Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Indarrean da egoitzetako protokolo berria, irteerak eta bisitak areagotzen dituena

Indarrean da egoitzetako protokolo berria, irteerak eta bisitak areagotzen dituena

Maite Peña, Gizarte Politika diputatuak azaldu duenez, egoiliarrek astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera dute gaurtik aurrera.

Euskadiko COVID-19aren Koordinazio Organoak atzo adostu zuen protokolo partekatua gaur sartu da indarrean Gipuzkoan, Gizarte Politikako foru diputatu den Maite Peñak akordio horretan jasotzen diren neurriei argi berdea ematen dien foru agindua sinatu ostean. Foru arduradunak azaldu duenez, honi esker lurraldeko adinekoen egoitzetako erabiltzaileek astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera dute gaurtik aurrera, “senideekin eta gertukoekin harremana sendotzeko hain beharrezkoa direnak". Egoitzetako arduradunekin elkartu da gaur goizean foru diputatua telematikoki, gaur sartu diren neurrien berri emateko.

          Ondoren, Peña hedabideen aurrean agertu da, Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera, astero egin ohi den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko prentsa agerraldian. Bertan gogoratu duenez, azken asteetan hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jarduera protokolo bat landu eta adostu dute adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitza zentroetako bisitei eta irteerei dagokienez; izan ere, zentro horietako egoera "nabarmen" hobetu da azken asteetan, alde batetik, erabiltzaileen eta langileen txertaketaren ondorioz, eta, bestetik, komunitateko egoera epidemiologikoak bilakaera ona izan duelako.

Gizarte Politikako foru diputatuak zehaztu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeak azken asteetan lantzen ari diren protokoloak adinekoen eta egoitza zentroen "beharrei eta gaitasunei" erantzuten die. Hori dela eta, "gutxieneko kontaktuak" ezartzeko erabakia hartu da: izan ere, egoerak ahalbidetzen badu, bisitak eta irteerak egunero egin daitezke. Gainera, diputatuak adierazi du orain arte pertsona bakarra sar zitekeela, eta protokolo horrek bi pertsona aldi berean izatea aurreikusten du, eta ez dute beti berberak izan beharko.

Hala ere, foru arduradunak ohartarazi du protokoloan jasotzen diren neurri berriak etenda geratuko liratekeela egoitza dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako 14 eguneko intzidentzia metatua gaindituko balu. "Gipuzkoaren kasuan, irteerak lurraldeko egoitza guztien ondoan sortutako gune seguruetan egiten jarraituko lirateke, paseo horiek modu seguruan eta kontrolatutako gune batean egitea ahalbidetzen dutelako", azaldu du Maite Peñak. Diputatuak joan den ostiralean iragarri zuenez, protokoloaren proposamena martxoaren 5eko LABIra eramango da, bertan berretsi dezaten.

 

Lehen sektorea

Bestalde, gaur ospaturiko Diputatuen Kontseiluan bi diru-laguntza onartu dira, lehen sektorearekin erlazionatutakoak: Nekazaritza ingurumenaren eta klimaren eta Nekazaritza ekologikorakoaren laguntzen 2021 urteko deialdia, alde batetik; eta Mendietako eta muga natural nabarmenak dituzten beste aldeetako konpentsazio ordainetako laguntzen 2021 urteko deialdia. Mendozak azaldu dudenez, bi laguntza lerroak batuta, Aldundiak 4.455.000 euro bideratuko ditu biodibertsitatea sustatu eta nekazaritza ekologikoa indartzera.

Hala, Nekazaritza ingurumenaren eta klimaren laguntzen eta Nekazaritza ekologikoaren laguntzen 2021eko deialdira 1.455.000 euro bideratu dira. Lerro honen helburua da ekoizpen integratua, Euskal Herriko sagardotarako sagarrondoen tokiko barietateen kontserbazioa, bertako abere arrazen kontserbazioa, erlezaintza, mendiko larreen aprobetxamendua eta nekazaritza ekologikoa sustatzea. Iaz, Nekazaritza ingurumenaren eta klimaren laguntzen onuradunak 525 izan ziren; nekazaritza ekologikoaren laguntzen onuradunak, bere aldetik, 130.

Bestetik, Mendialdeetako eta muga natural nabarmenak dituzten beste aldeetako konpentsazio ordainetarako laguntzen 2021eko deialdiak 3.000.000 euroko zuzkidura izango du. Honen bitartez, mendiko zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako nekazariei konpentsazioa ematen zaie. Aldi berean, biodibertsitatea, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen lagunduko da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu eta hobetuko dira. Iaz, laguntza hauen onuradunak 671 izan ziren.

Foru arduradunak esan duenez, neurri hauek lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu aipatutako sektorea garatzen jarraitzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Lehen sektore honek enplegua eta kalitatezko produktuak ere sortzen ditu eta, hau guztiagatik, Foru Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jarri, babestu eta sustatzen jarraitzea”, nabarmendu du Mendozak.

 

Euskara arloko dirulaguntzak

Bestalde, gaurko Kontseiluan onartu dira baita ere Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak kudeatzen dituen dirulaguntza lerroen oinarri arautzaile orokorrak, baita horietako bakoitzaren berariazko oinarriak ere. Honako hauek dira sustatu nahi diren lan lerroak: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak (elkarteak); euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak (udalak); itzulpen praktikak egiteko bekak; eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak (IKT eragileak). Guztira, 962.218 euro bideratu dira laguntza lerro honetara.

Pasa den urtean, dirulaguntza deialdi honi esker, 147 proiektu finantzatzen lagundu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, betiere euskararen sustapenarekin lotutakoak. Euskara sustatzeko proiektu eta jardueren lerroari dagokionean, 40 elkarte lagundu ziren diruz, bataz beste 10.486 eurorekin. Adibidez, Azpeitiko Sanagustin Kulturguneak urtean zehar egin dituen euskara sustatzeko ekintzak (mintza praktikak, dokumentazio proiektuak…). Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planen lerroari dagokionean, 71 udalek jaso zuten laguntza, bataz beste 4.577 eurokoa. Eta, azkenik, IKTak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuen kasuan, alor honetako 36 eragileri lagundu zitzaion diruz, 8.534 eurorekin bataz beste. Esaterako, Zer Berri kultur elkarteak garatu duen Kultur Sharea proiektua, kulturaren arloko euskarazko komunikabidea dena. “Orokorrean, ekimen hauen guztien oso balorazio positiboa egiten dugu eta horregatik, dirulaguntza deialdi honek jarraipena izango du aurten”, esan du Mendozak.

Azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, Euskadiko herritar guztiek hizkuntzaren esparruan dituzten eskubide nagusiak xedatzen ditu, eta, ondoren, eskubide horiek hedatzen ditu bizitza sozialaren esparru guztietara. Legeak, halaber, erakunde bakoitzak dituen eskumenen barruan herritarrenganako hizkuntza politika aintzat har dezaten agintzen die herri administrazioei, besteak beste bizitza sozialaren alor guztietan euskararen erabilera sustatuz. “Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez betetzen du legeak agindutako sustapen lan hori, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei dirulaguntzak emanez”, gogoratu du bozeramaileak.

“Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia eta asmoa da herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea Foru Aldundiaren hizkuntza jarduerak eta euskararen sustapenerako garatuko dituen ekimenak”, esan du. “Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz. Betiere, berdintasunaren ikuspegitik egiten dugu lan: Gipuzkoa desberdinkeriarik gabeko lurraldea izatea nahi dugula esaten dugunean, hizkuntzaren ikuspegitik ere ari gara hizketan”, borobildu du.

 

Martxoak 8

Mendozak erreferentzia egin dio baita ere datorren astelehenean, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunari. “Egun honek testuinguru egokia eskaintzen digu berdintasunaren bidean egindako lorpenak aztertzeko, baita egiteko dagoen guztia azaleratzeko ere. Aldi berean, gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten emakumeen jarduna gogoratzeko abagunea da; haien adorea, jakintza eta determinazioa aitortzeko unea”, esan du foru arduradunak. Eta horixe da hain zuzen ere Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengorako proposatuko duena: gaurko eta etorkizuneko belaunaldien “eredu” izan daitezen, gizartean arrastoa utzi duten emakumezko aitzindarien ekarpena gizarteratzeko konpromisoa hartu du foru erakundeak. “Horretarako, Gipuzkoako zortzi emakume aitzindariren omenez egingo dugun erakusketa jarriko da jauregiaren arkupetan. Honi lotuta, Elbira Zipitriaren omenezko plaka inauguratuko dugu foru Jauregiko Patio Aretoan”, aurreratu du.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du Mendozak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, pasa den ostiraletik ez dago kasu aktiborik eta, langileen kasuan, 8 daude diagnostiko positiboarekin, 5 egoitza ezberdinetan. Eguneko zentroen kasuan, azken astean ez da positiborik atzeman, eta ostiralean hasi ziren erabiltzaileak txertoak jasotzen. Desgaitasuna dutenei arreta emateko baliabideen kasuan ere ez da positibo berririk, eta atzo hasi ziren txertoak jasotzen. Adingabeen arloan ere ez da kasu positiborik atzeman, eta gizarte inklusioan positibo bat jazo da. Bukatzeko, PCR frogei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 113.423 proba egin ditu, hauetatik 1.846 pasa den astean, egoiliarren eta langileen artean.

  

2387