Iñigo Urkullu lehendakariak ireki du Etorkizuna Eraikiz kongresuaren egitarau zabala Tabakaleran
Iñigo Urkullu lehendakariak ireki du Etorkizuna Eraikiz kongresuaren egitarau zabala Tabakaleran
Eraldatze soziala, teknologiko-digitala eta energetiko-klimatikoa gauzatzeko orduan lankidetzazko gobernantzak duen garrantzia nabarmentzerakoan bat etorri dira herri ordezkariak eta lurraldeko unibertsitateetako errektoreek.
Iñigo Urkullu lehendakariak zabaldu du ofizialki gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Congress ekimenaren bigarren edizioa, trantsizio berdearen, digitalizazioaren edo gaur egungo aldaketa demografiko eta sozialen erronkei buruzko gogoeta egiteko topagune interaktibo eta parte-hartzailea. Irekiera instituzionalean parte hartu dute, baita ere, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak, nahiz lurraldeko unibertsitate nagusietako –Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustoko Unibertsitateko– errektoreek, Eva Ferreirak, Jose Maria Guibertek eta Bixente Atxak, hurrenez hurren.
Herri ordezkari guztiak eta unibertsitateetako arduradunak bat etorri dira Etorkizuna Eraikiz programak lurraldean ezarritako gobernantza ereduaren balioa azpimarratzeko garaian eta egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko garaian elkarlana ezinbesteko balioa izango dela nabarmendu dute. Inaugurazio ekitaldiaren amaieran, Gipuzkoan 2016tik hona garatutako lankidetzazko gobernantzari buruzko Laian dokumentala eman dute, Tabakaleran elkartutako 350 lagunen aurrean.
Iñigo Urkullu lehendakariak Etorkizuna Eraikiz egiten ari den “ekarpen garrantzitsua” azpimarratu du, “gizarte berrikuntzan eta kultura politiko berri baten mesedetan”. “Herri helburu bera partekatzen dugu: jarduera ekonomikoa suspertzea eta enplegu aukerak sortzen laguntzea, bereziki gazteei begira, gizarte kohesioa sustatzeko eta bermatzeko. Helburu horrek etorkizuneko ikuspegia eta ekintzarako plangintza uztartzea eskatzen digu”, adierazi du.
Horrela, lehendakaria “auzolanaren eta lankidetzaren” bidez etorkizuna eraikitzen jarraitzearen alde agertu da, hori delako “gure eredua”. “Eredu horren baitan, Etorkizuna Eraikiz sustatzen ari da erakundeen arteko harremanak gidatzeko kultura berri bat, politikak garatzeko eta gizartearen partaidetzarako kultura berri bat, diagnosia eta estrategia partekatuz, berrikuntza soziala eragiteko indarrak batuz eta, horrela, 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuen alde eginez”, gehitu du.
Elkarlanaren lurraldea
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, lankidetzazko gobernantzaren aldeko aldarria egin du bere hitzetan. “Gaur egun bizi ditugun ziurgabetasun garaietan, nahiz etorkizuneko desafioei aurre egiteko garaian, ezinbesteko balioa da elkarlana. Erakundeen eta herritarren arteko lankidetza eraginkorrik gabe, ezingo dugu eraldatze sozialaren, berdearen eta digitalaren bidean aurrera egin”, gogoeta egin du. Hori izan zen, gaineratu duenez, Etorkizuna Eraikiz programa abian jartzeko arrazoi nagusietako bat, gizartearen eta erakundeen artean areagotzen ari den “distantzia gainditu” eta lurraldean “sistematikoki elkarlan zabal, anitz eta berritzaile bat” abiaraztea.
“Gipuzkoarrok gure izaeran, ehun sozialean eta ekonomikoan berezkoa dugu elkarlanerako joera. Ezaugarri hori erakundearen jardunean txertatzen ari gara buru-belarri azken urte hauetan eta lankidetzazko gobernantzaren inguruko esperientzia aurreratu bat da gurea, bertako eta kanpoko adituen arabera”, balioa eman dio Olanok. Hasitako bidea, edonola ere, “hasiera besterik ez da” diputatu nagusiaren iritziz. “Gipuzkoa elkarlanaren lurraldea da, lankidetza emaitza esanguratsuak ematen ari da alor sozialean eta ekonomikoan, gero eta prestatuago gaude etorkizuneko desafioei aurre egiteko. Baina ez gara konformatzen, Etorkizuna Eraikizen oinarrietan sakontzen jarraitu behar dugu, elkarlanak elkarlan gehiago ekarri behar du”, adierazi du.
Etorkizuna Eraikizen onurak zenbakietara ekarriz, gogorarazi du lankidetzazko gobernantzaren eskutik 125 herritarren proiektu berritzaile martxan jarri direla –200 eragileren partaidetzarekin–, 26 proiektu esperimental eta 11 erreferentziazko zentro eta estrategia. Azken horiek elkarlanerako bideak zabaldu dituzte zibersegurtasuna (ZIUR), lan inklusiboa (Elkar Ekin Lanean), mugikortasun berria (MUBIL), zahartzaro osasuntsua (Adinberri), aldaketa klimatikoa (Naturklima), euskara (2deo eta Badalab), gastronomiaren digitalizazioa (LABE), kuantika, terapia aurreratuak eta berrikuntza sozialaren (ArantzazuLAB) alorretan.
“Aitzindariak gara eraldatze ekonomikoari, sozialari eta berdeari lankidetzatik ekiteko garaian. Prest gaude, aitzindariak gara eta tresna eraginkorrak abian ditugu Gipuzkoaren industria nahiz lanpostuak babestu eta garatzeko, herritarren gizarte babesa eraldatzen jarraitzeko eta lurralde berdeago bat eraikitzeko”, gehitu du eta, bide horretan emandako aurrera pausoak “lorpen kolektiboak direla” gaineratu du. Ildo horretan, eskerrak eman nahi izan dizkie Etorkizuna Eraikizen parte hartzen duten erakunde eta eragile guztiei, modu berezian lurraldeko unibertsitateei nahiz gainontzeko erakundeei.
Rafaela Romero foru diputatuak berriz, “gizarte alorreko proiektuen balioa” nabarmendu du bere hitzaldian, hala nola, MUGI txartela, ekintza konkretuekin mugikortasuna defendatzen duena pertsona guztien eskubide gisa; Adinberri, adinekoei arreta emateko eta bizitza duina bermatzeko eredu berritzaileak planteatzen dituena, zaintzaren ekonomia bultzatuz; edo Elkar Ekin Lanean, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonen enpleguaren alde lan egiten duena. “Bidea markatzen duten proiektuak dira”, adierazi du.
“Agenda berritzaile baten parte diren proiektuak dira, desberdintasun gutxiagoko Gipuzkoa bat eraikitzeko, non inor ez den atzean geratuko eta ongizate estatua indartuko den. Balio horiek praktikara eramateak eskatzen du gure gizartean gertatzen ari diren eraldaketak modu egokian irakurtzea eta politika berriekin aurrea hartzeko gai izatea”, gogoeta egin du Romerok.
Programa zabala eta interaktiboa
Joan den ostegunetik hasita, kongresuaren programan aurreikusitako zazpi egunetan, Tabakalera erreferentziazko gune bihurtu gaur egungo eta etorkizuneko desafioen inguruko gogoeta egiteko. Besteak beste, programa akademiko eta zientifikoaz gain, erakusketa iraunkorra, gazteei zuzendutako dibulgazio ekitaldiak edota herritarrei irekitako hitzaldi eta mintegiak egingo dira bertan. Baita ere, Etorkizuna Eraikiz programaren eta lankidetzazko gobernantzaren inguruko gogoetak partekatzeko aukera eskainiko du, bai nazioarteko mailako adituekin, bai lurraldeko profesional eta herritarrekin.
Etorkizuna Eraikiz kongresua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko hiru unibertsitatek –Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Deustoko Unibertsitatea– elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta modu presentzialean edo birtualean parte hartu nahi duten herritar guztiei irekita dago. Foroak nazioarteko bokazioa eta proiekzioa du, eta honako hauek hartuko dute parte: erakunde publiko eta pribatuetako aditu eta analistek, unibertsitateko irakasleek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek, eremu publikoko profesionalek, kultura-sektoreko kideek, ikasleek… Ekitaldiaren programa osoa www.etorkizunaeraikiz.eus/congress webgunean kontsulta daiteke.
Kongresua Tabakalerako hainbat gune bereizitan egiten ari da: erakusketa-gunean, prisman eta Patio aretoan. Erakusketa aretoan esposizio iraunkor bat ikusi dezakete herritarrek, Etorkizuna Eraikizek egindako ibilbidea eta erdietsi diren lorpenak jasotzen dituena, ekitaldiak irauten duen zazpi egunetan egongo dena ikusgai. Plaza espazioa interaktiboenetako bat da; izan ere, Etorkizuna Eraikizek bultzatutako erreferentziazko zentroek lantzen dituzten arloei lotuta, mintegiak egiten ari dira ikasleekin, eta baita ere birziklatzearekin, neuromarketingarekin, lehen sektorearekin edo kultura digitalarekin lotutako ikastaroak ere.
Patio aretoan, bestalde, Gipuzkoa Talks-en edizio berriak egiten ari dira. Joan den ostiralean desinformazioari buruzkoa egin zen, Maldita.es-eko arduradunekin; gaur arratsaldean beste saio bat egingo da, mugikortasun berriari, adimen artifizialari eta kirolari buruz, AEDIVEko Arturo Pérez de Luciarekin; eta Esteban Granero futbolari ohi eta enpresaburuarekin.
Bihar, Anton Costas ekonomialaria
Biltzarrak bihar jarraituko du, eta bertan lehen mailako parte-hartzaileek parte hartuko dute. Anton Costas ekonomialariak inaugurazio hitzaldia eskainiko du eta, atsedenaldiaren ondoren, trantsizio demografikoari, trantsizio teknologiko-digitalari eta trantsizio berdeari buruzko hiru hilabete-elkarrizketa egingo dira. Bertan parte hartuko dute Maite Peña diputatuak, Josu Gago Agintzariko zuzendariak, Eva Salaberria Donostiako Udaleko Transbertsalitate arduradunak, Jabier Larrañaga diputatuak, Ane Insausti MUBILeko zuzendariak, Roman Orus Multiverseko sortzaileak, Jose Ignacio Asensio diputatuak eta Antxon Olabe Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioko aholkulariak.
Kongresuak unibertsitateek beraiek antolatutako jardunaldiak ere baditu: gaur, astelehena, Deustuko Unibertsitateak antolatutakoa izan da; asteazkenean, hilak 30, 9:00etan, Mondragon Unibertsitatearena; eta egun berean, 15:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
3877