Iaz baino 54,1 milioi euro gehiago bildu ditu Ogasunak otsailera arte
Iaz baino 54,1 milioi euro gehiago bildu ditu Ogasunak otsailera arte
705,8 milioi euro jaso ditu foru erakundeak, 2019an baino %8,3 gehiago.
Gipuzkoako foro Ogasunak 705,8 milioi euro bildu ditu 2020 urteko lehen bi hilabeteetan. Honenbestez, aurreko urteko epe berdinean baino 54,1 milioi euro gehiago jaso ditu foru erakundeak, hau da, %8,3 gehiago. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, datuak positiboak dira, baina oraindik goiz da ondorioak ateratzen hasteko, zerga nagusien kanpainak uda partean egiten direlako. Hala ere, nabarmendu du lan merkatuarekin lotura zuzena duten adierazleak nabarmen hasi direla eta hau “ekonomiak erakusten duen sendotasunarekin” lotu du.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko, eta ekitaldi horretan ezagutarazi ditu otsailera arteko zerga bilketari buruzko datuak. Azaldu duenez, sarrera gordinak %5,7 igo dira, eta itzulketak, bere aldetik, %17,2 murriztu dira. Datuei zerga taldeka erreparatuz gero, zuzeneko zergak %14 handitu dira eta zeharkakoak %0,2.
“Gogoratu behar dugu oraindik oso goiz dela irakurketak edo ondorioak ateratzen hasteko; normalean, urteko lehen hilabeteetako zerga bilketan gorabehera asko ematen dira. Garrantzitsua ondo bukatzea da, baina esan dezakegu ongi hasi dugula urtea”, esan du Mendozak. Hau esanda, gaineratu du nabarmentzekoak direla zerga zuzenen atalean jazotako hazkundeak, “sarrerak atal honetako zerga ia guztietan” hazi baitira. “Gure estrategian berresten gaituzte datuek, beste behin: ekonomia sustapenaren aldeko apustuarekin jarraitzea, zerga bilketa igo eta zerbitzu publikoak finantzatzen jarraitzeko nahiko baliabide izateko”, esan du.
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 18,4 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,6). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 42,4 milioi gehiago batu dira eta (+%12). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 3,8 milioi (+%15,9) eta 0,1 milioi (+%1,2), eta hazi baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 10,5 milioi euro gehiago bildu baitira (+%611,9).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptuak, 1,2 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 1,1 milioi euro hazi dira, eta itzulketak 2,3 milioi eurotan egin dute gora dira. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %1 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 2,3 milioi euro gehiago: 2,3 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%0,8) eta itzulketak 4,7 milioitan murriztu dira (-%8,1).
Go Mobility
Bestalde, Mendozak gogoratu du bihar hasi eta osteguna bitartean egingo dela Irungo Ficoba erakusketa azokan Go Mobility 2020 azoka, “Europa hegoaldean mugikortasun berriaren atalean dagoen topaketarik garrantzitsuena”. MUBIL fundazioak bultzatzen du topaketa, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroak, Gipuzkoa elektromugikortasun eta energia biltegiratzearen arloan mundu mailako erreferente bihurtzeko helburua duenak. “Aurtengoa Go Mobiliy topaketaren bigarren edizioa da, 2018an egin zen azoka arrakastatsuaren segida; ziur nago orduko emaitzak hobetzeko gai izango garela”, esan du foru bozeramaileak.
Datuei erreparatuta, 81 erakusketarik eman dute izena kongresuan, eta 1.000 bisitari baino gehiagok eman dute izena, duela bi urteko edizioan baino %20 gehiago. Gainera, 50 pertsona inguruko erosle kualifikatuen talde berezitua ere eratu da, inbertsioak egiteko asmoarekin datozen ordezkariez osatuta. “Kuantitatibotik harago, nabarmendu nahi nuke azokan mugikortasun berriaren sektoreko balio kate osoa dagoela ordezkatuta: kargaz arduratzen diren eragileetatik, mugikortasun soluzio integralak eskaintzen dituztenera arte. Eta, gainera, izena eman duten mila pertsona horien %70 inguruk ardura komertzialak dituzte eta, ondorioz, erabakitzeko gaitasuna dute”, adierazi du Mendozak.
“Honek guztiak agerian uzten du Gipuzkoak mugikortasun berriaren sektorean duen potentziala eta, batez ere, bai lurraldea bera zein Go Mobility pixkanaka lortzen ari den erreferentzialtasuna”, gaineratu du bozeramaileak. Azaldu duenez, Aldundiak, MUBILek eta Gipuzkoak erreferente izan nahi dute mugikortasun berri horren sektorean: jasangarriagoa, irisgarriagoa, seguruagoa eta konektatuagoa izango den mugikortasun horretan. “Go Mobilityk mapan jartzen gaitu, bihar eta etzi Gipuzkoa Europako mugikortasun berriaren hiriburu bihurtuko da, eta gure lurraldeak honek eskaintzen duen aukera baliatzen jakin behar du”, aldeztu du.
Azkenik, MUBILen inguruan, Mendozak gogoratu du fundazioa eratuta dagoela, eta zuzendariaren hautaketa prozesua amaitzear. “Egoitza, dakizuen bezala, egoitza Zubietako Eskuzaitzeta industriagunean izango du. Lursaila erosi du Aldundiak eta tramitazio fasean dago proiektua, eta datorren urtean obrekin hastea espero dugu”, adierazi du. Bitartean, behin behineko egoitza Tolosako Usabal poligonoan dagoen eraikin batean izango du MUBILek, eta giza taldea osatu bezain laster aktibatuko da martxan.
COVID-19
Azkenik, Mendozak azaldu du Go Mobility azokan indarrean egongo direla Osakidetzak eta Osasun sailak mota honetako ekitaldietarako COVID-19 birusa dela eta eman dituen gomendio eta neurri guztiak. Horrela, sarreran eta azokako puntu desberdinetan dispensadoreak jarriko dira, xaboiarekin eskuak garbitu ahal izateko; azoka osoan zehar eta komunetako ateetan kartelak jarriko dira, birusaren hedapenari ekiditeko gomendioak emanez (eskuak garbitu, eztula egiterakoan ukalondoarekin tapatu, paperezko zapiak erabili…); eta garbiketa zerbitzua indartuko da. Azokaren parte hartzaileei dagokionez, Mendozak esan du COVID-19 birusaren eragina mugatua izan dela, eta atzera bota direnen kasu bakan batzuk bakarrik daudela, Italiako ordezkariak kasu.
Azkenik, gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza estua ari dela izaten Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin, eta hauek gomendatu dituzte protokolo eta esku hartze guztiak aplikatzen ari dela, birusaren hedapenari aurre egiteko. Honela, gogoratu du pasa den astean lurraldeko 135 adinekoen eta desgaitasunak dituzten pertsonen egoitza eta eguneko zentroetara igorri zirela COVID-19ari aurre egiteko protokoloak, eta momentu honetan kontentziorako protokoloa lantzen ari da Aldundia. Egoitzetan, gainera, bisitak mugatu egiten dira: pertsona berdina, egunean bisita bat eta ordubetekoa gehienez. Atzo eta gaur artean gizarteratze eta haurtzaroaren arloetan dituzten azpiegituretara igorriko dira protokolo egokituak. Pasa den astean, baita ere, autobusetan dauden operadore guztiei bidali zitzaien baita ere dagokien esku hartze protokoloa.
Eranskinak:
2275