Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Igaraba Gipuzkoako ibai arro guztietara zabaldu dela berretsi du Aldundiak

Igaraba Gipuzkoako ibai arro guztietara zabaldu dela berretsi du Aldundiak

Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak egindako jarraipenak espezie mehatxatu hori berreskuratu eta ugaltzen ari dela egiaztatu du

2023/12/01
Igaraba

Foru Aldundiak berretsi du igaraba, espezie mehatxatua eta orain arte desagertutzat jo izan dena, Gipuzkoako ibai arro guztietan berreskuratu dela. Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak fototranpeo bidez berriki lortutako eta aztertutako irudiak ikusita ez dago inolako zalantzarik: Gipuzkoako hezegune bateko igaraben familia talde bat da, eta ugaltzen ari dela berresten duen froga argia dugu. "Familia talde hori ikusteak, azken urteotan lurraldeko arro guztietan jaso diren datuekin batera, frogatzen du, zalantzarik gabe, igaraba Gipuzkoara itzuli dela; albiste bikaina, inondik ere, hamarkadak baikeneramatzan haren zain", adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.

Igaraba (Lutra lutra) ugaztun erdi urtarra da, mustelidoen familiakoa, eta "galzorian" dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera. Ohitura urtarrak edo erdi urtarrak ditu, eta arrainez, karramarroz eta intsektu txikiez elikatzen da batez ere. Espezie hori asko bakandu zen Gipuzkoan joan den mendearen erdialdean, kutsaduraren ondorioz, eta desagertutzat jo zen hirurogeiko hamarkadan, Oria ibaiaren ertzean (Lazkao, Itsasondo...) azken aleak ehizatu zirenean.

1984-85, 1994-96 eta 2004-06 urteetan egindako Estatuko hiru ikerketek ez zuten emaitza positiborik eman Gipuzkoan; Bidasoa ibaian, Nafarroaren mugan (Endarlatsa), ale bat besterik ez zen antzeman. 2014-15 urteetatik aurrera, ordea, Bidasoa behean modu egonkorrean bizi zela eta lurraldearen mendebalderantz hedatzen dela ikusi zen. Azken hamar urteetan espeziea pixkanaka berreskuratuz joan da, eta gaur egun Gipuzkoako arro guztietan aurki daitezke igaraba arrastoak, baita ale batzuk behatzeaz gozatu ere, biztanle gehien duten eskualdeetatik hasita, hala nola Deba ibaiaren erdiko eta beheko tarteetatik, hobekien kontserbatutako txokoetara, besteak beste, Jaitzubia itsasadarrera edo Leitzaran ibaira.

Bioadierazleak

"Gure ibaietan espezie hau agertzeak garrantzi handia du; izan ere, ur masen egoera ekologiko ona islatzen duten bioadierazletzat hartzen dira, eta azken urteotan ibai ingurunean egindako lan ikaragarriaren emaitza dira. Hamarkada bat pasatxoan, espeziea berreskuratu eta ekialdetik mendebaldera hedatu da. Horrek agerian uzten du gure ingurumenaren eta ibaien egoera nabarmen hobetu dela, eta orain arte garatu ditugun proiektuek zeresan handia izan dutela horretan. Hala ere, lanean jarraitu behar dugu susperraldi hori egonkortzeko", azaldu du diputatuak.

Gipuzkoako ibai ekosistemak berreskuratzeko lanen zati handi bat Europar Batasunak finantzatutako proiektuen bidez gauzatu da. 2011. urteaz geroztik, etengabe, BIDUR, GURATRANS, H2O Gurea eta LIFE IREKIBAI proiektuen bidez, sakon aztertu da Bidasoa, Urumea eta Oria ibaien hidrogeomorfologia, presak kendu dira, arrainentzako pasabideak eraiki dira (eskalak, arrapalak eta esklusak), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

eta Nafarroako Gobernuak ekintza ugari egin dituzte elkarrekin, arriskuan dauden beste espezie batzuk babesteko, adibidez, muturluze iberiarra edo bisoi europarra. Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko ere lan egin da, hala nola bisoi amerikarra, eta espezie exotikoen ordez (platanoa, banbua eta fallopia) ibaiertzeko basoko espezie autoktonoak jarri dira, esate baterako, haltzadi kantauriarra.

Ildo horretan, gaur egun lan handia egiten ari da Urumearen arroan, LIFE KANTAURIBAI 2022-2027 proiektuaren esparruan. Proiektu horretan, Aldundiarekin batera beste 12 kidek parte hartzen dute; guztira, 10,8 milioiko aurrekontua du, eta horietatik 2,6 Aldundiak jarri ditu. "Gipuzkoa ingurumen ondare garrantzitsua duen lurraldea da, guztion artean zaindu beharrekoa, eta hurrengo belaunaldiei utzi nahi dieguna. Legegintzaldi honetan, natura ingurunearen eta biodibertsitatearen babesa indartzen jarraituko dugu, oreka berdearen eta klima larrialdiaren aurkako borrokaren alde egin dugun apustuaren barruan", amaitu du Arrutik, Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuko talde teknikoak "espezie horien jarraipena egiten eta babesten" egindako lanaren garrantzia azpimarratuz.

  

2550