Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aztertutako Gipuzkoako hotel establezimenduen % 40k energia iturri berriztagarriren bat erabiltzen dute

Aztertutako Gipuzkoako hotel establezimenduen % 40k energia iturri berriztagarriren bat erabiltzen dute

77 establezimenduk parte hartu dute ekimen aitzindari batean, ingurumena babesteko.

Guztira 77 establezimenduk parte hartu dute ekimen aitzindari batean,  ingurune naturala babesteko eta CO2 emisioak murrizteko eta, horrela, Gipuzkoa erreferente bihurtzeko turismo jasangarriaren arloan.

Denis Itxaso: «Sektore turistikoaren etorkizuna Gipuzkoa kalitatezko helmuga jasangarri bihurtzearen mendean dago, horrek sortuko baititu balioa, aberastasuna eta enplegua».

José Ignacio Asensio: «Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokak karbono gutxiko garapen eredu bat eskatzen du, emisioak murriztuko dituena eta gure ingurune naturala babestuko duena».

Aztertutako establezimenduen % 90ek ura aurrezteko sistemak ditu, % 49k hondakinak bereizteko ontziak eskaintzen die bezeroei, eta % 4k ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ditu. Landutako eremuen artean hauek azpimarratu behar dira:   efizientzia energetikoa argiterian, ur aurrezpena, eta hondakinen kudeaketa. Bestalde, asko hobetu daitezke produktuak eta janariak erosteko eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa bultzatzeko aukera jasangarriak.

Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak, eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak aurkeztu dute, alde batetik, jasangarritasunari buruzko diagnostikoa eta, bestetik, Aldundiak sustatutako ekimen aitzindari baten lehen fasean parte hartu duten Gipuzkoako 77 hotelen banakako ekintza plana, betiere sektore turistikoa aldaketa klimatikoaren kontrako estrategiaren barruan sartzeko xedez. Ekintza planak establezimendu bakoitzaren indarguneak jasotzen ditu, eta baita ere hobetzeko moduko esparruak eta jasangarritasun maila igotzeko ekintza zehatzak.

Turismoak, dagoeneko, Gipuzkoako BPGren 7.7 adierazten du, eta 27.983 langileri ematen die enplegua ‒lurraldeko guztizko enpleguaren % 9,41‒.

«Gipuzkoak turismoaren hazkunde kualitatiboaren aldeko apustua egin behar du, non kalitatea, ingurunearekiko errespetua eta kultur ondarearen sustapena funtsezko faktore diren. Hain zuzen ere, faktore horiek ahalbidetzen dute kalitatea hobetzea, balio erantsiko zerbitzuak eskaintzea eta turismoa, etorkizunean ere, aberastasun iturri izan dadin bermatzea. Horregatik, beharrezkoa da turismo jasangarriko eta ekoturismoko eskaintza bat prestatzea, eta, horretan, hotelak funtsezko alderdi dira kalitatezko zerbitzua eskatzen duten bidaiariak erakartzeko eta Gipuzkoa turismo jasangarriaren erreferente bihurtzeko», azaldu du Itxasok.

Ekimenaren asmoa da ostatuek kudeaketa jasangarria ezartzea prozesu guztietan eta beren jardueran inplikatuta dauden interes talde guztiekiko harremanetan; eta hori lortzearren inpaktuak gutxitzeko praktika eta teknologia onenak erabiltzea, baliabideen kontsumoa optimizatzea (ura, energia, etab.), hondakinak modu egokian kudeatzea, CO2 isurketak murriztea, eta kultura, ingurumen eta gizarte ingurunearekin konpromiso irmoa izatea.

Ekimen hau Klima Aldaketaren aurkako Borrokarako Gipuzkoako Estrategia 2050 (Gipuzkoa Klima 2050) lortzeko premiatik sortua da, baita eskaintza turistiko jasangarri eta arduratsu bat izateko ere. «Jasangarritasunaren aldeko apustua egiteak eskatzen du turismo sektorea garapen jasangarriaren premietara eta printzipioetara egokitzeko politikak garatzea. Hotelak, beren dimentsioagatik, ingurunean duten eraginagatik eta jardueragatik, faktore giltzarri dira sektorea egokitzeko. Gipuzkoak turismo jasangarriko eta ekoturismoko eskari handiagoa izan nahi badu, funtsezkoa da ostatu sektore jasangarri bat izatea. Horrela, gure eskaintza turismo jasangarrirantz bideratzea, natura ingurunea babestu eta CO2 isurketak murriztea », adierazi du Asensiok.

Ekimen horren barruan, ingurumen gaietan espezializatua den MARGUBEko teknikariek gai hauek aztertu dituzte, besteak beste: efizientzia energetikoa, instalazioak eta ura, ekohornitzaileak, hondakinen kudeaketa, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, eta ingurune naturalaren kontserbazioa, jasangarritasuneko politikekin bat egiten duen ostatu sektore bat izateko; halaber, turismoko ostatuetan egiten diren jardunbide egokiak aztertu, identifikatu eta sustatzea, eta hobekuntzarako esparruak eta aukerak detektatzea; establezimenduak eraginkorragoak bihurtzeko eta baliabideen kontsumoa murrizteko laguntzak ematea, eta, azken finean, Gipuzkoa erreferentziazko helmuga bihurtzea.

 

Energia, instalazioak eta ura

Gaur egun ia % 40k erabiltzen dute energia-iturri berriztagarriren bat, eta % 18k esklusiboki erabiltzen dute; gainera, halako iturririk oraindik ez duten establezimendu askok erakutsi dute interesa energía berriztagarrien alde apustu egiteko.

Beste irizpideetako bat, garrantzizkotzat jo dena energia-eredu jasangarri baterantz aurrera egiteko, % 100ean berriztagarria den energia kontratatzea da. Parte hartu duten 77 alojamenduetatik, % 39k adierazi dute energia berdea kontratatu dutela beren hornikuntzarako.

Alojamenduen portzentaje nabari baten artean hartutako beste neurrietako bat da beroa berreskuratzeko sistemak ezartzea eraginkortasuna areagotzeko, horrela gutxitu egiten baitira energiakontsumoari lotutako kostuak, bero-trukagailuen, hozkailuen eta galdaren laguntzarekin.

Guztira, alojamenduen % 22k aukeratu dute sistema hori beren lehiakortasuna handitzeko, eta hotelak dira gehienbat. Gainera, ikusi denez, azken urte hauetan arkitektura bioklimatikoaren alde egiten ari dira apustu hotelestablezimendu berrietan; alojamenduetan % 5ek aprobetxatzen dituzte egoera klimatikoak ingurumenean duten inpaktua murrizteko.

Alojamendu parte-hartzaileen % 90ek baino gehiagok ura aurrezteko hartutako neurrien artean ageri da emaria murrizteko hainbat sistemen instalazioak, besteren artean: zurrusta-haustekoak, aireztagailuak edota emaria murriztekoak, nagusiki.

Gehien erabilitako bigarren neurri nagusia sakagailu bikoitzeko zisterna-mekanismoa da, deskarga bakoitzean gutxitu egiten baitu erabilitako bolumena. Guztira, alojamenduen % 79k baino gehiagok dituzte sistema horiek, nahiz eta haietako batzuek ez dituzten beren instalazioen %100ean, gutxika ari direlako barneratzen, berritze-lanak egin ahala.

Azkenik, alojamenduen ia % 34k erabiltzen dute euri-ura erabilera ez sanitarioetarako, batik bat, baratzeak eta lorategiak ureztatzeko eta ganaduaren ur-hornikuntzarako.

Produktuak eta zerbitzuak

Alojamenduen % 40k erosten dituzten paperezko produktuek eko-etiketa edo etiketa ekologiko bat dute.

Paperezko produktuen atzetik, aztertutako alojamenduek erositako artikuluen bigarren tipologia, erakunderen batek ziurtatutako jasangarritasun-irizpideak betetzen dituzten horiena, garbiketako produktuak eta apain-mahaiko artikuluak dira. Kasu horretan, alojamenduen % 17k erosten dituzten garbiketa-produktuak hornitzaileen bitartez eskuratzen dituzte, edo zuzenean erosten dituzte, baita amenities direlakoak ere, eko-etiketa batekin.

Produktuak eta zerbitzuak erosi eta kontratatzeko arloaren barruan, bereziki aipatzekoa da ELIKADURA atala. Ziurtatu ahal izan da parte-hartzaileek itzultzeko edari-ontziak eta berriz erabiltzekoak eskaintzen dituztela. Haietako batzuek “Etxeko Ura” kanpaina aipatu dute, ur-kontsumoan ohitura jasangarriak sustatzen dituena, sareko uraren kalitatea agerian utziz eta ontziek sorrarazitako inpaktua murriztuz.

Alojamenduen % 88k baino gehiagok eskaintzen dizkiete bezeroei tokiko produktuak, tokiko eta hurbileko hornitzaileei lehentasuna emanez, eta beren erosketa-irizpideen artean O Kilometroa nagusitzen da.

Hondakinen kudeaketa

Alojamenduen % 92k baino gehiagok adierazi dute behar bezala kudeatzen dituztela sortzen dituzten hondakinak, eta jatorrian bereizten dituztela paper eta kartoi, beira, plastiko, eta hondakin frakzioak, eta askotan bio-hondakina. Gainera, beheko grafikoan ikusten denez, parte-hartzaileen % 49k baino gehiagok jartzen dituzte bezeroen eskueran hondakinak bereizteko ontzi egokiak alojamenduko lekuren batean, eta agroturismoak eta landetxeak dira gehienbat.

% 43k jartzen dituzte bezeroen eskueran amenitieak, eskatzen ez badituzte ere; horien artean hotelek gehienbat, bezeroari eskainitako zerbitzukalitate handiagoarekin lotu ohi baitute. Proportzio horretatik, % 24k eskaintzen dituzten produktuek jasangarritasun-irizpideak betetzen dituzte, eta anitzak dira aukerak: ziurtagiria duten produktu naturalak, organikoak, edo ingurumen-etiketaren bat dutenak, besteren artean, Ekolabela. Ildo horretatik, beste neurri arduratsu bat, eta alojamendu parte-hartzaileen % 25ek hartu dutena, halako produktuak zuzenean eskueran jarri beharrean, banatzeko makina bat ipintzea da, komuneko horma batean kokatua, gutxitu egiten baita horrela enbalatzeko eta ontziratzeko materialen erabilera

Parte-hartzaileen % 42k adierazi dute bai langileei bai bezeroei informazioa eskaintzen dietela ingurumenari dagozkion gaietan. jarraibideak eta gomendioak ematen dituzte batez ere ura eta energia aurreztea sustatzeko.

Mugikortasuna

Nabarmentzeko garrantzizko datu bat: bisitatu diren establezimenduen % 31k eskaintzen dizkiete

bezeroei garraiobide jasangarriak‒bizikletak doan edo alokairu bidez‒.

Alojamenduen ia % 4k dituzte ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak. Hala, hainbat alojamendu ari dira aukera hori aztertzen, bezeroen aldetik gero eta eskari handiagoa antzematen dela eta ezaugarri bereizgarri bat dela kontuan hartuta.

Ingurunearen kudeaketa- eta kontserbazio-maila

Parte hartzaileen % 77k sustatzen dute tokiko elkarte edo jarduera kulturalen bat edota herriko jaiak, eta tokiko kirol taldeetan nabari da pisurik handiena (% 57).

Beren aldetik, establezimenduen % 30k sustatu eta bultzatzen dituzte adierazpen eta jarduera kulturalak eskualdean eta tokiko komunitateetan. Jarduera horietan nabarmentzekoa da hezkuntza-proiektuei, museoei eta kausa sozialei ematen zaien babesa. Sektorearen alderdi sendoen artean azpimarratzekoa da alojamendu guztiek ematen dietela lehentasuna tokiko produktuen eta zerbitzuen hornitzaileei ahal den neurrian, eta horrela dinamizatzen dela inguruneko ekonomia, garraioari lotutako emisioak gutxitzeaz gainera.

Alojamendu parte-hartzaile bakoitzak txosten indibidual eta pertsonalizatu bat jasoko du eta bertan egindako bisitan oinarrituta, nabarmendu egingo dira bere alderdi sendoak igurumen-gaietan, baita hobetzeko arloak ere.

Konklusioak

Jasangarritasunaren eremuan landu dituzten alderdien artean nabarmenak dira eraginkortasun energetikoa argiztapena eta uraurrezpena. Bigarrenik, hondakinen kudeaketari dagokiona da. Eremu honetan lortutako emaitzak onak badira ere, hobekuntzarako ahalmen handia ikusten da.

Aldiz, alojamenduaren eguneroko kudeaketarekin zerikusia duten produktuen erosketari eta elikadurarekin lotutako alderdiei dagokion horretan, ziurtatu ahal izan denez, alojamendu gehienentzat ezezagunak dira merkatuan dauden aukera jasangarriak. Izan ere, gutxi batzuek bakarrik ezagutzen dute eko-etiketa sistema eta berekin dakartzan onurak.

Hobetzeko ahalmen handiko beste alderdi batzuk ingurumenari buruzko komunikazioan eta sentsibilizazioan oinarritzen dira, barne-mailan nahiz kanpo-mailan; nahiz eta alojamendu askok dituzten ingurumenari buruz sentsibilizatzeko kartelak eta triptikoak, ez dute eraginik establezimendu horien hobekuntzan.

Azkenik, alojamendu gehienen inplikazioa eta lankidetza geratzen da jasota, kulturari, gizarteari eta ingurumenari lotutako ekimen, elkarte eta jarduerekin, toki-mailan nahiz eskualde-mailan.

Ibilbide horria

Orain arte burututako ekintza eta jardueretan ‒txosten honetan biltzen dira ondorioak‒ frogatu egiten da Gipuzkoak beharrezko balibideak dituela helburu hori lortzeko. Hona hemen baliabideak, laburtuta: Ingurunearekin kontzientziatutako alojamenduak, eta garapen jasangarrirantz aurrerapausoak emateko gogoarekin; Guztiona den proiektu batean sinesten duten instituzioen babesa; Ingurune paregabe bat, turistak berez erakartzen dituena.

Helburu hori lortzeko 5 xede proposatzen dira. Energía berritzaileen erabilera bultzatzea; erosketa verdea politika ezartzea; hondakinen bereizketa sustatzea; ingurumenari buruzko kontratazioa indartzea; lankidetza sustatzea Gipuzkoako lurraldeko natura kontserbatzeko ekimenetan.

Aldundiak 2018-2025 Ekintza Plan bat garatu nahi du turista jasangarriarentzako lehentasunezko helmuga izatera heltzeko.

Asmo handiko Ekintza Plan bat da, inplikatutako eragileek batera lantzekoa: alojamenduek, elkarteek eta instituzioe eta besteak beste garatuko dira, prestakuntza, jatorriz %100 berriztagarria den elektrikizatearen kontratazioa sustatzea; erosketa berdeko politika baten diseinua; hondakinen kudeaketaren plan baten diseinua, aholkularitza, dibulgaziozko materialak lantzea, natura kontserbatzeko proiektuak sustatzea, etab

 

  

1759