Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ingurumeneko Departamentuak deskarbonizazioa bultzatzen du Gipuzkoako enpresekiko estrategia bateratu batekin

Ingurumeneko Departamentuak deskarbonizazioa bultzatzen du Gipuzkoako enpresekiko estrategia bateratu batekin

Deskarbonizazioaren bigarren jardunaldiak Gipuzkoako enpresetako karbono aztarna zehazteari helduko dio.

2022/02/10

Ingurumeneko Departamentuak eta Adegik, Ikeirekin eta Tecnaliarekin lankidetzan, estrategia bat bultzatzen dute Gipuzkoako ekonomia deskarbonizatzeko, non lurraldeko 60 enpresak baino gehiagok parte hartzen duten.

Deskarbonizazioaren bigarren jardunaldiak Gipuzkoako enpresetako karbono aztarna zehazteari helduko dio.

José Ignacio Asensio: “Datorren hamarraldia erabakigarria izango da Gipuzkoa kokatzeko, eta deskarbonizazioaren eta ekonomia berdearen erronka aukera-iturri eta kalitatezko enpleguaren sorkuntza-iturri bihurtzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Adegik, Ikeirekin eta Tecnaliarekin lankidetzan, prozesu bat abiarazi dute Gipuzkoako ekonomia deskarbonizatzeko estrategia bat sustatzearren, enpresei ahalbidetuko diena beren emisioak murriztea, ekonomia berdeak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea, eta lurraldeak 2050ean klima-neutraltasunaren helburua lortzea. 60 enpresa baino gehiago batu zaizkio prozesu horri, ezinbestekoa baita erantzuteko, alde batetik, produktu eta zerbitzu gero eta jasangarriagoen eskariei, eta bestetik, Klima Aldaketaren Lege berriaren arauzko eskakizunei, zeinak aurreikusten baitu betebehar bat enpresen karbono aztarna kalkulatzeko, hura publiko egiteko, eta bere emisioak murrizteko planak ezartzeko.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “Datorren hamarraldia erabakigarria izango da Gipuzkoa kokatzeko, eta deskarbonizazioaren eta ekonomia berdearen erronka aukera-iturri bihurtzeko”. Asensiok adierazi duenez, “ezinbestekoa da urratsak egitea estrategia bateratu bat definitzeko eta ibilbide-orri bat ezartzeko, enpresak lehiakorragoak izan daitezen, eta Gipuzkoak aurrera egin dezan garapen jasangarriaren helburuetarantz eta ongizate nahiz berdintasun handiagoko gizarte baterantz. 

Testuinguru horretan, deskarbonizazioaren bigarren jardunaldiak lantegi praktiko bat garatuko du, zeinean, parte hartzen duten enpresek aukera izango baitute ezagutzeko zer prozesu erabiliko den alderdi hauek zehazteko: beren antolakundeetako karbono aztarna eta horren inplikazioak, prozesu hori garatzeko metodologiarik eraginkorrena, eta ekonomia- eta industria-sektoreek prozesu horri dagokionez duten egoera. Oinarri horien gainean, zenbait proiektu pilotu ezarriko dira deskarbonizazio prozesuan aurrera egiteko, aldi berean beste enpresa edo sektore batzuentzat erreferentzia izan daitezkeenak. Era berean, definituko dira enpresek zer informazio-behar dituzten eta informazio hori nola egituratuko den, errazago eskuratu, erabili eta aplikatzeko.

Lantegiaren emaitzak, hainbat sektoretako enpresa esanguratsuetan egindako elkarrizketekin batera (Arcelor Mittal, Azti, Salto, Orona, Ibermatica, Plastigaur, Kutxa Fundazioa, Campezo, CAF, Irizar, Cementos Rezola, Iparlat, BBVA eta Uvesco, besteak beste), baliagarriak izango dira ibilbide-orri komun baten oinarriak ezartzeko, enpresei energia- eta ingurumen-trantsizio bat egiten laguntzearren, aukera emango diena beren berotegi-efektuko gasak (BEGak) % 40 murrizteko, 2030erako, modu lehiakor batean murriztu ere. Ibilbide-orri horrek ezarriko du zein inbertsio-seinale eta hedapen teknologiko beharko diren datozen urteetan, helburu horiek betetzeko.

Azken helburua da CO2 emisioak % 90 murriztea eta klima-neutraltasuna lortzea 2050a baino lehen, energia-kontsumo guztiz berriztagarri batekin eta energia-efizientzia nabarmen areagotuta. Eraldaketa horrek berekin dakar egiturazko aldaketa bat, eta aukera bat Gipuzkoako industriaren balio-kate osorako lehiakortasun hobekuntza bat ekar dezaketen teknologiak garatzeko eta aplikatzeko, eta gainera, eragin positibo bat osasunean, aniztasunean eta klima-aldaketa arintzean.

Asensiok azpimarratu duenez, “trantsizio ekologikoa, tresna eta politika egokiekin, aukera lehiakor bat da, Gipuzkoak balia dezakeena eta baliatu behar duena, ezinbestekoa baita herritarren ongizatea eta gazteentzako etorkizuneko aukerak bermatzeko“.

  

1586