Indartsu hasi da Errenta kanpaina, pasa den urtean baino 3.000 proposamen gehiago onartuta
Indartsu hasi da Errenta kanpaina, pasa den urtean baino 3.000 proposamen gehiago onartuta
Gipuzkoarrek 40.342 proposamen onartu zituzten atzo, kanpainako lehen egunean, 2019ko Errenta kanpainan baino %7,8 gehiago.
2020ko Errenta kanpaina indartsu hasi da Gipuzkoan. Atzo, lehen 24 orduetan, gipuzkoarrek posta edo internet bidez jasotako 40.342 proposamen onartu zituzten, pasa den urtean baino 2.937 gehiago (+%7,8). Kanpaina honetan egin diren 258.334 proposamenen %15,6 dira lehen egunean onartutakoak. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, 34.577 itzultzera izan dira, guztira 38,8 milioi euro, datozen egunetan itzuliko direnak. Gainerako 5.765 aitorpenak Ogasunari ordaintzera dira, 4,9 milioi euro. Bigarren hauen kasuan, ez badira zatikatzen, uztailaren 1ean ordaintzen dira, eta zergadunak zatikatzea aukeratuz gero, %60 uztailaren 1ean eta %40 azaroaren 10ean. Hau guztia kontutan hartuta, kanpainaren lehen eguneko saldoa 33,9 milioi negatiboa izan da.
Mendoza bozeramaileak astero Diputatuen Kontseiluaren ostean eman ohi duen prentsa agerraldian eman du datu hauen berri. Bertan gaineratu duenez, eta onarpen moduari erreparatuta, lehen egunean onartu diren proposamenetatik 34.867 internet bidez baieztatu dira (%86,4), eta gainerako 5.475 telefonoz. “Aste honetan bertan baditugu beste zenbait garrantzitsu: ostegunean, apirilak 15, irekiko da Internet bidez, Zergabidearen bitartez Errenta aitorpena aurkezteko epea. Eta ostiralean, apirilak 16, Ogasuneko bulegoetan egiten den mekanizatuko txanda erreserbatu ahalko da”, zehaztu du. Bulegoek datorren astelehenean, hilak 19, irekiko dituzte ateak.
Mendozak balioan jarri duenez, kanpaina honetan 200 laguneko taldea ari da lanean Ogasunean, “herritarrei ahalik eta kalitate handieneko zerbitzua ematen”. “Pasa den urtean, COVID-19aren pandemia zela eta, nabarmen hazi ziren bide digitalak halabeharrez. Aurtengo kanpainan, bultzada horri heldu nahi diogu, eta Zergabidea plataformari esker berme guztiak dituen zerbitzua eskaini dezakegu, aitortzaileek bide digitalak erabiliz beraien aitorpenak aurkeztu ditzaten”, nabarmendu du. “Honekin batera, ordea, aurrez aurreko zerbitzua ematen jarraitzearen aldeko hautuari eusten diogu, oraindik badaudelako zenbait zergadun zerbitzu honen beharra dutenak. Beraz, gure mezua argia da: teknologia berrien eta bide digitalen aldeko apustua indartzen dugu, baina inor atzean utzi gabe”, amaitu du.
EPE ezgaitasuna
Bestalde, iragarri du gaur goizean Ficoban ari dela egiten ezgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren Enplegu Publikoko Eskaintzaren (EPE) ariketa praktikoa. “Gogoratu duzuenez, azaroan egin genuen froga teorikoa, baita ere Ficoban, eta 152 pertsona zeuden froga hartara deituak. 138 lagunek gainditu zuten froga hura, eta orain ariketa praktikoa egiteko garaia da”, zehaztu du. Hautaketa probaren alde praktiko honek bi zati ditu: lehena gaur Ficoban egiten ari dena, eta bigarrena asteazkenetik aurrera Kursaalean egingo da. “Erakunde bezala, mugarri garrantzitsua da guretzat”, nabarmendu du Mendozak.
EPE honek hiru plaza ditu eta, ohi bezala, azterketa gainditu baina plazarik lortzen ez dutenek, lan poltsa osatuko dute. Deialdia, aipatu bezala, ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako dago erreserbatuta. Zehazki, artxiboko eta zerbitzu orokorretako hiru ofizial plaza dira. Postu honen funtzioak honakoak dira: posta jaso, banatu eta klasifikatu, dokumentuak digitalizatu, fotokopiagailuen mantenu lanak egin, papera banatu, biltegiko materiala eraikineko unitate ezberdinetan banatu, bilera gelak prestatu eta abar.
EPEa aurrera ateratzeko prozesuari erreparatuta, Mendozak elkarlanean jarri du azpimarra. “Prozesu honen arrakastaren gakoa elkarlanean egin izana da, zalantzarik gabe. Hasiera hasieratik, gonbita luzatu genien Atzegi, Gautena, Ortzadar, Gureak, FEVAS eta EHLABE elkarteei; guztiek erantzun zuten positiboki, eta hasieratik parte hartu dute EPE deialdi hau osatzeko prozesuan”, azaldu du. Hauekin batera, ULIAZPI foru erakunde autonomoa eta Aldundiko Gizarte Politikako departamentuaren Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Balorazio Zerbitzua ere funtsezkoak izan direla gaineratu du. “Eragile hauek guztiek ezinbesteko laguntza eman digute, ez bakarrik deialdia osatzerako orduan, baizik eta EPEra aurkeztu diren pertsonen bidelagun izaten”, azpimarratu du.
“Guretzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, egiten dugun mota honetako lehenengo EPEa da, baina izan ditugu ezgaitasun intelektuala duten langileak eta esperientzia beti izan da positiboa. Horrela, ekimen honekin, gure konpromisoa berresten dugu ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunarekin, bereziki laguntza behar bereziak dituztenekin”, azaldu du. “Arlo honetan, erreferente bat bihurtzea gustatu litzaiguke; eta egin dugun lana, inguruko administrazioen eskura dagoela nabarmendu nahi dut, horrelako prozesuren bat egin nahiko balukete”, gehitu du. Gogoratu duenez, Aldundiak duen helburu estrategiko nagusia da Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duen lurraldeen artean kokatzea edo mantentzea, desberdinkeriari ikuspegi guztietatik helduta: desberdinkeria ikuspegi guztietatik: soziala, ekonomikoa, hizkuntza alorrekoa, emakume eta gizonen artekoa… “Beraz, inor atzean utzi nahi ez badugu, argi dago ezgaitasun intelektuala duten pertsonen alde lanean jarraitzeko dugun konpromisoa irmoa dela”, itxi du.
Suhiltzaileen kamioiak
Bestalde, gaur onartu du Diputatuen Kontseiluak kontratazio espedientea onartzea, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzurako bi ibilgailu auto-eskailera birakari automatikoren hornidurarako. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.590.200 eurokoa da, BEZa barne, eta kontratua gauzatzeko epea hamabi hilabetekoa izango da lehen ibilgailua entregatzeko; eta bigarrena, berriz, 2023ko otsailean entregatu beharko da.
Erabakiaren zergatia azaltzerako orduan, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak gaur egun lanean ari diren auto-eskailerak berritzeko beharra ikusi dela esan du Mendozak. “Izan ere, jasan duten erabilera intentsiboa eta, halaber, isurketa kutsagarriei buruzko Europako araudira, makina eta garaierako lanetan aritzekora nahiz lan arriskuen prebentzioari buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko premiak bultzatuta, aipatu Zerbitzuak Irun eta Ordiziako parkeetan erabiltzeko bi auto-eskailera hornitzeko dagokion kontratazio espedientea bideratzeko proposamena egin du”, zehaztu du.
Bozeramailearen iritziz, azken hilabeteetan Gipuzkoan bizi izan diren hainbat gertakarietan ikusi da Gipuzkoak suhiltzaileen zerbitzu oso eraginkorra duela. “Mota ezberdinetako ezbeharren aurrean, erantzun azkar eta eraginkorrak eman dira. Aurrera begira, ordea, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzen jarraitzeko, beharrezkoa da gaur onartzen ari garenaren bezalako inbertsioak egiten jarraitzea”, esan du. Mendozak berretsi duenez, honelako erabakiek argi uzten dute Aldundiak, erakunde bezala, kudeatzen dituen emergentzia zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiten duen ahalegina.
COVID-19 partea
Azkenik, eta astero legez, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzen kasuan, erabiltzaileei erreparatuta, 24 kasu daude Segurako San Juan egoitzan. Denek dute txertoa jasota, asintomatikoak dira eta Eibarko COVID-19 zentroan daude. Langileen kasuan, egun 13 daude diagnostiko positiboarekin, 7 egoitza ezberdinetan. Eguneko zentroen kasuan, azken astean positibo bat atzeman da; ez da positibo berririk desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan; 7 kasu berri daude gizarte inklusioan; eta beste bat adingabeei zuzendutako baliabideetan. PCR proben kasuan, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 118.358 proba egin ditu egun arte.
Txertaketari dagokionez, berriz, bi dosiekin txertatuta daude adinekoen egoitzak, adinekoen eguneko zentroak, desgaitasuna eta osasun mentala. Dosi batekin, eta bigarrenaren zain daude zentro okupazionalak, inklusioa eta adin txikikoen arretarako zerbitzuetako langileak. Adinekoen egoitzak kontatu gabe, egun arte 9.302 txerto jarri dira Aldundiaren gizarte zerbitzuetako erabiltzaileen artean: bi dosiak jasota 3.392 lagun, eta dosi bat jaso dutenak 2.518 lagun dira. “Orain arte bezala, hemendik aurrera ere Osakidetzak markatutako estrategia jarraituko dugu, ahal dugun guztian laguntzen”, azpimarratu du Mendozak.
2453