Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Hondartzen denboraldi berria hasi da bideozaintza sistema Gipuzkoako itsasertza guztian martxan dagoela

Hondartzen denboraldi berria hasi da bideozaintza sistema Gipuzkoako itsasertza guztian martxan dagoela

Lehendabizikoz, Gipuzkoako itsasertza guztiari zerbitzu ematen dion bideo monitorizazio sistema ezarri da.

2019/06/05

Hondakinen gaikako bilketaren garrantziaren inguruan eta gure itsasoan plastikoaren inpaktua ezagutzeko tailer ugari burutuko dira; izan ere, hau baita aurre egin beharreko ingurumen arazorik handiena.

 

AECC Gipuzkoarekin lankidetzan, larruazaleko minbiziaren kontrako prebentzio kanpaina egingo da ere. Eguzkitan denbora luzean egoteko ohitura arriskutsuak baztertzera bideratutako hezkuntza-ekintzak sustatuko dira, betiere herritarren larruazalaren osasuna hobetze aldera.

 

José Ignacio Asensio: “Plastikoen arazoaren inguruko eta eguzkiarekiko gehiegizko esposizioarengatik eratorritako patologiei buruzko sentsibilizazioa indartuko dugu. Kutsadurari aurre egitea eta osasuna zein pertsonen segurtasuna babestea dira gure hondartzen erabilera iraunkorra gauzatzeko funtsa”. 

 

Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta, José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko jarduneko diputatuak, hondartzen udako kanpainari hasiera eman dio Zumaiako Flyschean; Oier Korta, Zumaiako jarduneko alkatearekin batera. Hasierako ekitaldian, Asensiok nabarmendu duenez, “ezinbestekoa da gure ozeanoak zaindu eta era iraunkorrean erabiltzea”. Ingurumeneko jarduneko diputatuak azaldu duenez, “herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaintzeko eta gure hondartzen egoera beti hoberena izatea lortzeko lanean jarraitzen dugu”. Halaber, herritarren kontzientziazioaren garrantziaz aritu da ere, “plastikoen arazoaren inguruko eta eguzkiarekiko gehiegizko esposizioarengatik eratorritako patologiei buruzko sentsibilizazioa indartuko dugu. Kutsadurari aurre egitea eta osasuna zein pertsonen segurtasuna babestea dira gure hondartzen erabilera iraunkorra gauzatzeko funtsa”. 


Ingurumeneko Departamentuak ekintza ugari garatuko ditu uda honetan, horien artean: bideometria sarea ezartzearen amaiera, itsasoko plastikoen zein hondakinen gaikako bilketa sustatzeko sentsibilizazio kanpainak eta larruazaleko minbiziaren kontrako prebentzio kanpaina bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren ardura da Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 12 hondartzak garbitzea eta zaintzea. Era berean, ekonomikoki laguntzen du Donostiako 4 hondartzak garbitzen.

 

Azken lau urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak hondakinen bilketa lanak areagotu ditu; batez ere, datu-base berri bat eratzeko helburuarekin. Datu-base honek ondorioztatu du Gipuzkoako hondartzetan 1.341 tona hondakin bildu zirela 2016an, 1.553 2017an eta 1.446 2018an.

 

Bideometria sarea

 

Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasertzeko biodemetria sarea osatu du. Sistemak erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa eskaintzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du. Korronte eta olatuen mapak egiten ditu ere, eta bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zehazten ditu. Hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako.

Azkenik, denboran zehar hondartzaren forma nola aldatzen den erakusten du (harearen espazioa galtzea, harearen banaketan izandako aldaketa…). Hortaz, Klima Aldaketak hondartzetan duen eragina ezagutzea eta behatzea posible egiten du eta baita kosta lerroaren eboluzioa ere, egokitzapen neurriak aurreikusteko.

Hondakinen sentsibilizazio kanpainak

 

Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emaús Gizarte Fundazioak hondakinak modu egokian biltzeak duen garrantzian oinarritzen diren tailerrak burutuko dituzte. Plastikoak gure itsasoan sortzen duen arazoa ardatz hartuko dute, aurre egin beharreko ingurumen arazorik handienetako bat gure planetan.

Informazio leku mugikor baten bitartez burutuko da kanpaina, aurreko urte batzuetan bezala, eta Gipuzkoako hondartza guztietara iritsiko da datozen asteetan. Sentsibilizazio puntu honetan Gipuzkoako hondartzei buruzko informazioa emango da eta baita Life LEMA itsas-zaborraren bilketaren ingurukoa ere. Haurrei eta helduei zuzendutako tailer ugari burutuko dira ere, plastikoaren arazoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin.

Informazio gune ibiltariaren egutegia:

  • Ekainak 18tik 23ra bitartean: ZARAUZKO hondartza
  • Ekainak 24tik 30era bitartean: MUTRIKUKO Saturraran hondartza
  • Uztailak 1etik 7ra bitartean: HONDARRIBIKO hondartza
  • Uztailak 9tik 14ra bitartean: GETARIAKO Malkorbe hondartza
  • Uztailak 16til 21era bitartean: ZUMAIAKO Itzurun hondartza
  • Uztailak 23tik 28ra bitartean: DEBAKO Santiago hondartza
  • Uztailak 30etik abuztuak 4ra bitartean: ORIOKO Antilla hondartza
  • Abuztuak 6tik 11ra bitartean: ZURRIOLAKO hondartza
  • Abuztuak 13tik 18ra bitartean: KONTXAKO hondartza

Larruazaleko minbizia prebenitzeko kanpaina

Sentsibilizazio kanpaina honekin batera, prebentzio espezifikoko kanpaina bat ere egingo da, herritarrak babestera bideratua, AECC Gipuzkoa elkartearen laguntzarekin. Larruazaleko minbiziaren kontrako prebentzio kanpaina bat burutuko da; hortaz, informazio eta prebentzio kanpaina bat izango da, eta eguzkitan denbora luzean egoteko ohitura arriskutsuak baztertzera bideratutako hezkuntza-ekintzak sustatu nahi dira, betiere herritarren larruazalaren osasuna hobetze aldera.

Kanpaina hori ekainaren 18tik uztailaren 31era egingo da, eta ekintza hauek burutuko dira: hondartzetan eta igerilekuetan panel informatiboak jarriko dira eguzkitik babesteko neurriei buruzko informazioarekin; Gipuzkoako hondartzetako megafonia bidez eguzkitik babesteko neurrien berri emango da; eguzkitan denbora luzean egotearen arriskuak eta eguzkiaren kontrako babes-faktorei buruzko informazioa emango da; eta adingabeei zuzendutako aktibitate ludiko-hezigarriak egingo dira. Unitate mugikorrean berritasun gisa, aditu batek (nutrizionista, oftalmologo, sukaldari) ohitura osasuntsuak sustatzeko jarraibideak eta osasun-aholkuak emango ditu; eta azkenik, hondartzan aktibitate fisikoa sustatzeko zumba saioak gauzatuko dira.

  

1599