Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ingurumen Departamentuak Gipuzkoako enpresetan ekonomia zirkularra neurtzeko tresna bat sustatu du.

Ingurumen Departamentuak Gipuzkoako enpresetan ekonomia zirkularra neurtzeko tresna bat sustatu du.

GK Recycling birziklatze klusterrak urteko foroa egin du, Gipuzkoan ekonomia berdea indartzeko helburuarekin, eta tresna bat aurkeztu du, lurraldeko enpresen garapen jasangarriaren eta zirkulartasunaren maila aztertu eta diagnostikatzeko.

2021/03/24

Ingurumen Departamentuak % 16 handitu du ekonomia zirkularraren arloko jardueretarako ematen dituen dirulaguntzen zenbatekoa.

José Ignacio Asensio: "Gipuzkoa erreferente nazionala da birziklatze eta berrerabiltze arloan. Sektorea bultzatzeko aukera paregabea dugu, ekonomia zirkularraren eragile ekonomiko gisa, enplegua sortzeko eta gaur egun bizi dugun krisi sozial, sanitario eta ekonomikorako irtenbide berdea emateko ".

Gaur goizean, GK Recycling berrerabiltze eta birziklatze klusterraren urteko foroa izan da EHUko Carlos Santamaria liburutegian. Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok inauguratu du jardunaldia, Klusterreko xx enpresa baino gehiagoren aurrean: "Gipuzkoa erreferente nazionala da birziklatzearen eta berrerabiltzearen arloan. Herritarren artean oso kontzientziazio maila handia eta hondakinak tratatzeko azpiegiturak izateaz gain, sektore horretan Gipuzkoak duen indargune nagusietako bat enpresen ekosistema da, sistema sendoa eta hazkunde esponentzialean ari dena baita. Birziklatzera dedikatzen diren 75 enpresa baino gehiago ditugu, eta lurraldeko BPGaren ia % 7 osatzen dute "

Foroan tresna berritzaile bat aurkeztu da, hasiera batean GK Recycling klusterreko enpresen eskura jarriko dena. Tresna hori, behin testatuta eta optimizatuta, beste enpresa eta sektore batzuetan ezarri ahal izango da. Tresna metodologiko bat da, Gipuzkoako enpresen garapen jasangarriaren eta zirkulartasunaren maila aztertzea eta diagnostikatzea ahalbidetzen duena, lau adierazle motaren bidez. Ingurumen adierazleek irizpide energetikoak eta lehengaien, hondakinen eta uraren fluxuak aztertzen dituzte, eta aukera berriak identifikatzeko balioko dute, ekodiseinuan, sinbiosi industrialean eta zerbitizazioan. Gizarte adierazleek enpleguaren, aniztasunaren eta berdintasunaren ikuspegitik neurtzen duten enpresaren zirkulartasuna. Adierazle ekonomikoek enpresaren fakturazioaren eta banatutako balioaren jarraipena egiten dute. Eta, azkenik, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lotutako adierazleak ditu baita ere: horiek Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 17 helburuetako bakoitzari dagokionez enpresak duen atxikitze maila aztertzen dute, eta, halaber, enpresak helburu horietan eragiteko duten gaitasuna eta inpaktua.

Bestalde, Ingurumen Departamentuak udalei, mankomunitateei, irabazi asmorik gabeko erakundeei eta enpresei zuzendutako ekonomia zirkularreko jardueretarako 2021eko ekitaldiko diru laguntzen deialdia aurkeztu du. Dirulaguntza horien helburua da hondakinen prebentzio, berrerabiltze eta birziklatze proiektuak bultzatzea, bai eta bioekonomiako proiektuak eta garbiguneak egokitzeko proiektuak ere. Dirulaguntza horietara bideratutako zenbatekoa  750.000 €-koa izan zen 2020an, eta 875.000 €-ra igo da aurten; haxe esan du Asensio foru diputatuak: " % 16 handitu dugu lurraldeko erakundeetan ekonomia zirkularra sustatzera bideratutako aurrekontua; izan ere, hauxe da unea sektore guztietan eta gobernu politika guztietan berdetasunaren eta zirkulartasunaren irizpidea txertatzeko ahaleginak sendotzeko".

Naturklimak, klima-aldaketaren aurkako borrokarako foru fundazioak, ekonomia zirkularra sustatuz klima aldaketaren aurkako borrokan enpresek dituzten erronkei buruzko bigarren edizioa aurkeztu du. Programa honen helburua da Gipuzkoako lurraldeko enpresa txiki eta ertainei laguntzea, beren eguneroko funtzionamenduan dituzten erronkei aurre egiten. Horretarako, laguntzen zaie talentu bilatzen, bai enpresan bertan, bai enpresetatik kanpo, horrela lehiakortasuna hobetzeko eta negozio ideia berriak sortzeko aukerak ugaritzeko, betiere klima aldaketari aurre egiteari begira.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoak indar handia du birziklatzearen eta berrerabiltzearen arloan: "Nabarmenarazi behar dugu sektoreak duen garrantzia, ekonomia zirkularraren eta enplegu berdearen motor ekonomiko gisa". Gainera, gogorarazi du Ingurumen Departamentuak konpromiso sendoa hartua duela, sektorea bultzatzeko, babesteko eta ikusarazteko. "Enplegua sortzeko sektore estrategikoa da, eta hazkunde ekonomikorako potentzial handia du".

Gipuzkoan, birziklatze sektoreak 401.484.000 euro fakturatzen ditu urtero, eta 5.295 pertsonari ematen die lana. 2016an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatutako Gipuzkoako Klusterra sortu zen, 6 enpresa partaide zituela. Une honetan, 'GK Recycling' 75 enpresa eta erakundek baino gehiagok osatzen dute: ekonomia zirkularrarekin lotutako enpresak, elkarteak eta fundazioak, unibertsitateak eta teknologia zentroak, eta ingurumen-aholkularitzak daude atxikita. Asensiok azpimarratu duenez, 2030erako helburua kopuru horiek bikoiztea da: "Aukera paregabea dugu sektorea bultzatzeko, Ekonomia Zirkularraren barruan eragile ekonomiko gisa, enplegua sortzeko eta gaur egun bizi dugun gizarte, osasun eta ekonomia arloko krisiari irtenbide berde bat emateko".

Klusterrak birziklatzearen eta berrerabiltzearen hazkundea sustatu nahi du, herritarren eta, oro har, enpresen arteko ohiko praktika bihur dadin. Ekonomia zirkularraren garapen progresibo erreal bat lortu nahi du, sektoreak Gipuzkoan ekonomia eta enplegu berdea sortzeko motor gisa duen ahala indartuz. Aurkeztutako tresna berriaren helburua da ekonomia zirkularraren eredua Gipuzkoako ahal den erakunde guztietan finkatzea. Ekonomia zirkularraren ereduak indartu egin behar du Gipuzkoan duen presentzia, hondakinen kontzeptua gainditu eta hondakinak industriarako baliabide berri bihurtuko dituen eredu baterantz aurrera eginez, hori baita lehengaietan eta energia kontsumoan aurrezteko alternatiba eraginkorrena. Hori guztia emisioak murrizteko eta Gipuzkoan eredu aurreratu bat eratzeko,  garapen jasangarri, aberastasuna eta enplegua uztartuko dituen estrategia baten barruan, enpresen, administrazioen eta gure lurraldeko herritarren arteko lankidetzaren bitartez.

  

1794