Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ingurumeneko Departamentua gazteekin elkartu da klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta haien proposamenak jasotzeko

Ingurumeneko Departamentua gazteekin elkartu da klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta haien proposamenak jasotzeko

Jardunaldiak helburu nagusitzat du klima aldaketaren inguruan sentsibilizatzea, gaia ezagutaraztea eta aurrera egitea.

Mónica Pedreira: “Gazteen ikuspegia ezinbestekoa da klima aldaketaren arazoari aurre egiteko konponbideak martxan jartzeko”.

“Generation Z & Climate Change” topaketak IES Orixeko eta ikasle trukea egiten ari diren Flandeseko 35 ikasle bildu ditu Aquariumean.

Jardunaldiak helburu nagusitzat du klima aldaketaren inguruan sentsibilizatzea, gaia ezagutaraztea eta aurrera egitea.

Mónica Pedreira Ingurumeneko Zuzendaria IES Orixeko gazteekin eta ikasle trukea egiten ari diren Flandeseko ikasleekin elkartu da klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta zuzenean ezagutzeko gazteek zer iritzi duten eta zer nolako proposamenak dituzten planetako ingurumen erronka nagusiari aurre egiteko. Jardunaldian 35 ikaslek parte hartu dute, IES Orixeko eta ikasle trukea egiten ari diren Flandeseko gazteek. Donostiako Aquariumean egin da gaurko topaketa eta bihar, Ekogras-Eko3r eta EkoREC enpresak bisitatuko dituzte.

Jardunaldiak helburutzat du, besteak beste, ezagutzea “Z belaunaldiko” gazteek nola hautematen duten klima aldaketaren arazoa, zein den gaiarekiko daukaten ezagutza maila, nondik jasotzen duten horren inguruko informazioa, zer jarrera eta jokabide daukaten erronka horrekiko, ba ote duten egoera hobetzen lagunduko duten jokabideak aldatzeko aldez aurretiko jarrerarik, eta zer jarduera proposamen egiten dizkioten administrazioari arlo horretan. Topaketa bi egunetan zehar egingo da, gaur hasi da eta bihar, otsailak 28an bukatuko da. Gaurko egunean, “Terra” dokumentala proiektatu da, arreta jartzeko gaur egungo gizarteak berokuntza globalari lotuta dituen erronka nagusietan. Ingurumeneko Zuzendariak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundia arazoari aurre egiteko zer estrategia eta jarduera ari den martxan jartzen. Ondoren, parte-hartze dinamikoko tailer bat egin da, eta, hari esker proposamen ugari bilduko dira. Proposamen horiek Departamentuan aztertuko dira, eta, ondoren, arlo horretan egin asmo diren ekintza planetan eta sentsibilizazio kanpainetan sartuko dira. Biharko egunean, ikasleek Ekogras-Eko3r eta EkoREC enpresen instalazioak bisitatuko dituzte. Ekogras-Eko3r enpresan etxeko olioaren birziklatze arloan duen lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute; bigarren belaunaldiko biodieselean eraldatzen dute edo produktu berrietan. EkoREC enpresan berriz, PET plastikoaren birziklatze prozesua zein den ikusiko dute.

Gazteekin egindako topaketa hau Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoan lehen aldiz martxan jarri duen Klima Aldaketaren Aurkako Ekintza Programaren parte da, abiarazi dena Klima 2050en (Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategia) definitutako estrategiak tokian-tokian garatzeko asmoz. Klima aldaketari buruzko foru programa honen xedea da laguntzea lehengaien eta erregai fosilen kontsumoa gutxitzen, isurketak murrizten, eta laguntzea, halaber, klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen. Ildo horretan kokatzen dira, hain zuzen, departamentuak argindarra aurrezko sustatzen dituen politikak (Argitu programa), eraikuntza publikoetan energia berriztagarriak ezartzeko sustatutakoak, hondakinen prebentziorako garatutako estrategiak eta Birziklatzearen Klusterra. Jarduera horiek Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzeko plan batekin batera doaz.

Pedreirak nabarmendu duenez, klima aldaketa “arazo globala da, baina tokiko konponbideak behar ditu, eta belaunaldi berrien papera ezinbestekoa da horretarako”. Gainera, adierazi du politika horiek guztiek bat egiten dutela etorkizunean martxan jarriko den Gipuzkoako Klima Aldaketaren eta Energia Berriztagarrien Zentroaren xedearekin eta haren parte izango direla. Zentro hori Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sustatzen duen proiektu estrategikoetako bat da.

 

  

1536