Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Eskari nahikoa dago Gipuzkoan frantsesaren presentzia handitzeko

Eskari nahikoa dago Gipuzkoan frantsesaren presentzia handitzeko

Itxaso: «Frantzia aktibo garrantzitsua da bai merkataritza, ekonomia eta turismoaren ikuspuntutik»

2017/02/08

Gipuzkoan frantsesaren eskaria zenbatekoa den aztertzen duen ikerlana aurkeztu da

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Échanges du Pays Basque elkarte frantsesarekin lankidetzan, ikerlan bat egin du Gipuzkoan frantsesaren presentzia nabarmena izango lukeen hezkuntza lerro baten eskaria egon litekeen aztertzeko. Ikerlana egiteko, Aldundiak Euskadi-Akitania euroeskualdearen kofinantziazioa izan du (orain gutxi Nafarroak egin du bat euroeskualdearekin). Prentsaurrekoan izan dira, Kulturako Diputatua Denis Itxaso eta Ainhoa Aizpuru eta José Manuel Giral Échanges du Pays Basque Elkarteko ordezkariak.

Denis Itxaso kultura diputatuak azaldu duenaren arabera, haren departamentuak uste du lurraldeak nolabaiteko gabezia duela hizkuntza eta kultura frantsesari dagokionez. Gipuzkoako gizarte zibilaren ordezkariek gaiaren inguruko kezka helarazi diote Aldundiari, eta Kultura Departamentuak garrantzitsu iritzi dio gaur aurkeztu den azterketa egiteari, Gipuzkoa osoaren eta bertako gizartearen interes orokorrak dinamizatzeko.

«Arrazoi historikoak eta gaur egungoak tarteko, gizarte frantsesak eragin handia izan du Gipuzkoan. Historia hurbilean, Frantzia aurrerapenaren paradigma izan da gure gizartearentzat, Frantziatik etortzen ziren gizarte gisa aurrera egitea ahalbidetu diguten ideia eta balio aurrerakoiak, eta Frantzia gure lurraldea hobetzeko ispilu izan da belaunaldi askorentzat», adierazi du.

Itxasoren iritziz, gaur egun ere aktibo garrantzitsua da Frantzia bai merkataritzaren eta ekonomiaren ikuspuntutik, bai turismoaren ikuspuntutik. Horren harira gogorarazi du Donostiako turismo bulegora hurbiltzen diren turisten artean % 55 frantsesak direla, eta horiei hiria ezagutzen dutenak eta turismo bulegotik pasatzen ez direnak gehitu behar zaizkiela. Duela 20 urte baino gehiagotik, Frantzia Gipuzkoako esportazioen eta inportazioen lehen norakoa da –% 17 eta % 21eko pisuarekin, hurrenez hurren–, eta horrek urtean 7.500 milioi euroko negozio bolumena dakar.  Nolanahi ere, Gipuzkoaren egoera beste lurralde mugakide batzuen egoerarekin alderatuz gero –Nafarroa edo Katalunia, kasu–, harritzekoa da Gipuzkoako hezkuntza eskaintzan dagoen gabezia, ez baitago frantsesak presentzia berezia duen lerrorik hezkuntzan (ez da horrelakorik gertatzen ingelesaren eta alemanaren kasuan). Harritzekoa da, orobat, ikastetxe aleman bat izatea eta, aldiz, ikastetxe frantsesik ez, nahiz eta gipuzkoarrek gustukoen dituzten hizkuntzen artean bigarrena frantsesa den.

Kultura diputatuak adierazi duenez, Aldundiak ez du asmorik ekimen pribatuen edo hezkuntza proiektu pribatuen sustatzaile izateko, «besterik gabe, lurraldeak hizkuntza eta kultura frantsesaren ezagutzari dagokionez duen gabezia egiaztatu nahi izan da». Premisa horietatik abiatuz egin den ikerlanak berretsi egin du ustea, erakutsi baitu badela eskari nahikoa frantsesak protagonismo berezia izango lukeen hezkuntza lerro bat justifikatzeko. Hezkuntza lerro horretan, frantsesa komunikazio hizkuntza izango litzateke beste hizkuntza batzuekin batera. Inkestaren arabera, seme-alabak hizkuntza ikastetxeren batean matrikulatzea aukera gisa ikusten duten gipuzkoarren gehiengoak garrantzia handiagoa emango lieke hizkuntza eta kultura frantsesari.

«Kultura Departamentuak ekarpena egiten jarraituko du ezagutza eta sentsibilitate aukera zabaltzea eta, oro har, Gipuzkoako gizartearen kultura aberastea xede duten honelako ekimenen bidez, ezbairik gabe lurraldearentzako onuragarri izango delakoan», baieztatu du Itxasok.

  

1400