 150.000 euro inguru jartzen ditu Donostiarentzat. Denetara milioi eta erdi  inguru bideratzen duelarik.

Aurtengo udan 26 pertsona arduratuko da hondartzak garbitzeaz eta zaintzeaz. Besteak beste, hondakinen gaikako bilketaz, garbiketa hobetzeaz eta hondartzak berdintzeaz arduratuko dira.

 “Berezi egiten gaituen elementua dira gure hondartzak, erreferentzia turistiko bat, lurraldeko ekonomiaren motorra. Ingurumen balio nagusietako bat da kostaldea eta, horregatik, gure hondartzen ekosistemak babesteko eta kontserbatzeko ekintzak sustatzen ari gara”, esan du José Ignacio Asensiok.

Iazko uda denboraldian, 423 tona hondakin jaso ziren, horietatik, 380 tona solido eta 43 tona, ontzi. “Datu onak dira hauek herritarrek birziklatzeko ahalegina egiten dutela adierazten duelako eta modu egokian egiten dute gainera”, esan du Asensiok.

Bestalde, Departamentuak sei kamera berri jarriko ditu, ekainean zehar, Saturrarango hondartzan (Mutriku), Portuko hondartzan (Mutriku), Itzurunen (Zumaia), Malkorben (Getaria), Antillan (Orio) eta Hondarribikoan. Honela, zortzi web kamara egongo dira, Deban eta Zarautzen daudenak kontatuz. Kamera horiei esker, erabiltzaileek unean uneko informazio jaso dezakete: eguraldia, itsasoaren egoera eta abar, Departamentuak bere web-orrian ematen duen informazioaren osagarri. Horrela, gure hondartzen bikaintasuna lortu nahi da, helburu estrategikoa baita foru erakundearentzat.

Departamentuarentzat lehentasunezkoa da hondartzen kudeaketa integralerako politikak garatzea, uraren, hondarraren eta hareatzetan ematen diren zerbitzuen kudeaketa egokia bilatuz. Horrela, lurraldearenganako pertzepzioa hobetzen eta erabiltzaileen gogobetetzea handitzen laguntzen da.  Etengabeko hobekuntza printzipioetan oinarritutako sistema da, hainbat ziurtagirik bermatzen dutena: UNE-EN ISO 9001:2008 eta UNE-EN ISO 14001:2004, Kalitatearen Q, EMAS… “Bandera urdinen aurrean, uste dugu hondartzen ingurumen kudeaketan bikaintasuna lortzera bideratutako urrats bat gehiago dela, etengabe hobetu eta berrikusi behar den sistema ikuskatu eta ziurtatua delako; hau da, etorkizunean ere jarduketa jasangarriak eta kalitatezkoak ezartzen joatea ere bermatuko duena”, azaldu du Asensiok.

Ziurtapen horiek lortzeak aitortza bat suposatzen du, esan nahi baitu ezarritako kudeaketa sistema egokia dela ingurumen alderdiak etengabe hobetzeko, kalitatezko zerbitzuak ematen direla bermatzeko eta gure hondartzak elementu bereizle gisa nabarmenarazteko.

Kudeaketa integrala

Aldi berean, Departamentuak uste du hondartzen kudeaketa integralerako esparru akordio bat lortu behar dela, eta, horretarako, Hondartzen Lurralde Mahaia eratuko du, zerikusia duten erakundeen parte-hartzearekin: Gipuzkoako Foru Aldundia, Salbamendu eta Sorospen Federazioa eta kostako udalak. Mahaiaren helburua izango da natur inguruneari errespetua izango dion kudeaketa sistema bat ezartzea, erabiltzaile guztiek hondartzen kalitateaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Ekainean eratuko da mahaia, kontsultarako eta aholkurako organoa izango da, eta Gipuzkoako kostako udalek parte-hartze aktiboa izango dute bertan. Mahaiaren funtzioak izango dira, besteak beste:

a)    Lurraldeko hondartzen kudeaketarekin lotutako politikak aztertzeko plataforma izatea, eta politika horiek hobetzeko egoki ikusten diren neurriak proposatu eta ebaluatzea.

b)    Bere jarduketa esparruan eragina duten askotariko proiektuen inguruko proposamenak egitea.

c)    Hondartzen eta inguruaren egoera eta kudeaketa hobetzeko neurri egokiak proposatzea.

d)    Hondartzen eta hondartza inguruen ingurumen balioak eta haiek dituzten arazoak zabaltzeko eta komunikatzeko eta horien inguruan orientatzeko eta sentsibilizatzeko helburua duten neurriak proposatzea.

e)    Hondartzen kudeaketarekin eta kontserbazioarekin lotutako azterketak proposatzea.

f)     Herritarren parte-hartzea sustatzea, eta erantzukizun partekatuaren printzipioa eraginkorra izaten laguntzea, gizarte osoaren inplikazioa bilatuz hondartzen kudeaketari eta kontserbazioari dagokienez.

g)    Bere eskumen esparruari buruz, egoki iritzitako gomendioak egitea.

  

1787