Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro emango ditu Gipuzkoan energia-pobreziari aurre egiteko eta energia berriztagarriak sustatzeko

Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro emango ditu Gipuzkoan energia-pobreziari aurre egiteko eta energia berriztagarriak sustatzeko

Zortzi garapen agentziek, Gipuzkoako 89 udalerritik 81 ordezkatzen dituztenak, planak eta ekintzak garatu dituzte energia-trantsizio iraunkorra bultzatzeko.

2020/05/18

José Ignacio Asensio: “Orain, inoiz baino gehiago, COVID19ren ondorengo egoera ekonomikoan, energiaren ikuspegi sozialerantz aurrera egitea beharrezkoa da, pertsonak erdigunean kokatuz eta herritarrengandik gertuen dauden erakundeak kontuan hartuz”.

Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro jarriko ditu Gipuzkoako pobrezia energetikoari aurre egiteko eta eskualdeetan eredu energetiko jasangarriagoa sustatzeko. José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena eta Beterri Buruntza eskualdeek gaur goizean sinatutako hitzarmenaren bidez gauzatu da proiektua. Eskualdeko energia planak garatuko dituzten Gipuzkoako 8 eskualde horien bitartez, Foru Aldundiaren ekimena Gipuzkoako 89 udalerrietatik 81era iristen da.

Hitzarmenaren helburua Gipuzkoako energia jasangarritasunerako estrategia zabaltzea da eskualdeetako energia planak bultzatuz. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 50.000 euroko ekarpena egingo dio eskualde bakoitzari. Ingurumen Sailaren helburua da Gipuzkoako eskualde guztiek beren energia-plana izatea, eta, hala, lurraldeko energia-jasangarritasunerantz aurrera egitea, GK 2050 Gipuzkoako klima-aldaketaren estrategian ezarritako helburuekin bat eginez. Orain arte, 8 eskualde gipuzkoarrek dute beren Energia plana. Orain, erronka Txingudi eta Urola Kosta eskualdeak eta Donostia hiria barneratzea da eta horrela,  lurraldearen %100era iristea.

Garapen agentziek burututako ekintzak hiru jarduera eremutan oinarritzen dira nagusiki: lehena, sentsibilizazioa, prestakuntza eta komunikazioa herritarrentzat, oro har, eta, bereziki, beste kolektibo batzuentzat (etxeak, enpresak eta saltokiak).   Jarduera eremu horretan, 50/50 proiektua nabarmendu behar da, Tolosaldean, Oarsoaldean, Urola Garaian eta Urola Erdian garatzen ari den ekimena, ikastetxeetan energia kontsumoaz jabetzea sustatzen duena, hezkuntza komunitate osoa inplikatzeko aurrezpen- eta efizientzia-neurriak abian jartzen.

Bigarren jarduera eremua pobrezia energetikoaren aurkako borroka sustatzea da. Horri dagokionez, Beterri-Buruntzak eta Tolosak eskualdean pobrezia energetikoaren aurkako diagnostikoak eta planak garatuko dituzte, eta Urola Garaiak prestakuntza programak egingo ditu udaletako teknikari eta ordezkarientzat, baita horientzako bisita teknikoak antolatu ere. 

Azkenik, hirugarren jarduera eremua da energia eraginkortasuna sustatzea eta energia berriztagarriak bultzatzea sektore publikoan (udal bulegoak eta argiteria publikoa), lehen sektorean (nekazaritza ustiategiak), hirugarren sektorean (saltoki eta establezimendu turistikoak) eta industria txikietan. Eremu horretan, Debagoieneko eta Debabarreneko proiektuak nabarmendu behar dira, energia eraginkortasuna hobetzeko azterlanak, eta eraikin publikoetan, mikroenpresetan eta merkataritza establezimenduetan energia berriztagarriak ezartzeko bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko azterlanak eginez.  Baita Goierriren ekimena ere, udal lurzoru eta eraikinetan energia fotovoltaikoa instalatzeko potentziala aztertzekoa.  Urola Erdiak inguruko industrialdeetan energia berriztagarrien bidez energia eta beroa sortzeko ahalmena aztertzeko proposamen bat aurkeztu du.  Urola Garaiak eskualdeko udalek betetzeko estrategia bat idaztea eta mugikortasun elektrikoari buruzko azoka bat antolatzea planteatzen du; eta Goierrik azterketa bat egingo du eta mugikortasun iraunkorraren aldeko bultzada sustatuko du.

Hitzarmen hauen helburua estrategia bateratu bat sustatzea da, Gipuzkoako gizartean pobrezia energetikoa gutxitzeko eta prebenitzeko, mendekotasun energetikoa murrizteko, eta gero eta CO2 isurpen gutxiago sortzeko Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, Ingurumeneko Departamentuak garbi izan du beti oraingo sistema energetikoa osatzen duten elementuak aldatzeko eta karbono-urriko energia eredura trantsizioa bultzatzeko, tokiko edo eskualdeko ekintza plano batera jaitsi behar dela, lan eginez kontsumo puntuetatik eta autokontsumorako iturri berriztagarriak kokatzen diren lekuetatik gertu, eta pertsonengandik gertu dauden entitate eta erakundeen bidez. Honen inguruan Asensiok adierazi du «plan horien bitartez energia planifikatu eta kudeatu ahal izango da eskualde esparruan, eta eskualdeetako eredu energetikoaren aldaketa sustatu, Gipuzkoan Klima Aldaketari Aurre Egiteko Estrategian jasotzen denaren arabera».

Hitzarmena gaur goizean sinatu dute Iker Urruzola, Tolosaldea Garatzen Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria eta Zizurkilgo alkateak; Koldobike Olabide, Urola Garaiko Uggasa Garapen Agentziako zuzendari eta Legazpiko alkateak; Javier Zubizarreta, Iraurgi Berritzen Urola Erdia Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria eta Azkoitiko alkateak; Fernando Nabreda, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako zuzendari gerenteak; Juan Angel Balbás, Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari gerenteak; Iker Galparsoro, Goieki Goierri Eskualdeko Garapen Agentziako zuzendariak; Maite Antón, Debagoieneko Mankomunitateko presidentea; eta Mª Jose Izagirre, Beterri-Buruntza Mankomunitateko presidenteak.

  

1564