Ingurumen Departamentuak abian jarri du ontzi hondakinak prebenitzeko bigarren eskola-lehiaketa
Ingurumen Departamentuak abian jarri du ontzi hondakinak prebenitzeko bigarren eskola-lehiaketa
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea 2016ko azaroaren 19tik 26ra bitartean ospatuko da Europar Batasunean, hau dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen egitea aurreikusi du.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen helburuen artean dago herritarrak kontzientziatzea hondakinen sorrerak dakarren arazoari eta hondakinen sorrera prebenitzeko beharrari buruz. Aurten, ontzi-hondakinen prebentzioari jarriko dio arreta berezia. Astearen leloa honakoa da: ontzi gutxiago erabil itzazu!
Gipuzkoako 6 eta 18 urte arteko gazteak sentsibilizatu eta hondakinen prebentzioa eta birziklapenarekiko konpromisoa zabaltzeko asmoz, Ingurumen Departamentuak hondakinak prebenitzeko bigarren lehiaketa abian jarri du. Partaideen adinaren arabera, lehiaketak bi sail izango ditu. Lehendabiziko saila kartel lehiaketa bat izango da, 6 eta 11 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Bigarren sailean berriz, taldeka bideo bat grabatu beharko dute 12 eta 18 urte arteko ikasleek.
Aitorpena merezi izan duten lanen zerrenda Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan argitaratuko da. Epaimahaiak kartel edo bideo bakarra sarituko du kategoriako, eta horiek bere lanaren aitorpen gisa Tablet bat jasoko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua, ikastetxeekin batera, hondakinen prebentziorako eta gaikako bilketarako kanpainak egiten ari da urtero, 2007az geroztik. Kanpaina horien bitartez, ikastetxeek prebentzioaren eta hondakinen birziklatzearen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte, eta Ingurumeneko Departamentuak ikastetxeen esku jarri ditu zenbait baliabide: gaikako bilketarako edukiontziak, liburuxkak eta kartelak, konpostagailuak, boc’n rollak, eta hondakin ezberdinak prebenitzeko gomendio multzo bat, horien artean ontzi-hondakinak.
1635